Jose Alvarez: "Egoera guztietan jokatzen jakin behar da"

20:23 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Argazkia: Imanol Urkiri
Euskal Selekzioa eta Kataluniaren arteko neurketa historikoa amaitu bezain laster Jose Alvarez oso hunkituta agertu zen, “hain ondo jokatzeagatik”. Ez zen bat ere erraza Lasesarreko zelaian jokatzea euri zaparradak eragindako ondorioengatik. Ez zen gelditu neurketa guztian, eta gainera, atsedenaldian areagotu egin zen. Honen ordaina, baloiaren ibilbidea geldiarazten zuten hainbat putzuk. Alvarezek, hala ere, jokalarien argitasuna nabarmendu nahi izan zuen: “Inteligentea izanez gero, zelaiaren egoera txarretan ere ondo jokatu daiteke. Eta beraiek, nire ustez, argitasuna itzela erakutsi dute”. 

“Futbolean euria egin, eguzkia egin, edo beste edozerekin jokatu behar da”. Prentsaurrekoko esaldietako bat izan zen hura, Maite Lizasok esana. Bai onartu zuen pena bat izan zela eguraldi kaskarra, “eta uste dut horrek guri lagundu digula”. Zarauztarrak neurketa analizatzerakoan lehen minutuetan kataluniarrak nagusi zirela esan zuen: “Are gehiago, nire sentsazioa honakoa izan da, ‘uf, gaur gol asko jaso ditzakegu…’”. Minutuak pasa ahala, bere iritziz, gehiago merezi zuten, “batez ere edukitako aukerengatik, ez jokoagatik, zelai horretan ezinezkoa baitzen”. Neurketa hauetan emaitzak garrantzi gutxi duela esan ohi da, baina bai Lizasok eta bai Alvarezek bigarren gola ez sartzea tamaldu zuten. 

Entrenatzaileak ezin zuen disimulatu bere poztasuna jokalariek erakutsitako borrokagatik: “Hamar bat merezi dute”. Lizasok esan lez, “egoera guztietan jokatzen jakin behar da”, nabarmendu zuen Jose Alvarezek, eta ez zen nekatu jokalarien argitasuna goraipatzen. Amaitzeko, bere taldean jokalari teknikoak daudela ere azpimarratu zuen eta kalitatea atera ezin denean “beste era batzuetara ere egin daitekeela erakutsi dute”. 

Argazkia: Imanol Urkiri
Lehiaz gain, aldarrikapenaz hitz egiteko denbora ere egon zen. “Zentratzen baldin bagara zer lortu nahi dugun eta zer aldarrikatu nahi dugun, gu oso gustura gaude Federazioa eta komunikabideak egiten ari diren lanarekin”, laburbildu zuen Maite Lizasok, argi utziz zerbait lortzeko bide beretik jarraitu behar dela. Eta, batik bat, positiboki baloratu zuen gizonezkoen selekzioek jokatzen zuten asteburu berdinean izatea beraien neurketa: “Detaile bat da eta baloratu egin behar da”.


Argazkia: Imanol Urkiri
Bestalde, Natalia Arroyo entrenatzaile kataluniarrak ez zuen esperotako sentsazioekin bukatu neurketa. “Deseroso sentitu gara”, jakinarazi zuen. Hala ere, ezin zuen ezkutatu barnean zeukan poza, “anbizioz eta harrotasunez lehiatu baitira”. Ausartak izatera zetozela aitortu zuen, “belaunaldi gaztea, anbizio handiko eta kalitatezkoa daukagula aprobetxatuz”, baina ez zela posible izan. Agian horregatik bere planteamendu erasokorra, hiru defentsekin; zeina, argudiatu zuen, posible zela taldea osatzen zuten jokalariak izanik, “baloiaren jabetza edukitzeko, protagonistak izateko”. Azkenean espero zuten ikuskizuna eman ez zela gehitu zuen. 

Vicky Losadak bide beretik jarraitu zuen, eguraldia eta zelaiaren egoeragatik “ohituta ez gauden erara jokatu behar izan dugu”. Hala ere, onartu zuen batzuetan futbolak egoera batzuk eragiten dituela, horiei aurre egin behar zaiela, “eta borrokatu dugu”. 



0 comentarios: