“Denbora luzetxo batez disfrutatu nahi dut”

18:56 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Argazkia: Javi Urola

Lehenik eta behin, zer moduz zaude?

Azkeneko txanpan jada hobeto, lan-saioetan sentsazioak hobeak izaten ari dira. Nahiz eta oraindik, erritmoa falta zaidan. Baina taldearekin entrenatzen egoteak jada asko esan nahi du. Batzuetan belauneko, edo beste edonongo, molestia txiki batzuk edukitzen ditut, ze azkenean denbora asko geldik egonda beste zona batzuk kargatu egiten dira. Hala eta guztiz ere, sentsazio nahiko onak ditut.

[Bere minututxoak izan zituen pasa den jardunaldian, Rayo Vallecanoren aurka. Azaroaren 30ean lesionatu eta menisko hezurrean ebakuntza egin ostean, lau hilabetez zelaietatik at egon da Maialen Zelaia. Eskarmentu handiko jokalaria bihurtu da donostiarra, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren lesioarekin nahikoa –eta gehiago- sufritu baitzuen orain gutxi. Hamalau hilabete baloiarekin disfrutatu gabe igaro zuen, behin baino gehiagotan operazio-gelara itzuliz. Hori guztia atzean utzi eta berdegunean dugu jadanik, taldeari laguntzeko ilusioz. Pena bakarra dauka, denboraldia bukatzeko neurketa gutxi falta direla.] 

Harmailetatik taldearekin nahikoa sufritu ondoren, ze sentsazioa utzi dizu, orain arte, taldeak?

Egia da harmailetatik asko sufritzen dela –hori zuek badakizue-. Nik uste dut bigarren itzuli honetan partidu onak jokatu izan ditugula, batez ere goian ibiltzen diren taldeen aurka. Pixkanaka gauzak aldatzen doaz, eta baloiarekin lasaitasun gehiago eduki behar dugu. Baina puntuak hortxe daude, lehen itzulian baino puntu gehiago baditugu behintzat. Sant Gabrielen aurkako partidua ez zen bat ere ona izan, baina garrantzitsuena puntuak lortzea izanik, eta lortu genituenez, bada pozik. 

Forma onean hasi zenuen denboraldia, taldeko giltzarri bilakatu zinen baloiaren jabetza handiagoaz gozatzen zenuelarik. Lesio larriaren ondoren, beste era batera bizitzen zenuen jokoa? 

Betidanik aurrelari eta erdilari aurreratu postuak gehien gustatzen zaizkidanak dira. Aurrelarien atzetik jokatzean baloi gehiago ukitzen duzu eta hori gustatzen zait. Parte hartze gehiago edukitzen duzu . Pixka bat forma hartzen ari nintzenean eta lesio luzearen ostean gustura ari nintzenean, beste honako hau iritsi zen. 

Errekuperatzen ari zinela zirudienean, ebakuntza-gelara. 

Argazkia: Javi Urola
Lotailu gurutzatuaren lesioa oso luzea izan zen eta denbora luze horretan asko ikasten da. Lesio bat nola eraman behar den, esaterako. Hasieran asko kostatu zitzaidan, beti esan dut. Eta bukaera aldera jada ohartzen zara lesioa modu batean hartuz gero, beste modu batean eramaten dela. Hobeto eramaten dela, “positiboki” eramaten dela (komatxoen artean, jakina). Eta azkenean hamalau hilabete lesionatua egon ostean, bost-sei hilabetean forma hartzen, ondoren futbolean aritzen, disfrutatzen… Eta berriro, hara, beste ebakuntza bat… Momentuan beheraldia sumatzen duzu: “Berriz ere?”. Baina, esaten nizun moduan, azken lesio hau beste modu batean hartu dut eta banekien errekuperazioa motzagoa zela, agian errazagoa. Ikasi egin dut, nolabait, eta modu hobeagoan eraman dut. Baina momentu txarrak ere izan ditut, e!

Norbaitek begizkoa egin dizula pentsatu al duzu?

(Barreak) Brometan esan izan dut, bai. Nik uste dut amak gehiago pentsatzen duela norbait hor atzetik mina eman nahian dabilela. Baina gertatzen diren gauzak dira eta urte guzti hauetan ez zait ezer gertatu, eta une batean guztiak etorri dira. 

Pentsatu al zenuen zure ibilbidearen amaiera zela?

Lotailu gurutzatuarekin hamar hilabetetan-edo pentsatu izan dut. “Sendatuko naiz? Ez naiz sendatuko?”, galdetzen nuen. Baina nahiko burugogorra naiz eta ez nuen horrela bukatu nahi nire futbolari ibilbidea. Eta azken lesio honekin ere ez dut pentsatu amaieraz. Oraindik jokatzeko asmoarekin nago eta, behintzat, denbora luzetxo batez disfrutatu nahi dudala ziur daukat; eta ez hiru hilabetez. 

Hainbat eta hainbat aholku jasoko zenituen. Onena zeinek?

Lesionatua dagoen pertsona batekin zaila da nola gerturatu jakitea, hitz egokiak bilatzea. Baina, egia da, azkenean, denbora luze honetan maite dituzun pertsonak hortxe daudela, lagundu egiten dizutela eta une txarrenetan beti daukatela hitz egokiren bat, edo besarkada bat edo animo hitzak. Eta hori eskertzekoa da, zeren eta horrelako momentuetan hitz horiek, babes keinu horiek, indarberritu egiten zaituzte. 

Beti esan dut gurasoak direla zurekin gehien sufritzen dutenak eta beraiek direla altxa egiten zaituztenak. Eta gero, lagunak, Tximist, fisioterapeuta… Azkenean errekuperazioan laguntzen dizuten pertsona guztiak.

Argazkia: Imanol Urkiri
[Lesioa alde batera utziz –nabari zaio jada horri buruz asko hitz egin duela eta, hein batean, nekaturik dagoela-, taldearen helburuez mintzatzera egin genuen jauzi. Rayo Vallecanoren aurka galdu ostean, Maialen Zelaiak eginiko aieru guztiak pikutara joan ziren. Puntuatzea espero zuen madrildarren aurka, hala Koparako aldea murrizteko. Orain, sei jardunaldiren faltan –ondo zenbatuak zituen- erronka zaila dirudi zortzigarren postura iristea (bederatzi puntura dago), baina gutxiengo esperantza gordea dauka: “Behintzat partidu bat gehiago jokatzeko”. Badaki, ondo jakin gainera, hainbeste ilusio eragiten dion xedea lortzeko neurketa guztietan puntuak eskuratu behar dituztela eta, horrekin batera, aurkari zuzenen porrotak eman behar direla.]

Ez zinateke asebeteko, denboraldia hain gaizki hasi ondoren, bukaeran borroka horretan egotea, nahiz eta sailkatu ez?

Nire aldetik, ez. Horrek inpotentzi puntu bat sortzen dizu. Azkenean, badakizu lehenengo itzuleran ez ditugula gauzak ondo egin, ez dira partiduak atera eta puntu gutxi lortu ditugu. Eta nik uste dut, daukagun taldea edukita hor goian egotea posible dela zalantzarik gabe. 

Azarotik otsailera bitarteko neurketetan, zorteak ez du lagundu edo ez duzue zortea ongi bilatu? 

Esaten omen da zortea bilatu egin behar dela. Baina beste faktore askok eragin zutenaren ustea daukat. Puntu faltan egonda, konfiantzarik gabe, irabazten hasi, atzean sartu eta gola jasotzea golpe galanta da. Eta horrek buruan eragina du, nahiz eta jakitun izan gauzak ondo egiten ari zarela, ondo entrenatzen ari zarela, baina zera, puntuak ez dira iristen. Konfiantzarako ez da erraza. Neurketa batean gertatzea, ados; baina beste batean, eta hurrengoan, eta hurrengoan… Azkeneko partiduetan alderantziz gertatu da: Oviedoren aurka guk eman genion buelta, Sant Gabrielen aurka ere bai, Huelvan ere… Agian puntuak berdinak dira, baina alderantziz gertatze horrek altxa egiten zaitu. Eta behintzat, behingoz, guri egokitu zaigu. Zortea? Azkenean zerbaitengatik gertatzen da. 

Eta noiz hasi da taldearen benetako hobekuntza?

Bigarren itzulera honetan hobekuntza nabari da; intentsitatean eta lehiatzeko orduan, batez batik bat. Egia esan, normalean, talde honek bigarren itzuleran emaitza hobeak lortzen ditu hasieran baino. 

Bartzelonaren aurka hain ondo lehiatu ostean, Sevilla eta Transportes Alcaineren aurka galtzea… 

Beti esaten da, eta nik uste kirolari guztiak ados gaudela horretan, talde batzuk gehiago motibatzen zaituztela. Nahiz eta ez luke horrela izan behar, halaxe da. Athletic aurrez aurre edukitzean, amorru asko pizten dizu. “Ei, Athletic da!” esan ohi da. Eta Bartzelonarekin berdina. Halaxe dira gauzak. Badakizu askoz gehiago eman behar duzula eta horrek indarra ematen dizu, taldekideei helarazten diezu eta horrek taldeari plus bat ematen dio. Gero, printzipioz, talde txikiagoak direnak etortzen dira eta agian erlaxatuago irteten gara. Uste duzu errazago irabaziko duzula, baina ez da horrela. Eta azkenean partidu horietan atera behar dira puntuak, ze besteetan normalena da punturik ez eskuratzea. Horretan ikasi behar dugula? Ba bai. Baina urteroko gauza berdina da. 

Argazkia: Ane Urkiri
Baliteke esperientzia handidun jokalarien hutsunea nabaritu izana?

Taldea oso gaztea da eta une askotan, agian, falta izan da malezia, esperientzia, puntu hori. Baina nik uste dut, jende gaztea izan arren, esperientzia pixka bat badutela. Adibidez, Nahikari oso gaztea da, aurreko urtean iritsi zen baina beste maila batean ibili da eta esperientzia hori badauka. Nahiz eta jokalari gazteak eduki, horiek beraien ardura hartzen ari dira eta igartzen da. Dena den, askotan behar izan dugu beteranoen plus hori. 

Realak, klub bezala, hobekuntzak egin ditu emakumezkoen taldearekin. Gizartean igarri duzu hobekuntzarik? 

Aurrerapausoak eman direlakoan nago. Oraindik pila bat falta da maila batera iristeko, baina azken aldian komunikabideetan oihartzun handiagoa dauka. Are gehiago Munduko Koparekin. Emakumeak erakusten ari dira kirolari onak direla –edo garela- eta pixkanaka denon artean eman behar dira pauso horiek. Bai komunikabideak, bai jendea… Gure –denon- esku dago hori guztia. 

Ez al duzu nabaritzen bai hedabideak, bai zaleak emaitza onen arabera jokatzen dutela?

Hori nik uste kirol guztietan gertatzen dela, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Taldea ondo doanean ikusteko motibazio gehiago daukazu. Gauzak ondo daudenean gehiago deitzen du, eta nola jokatzen duten ikusteko intriga pizten dizu. Txarto doanean, ordea, jendea apatikoago dago. 

Mundialeko kontuarekin jarraituz, komunikabideetako presentzia gauza puntuala da? Irailean igarriko da hobekuntza edo atzerapausoa emango dugu? 

Ez dakit, baina nik uste dut Munduko Kopa hor edukita, aprobetxatuz horretaz hitz egingo dela eta telebistaz ikusteko aukera izango dugula, hari horretatik tenkatuz segitu egin behar dela. 

Jarraitu egin behar da, baina egingo da?

Zaila ikusten dut (barre artean)

Euskal Herria, agian, jende gehien mugitzen den lekua da. Euskal Federazioa hor dabil. 

Hemen mugitzen ari dira eta hor daude partidu horiek. Maiatza aldera beste partidu bat egiteko asmoa dagoela esaten da, ez dakit ezer ziur, baina hori hala bada, ederki. Neurketa oso politak dira, emakumeen kirola babesteko edo indarra emateko balio duten horietarikoak.




0 comentarios: