"Ez naiz ezertaz damutzen"

13:36 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Lesioak emaitza eskasekin batu eta Realak neguko merkatuan begiratu zuen. Bertan, orain ez asko, Realean zebilen batekin topo egin zuten. Turroia lez, Marina Agoües Gabonetan etxera itzuli zen, bost denboraldian zehar (2009-2010etik 2013-2014ra arte) bere taldea izan zenera itzultzeko prest agertu eta joan zen asteburuan jokatu zuen 2015eko lehen partidua elastiko txuri urdinarekin. Realak, beste behin, ezin izan zuen garaipena eskuratu, baina zarauztarraren etorrerak beste bizitasun bat eman dio taldeari. 

Pasa den udaran Italiara joatea erabaki zuen Agoüesek, futbolaren beste ikuspegi baten bila. Bertan asko ikasi duela aitortu zuen, baita pentsatu baino goizago itzuli dela ere. Pozik dabil Zarautz eta Zubieta inguruan. Larunbateko euskal derbiak zerikusi handia dauka bere alaitasunean. Italiako bizipenak, harturiko erabakien zergatia, Realaren egoera eta abar izan genuen hizpide.


Argazkia: @LaluRAlbarran
Lehenik eta behin, nolakoa izan zen 'berriz debutatzea'?

Ondo, baina penaz. Madrilera joan, bost orduko bidaia egin, bigarren sailkatuaren aurka jokatu, partidu txukuna egin, ze ekipoak lana egin zuen, eta 3-1ekoarekin bueltatzen zara. Galdetzen duzu orduan, “zer egin dugu gaizki”? Baina pertsonalki ondo, gustura, oraindik ikasteko eta hobetzeko asko geratzen zait, ordea, lehenengo neurketa izan baitzen. 

Taldeari dagokionez, moralki baxu dago eta berdinketaren gola jaso genuenean -20. minutu aldera- jendea burumakur agertzen da. Ez dauka gaitasun hori, iaz bagenuena, jenio hori, esateko “benga, goazen egoera hau iraultzera, bana goaz hogeigarren minutuan eta oraindik partidua geratzen da”. Atletico Madrilek jokalari oso onak dauzka, Priscila Borja, esaterako, bi gol egin zizkigula, horiek dira diferentzia markatzen dutenak. Baina, lanean jarraituz gero, iritsiko dira emaitzak. Asteburu honetako neurketa, adibidez, sorpresa emateko ezin hobea da. 

Gainera, 1-2koa egiteko aukera ona eduki zenuen Madrilen, ezta?

Bai, bai. Korner batean entrenatzaileak esan zidan area ertzean kokatzeko eta jokaldia bukatzeko. Amaitzea hobeagoa dela, beraiek kontra erasoa sortu beharrean. Eta horrela izan zen. Baloi bat iritsi zitzaidan, ez dakit nola eman nion eta barrura zihoan, nik barruan ikusten nuen. Bat-batean Lolak (Gallardo) –espainiar selekzioan dabilen atezaina- ikusi egin zuen eta atera egin zuen. Hori sartu izan balitz, nik uste, gauzak aldatu egingo ziren. Baina ezin daiteke horretan pentsatzen egon. 

Udaran abentura berri bat ekitea erabaki zenuen. Zergatik Italia? 

Guztia 19 urte azpiko espainiar selekzioarekin jokatzen nuenetik dator. Eurokopa Cervian jokatu genuen, hain zuzen. Bertako bizitza, jendea eta hizkuntza gustatu zitzaizkidan. Eta orain dela lau urte etxean bertako musika entzuten hasi nintzen, ordenagailuan dena italiarrez, han ezagutu nuen jendearekin hitz egiten… Egunen baten hara joan behar nintzela esan nuen, bai edo bai. Nire kabuz ikasi nituen hainbat gauza eta esan zidaten futbola oso ezberdina zela, fisikoagoa, eta agian nire jokoarekin bat zetorrela. Italiara joan nintzen partidu bat jokatzera selekzio moduko batekin, bertara joan nahi zuten jokalariekin, ‘casting’ moduan. Estatu Batuetako talde baten aurka lehiatu ginen. Kasualitatez nire egunik onena eduki nuen, zorionez ondo atera zitzaidan eta segituan hiruzpalau ekiporen nahia jaso nuen. 

Pixka bat penarekin, Reala lagatzeak suposatzen duen guztiarengatik, baina oraingo adinarekin egingo ez banu, ez nuen aurrerantzean egingo. Ez naiz ezertaz damutzen. Ikasi dut ikasi beharreko guztia (italiar hizkuntza) eta futbolean ere asko ikasi dut, beste mundu bat da-eta. 

Eta nolakoak izan ziren hango hilabeteak? 

Abuztu bukaeran joan nintzen bertara eta iritsi nintzenean ez nuen inor ere ezagutzen, uste nuen italiarrez zerbait nekiela baina konturatu nintzen ez nekiela ezer. Hasiera batean uste nuen jendea irekiagoa zela. Taldera iritsi nintzenean italiarrez ikasi behar nuela esan zidaten eta ni beraiei egokitu behar nintzela, nik egin behar nuen esfortzua. Bi atezain etorri zitzaizkidan, beraiekin batu nintzen eta babes oso ona izan zen. Aurre-denboraldian egunean bi edo hiru entrenamendu egiten genituen, goizeko sesioetan korrika eta arratsaldean baloiarekin, han futbola ez zuten baloiarekin ulertzen, korrika egitea garrantzitsuagoa zen. Hasieran gogorra izan zen, horrela baldin bazen nik hor ez nuela iraungo pentsatu nuen. Irailean txapelketa hastean aldaketa etorri zen, egunean behin entrenatu, niretzako denbora nuen… 

Lau-bost hilabete pasa zirenean ez nuen etxera bueltatzeko gogorik, egia esan. Baina azkenean gauza bat edo bestea dela, itzuli behar izan nuen. Orain bertako jendea faltan botatzen dut, baina hemengo futbolarekin geratzen naiz. 

Zein izan da nabaritu duzun ezberdintasuna handiena? 

Jokoan dago diferentzia handiena. Nire entrenatzailea Napoli gizonezkoen taldean aritua zen, Enrico Buonocore. Nabaritzen zen mutiletatik zetorrela eta ez zekien hasieran ezberdintzen. Beraren filosofia zen, “correre avanti, correre forte, andiamo a vincere” (“aurrerantz korrika, gogor korrika egin eta irabaztera”). Hau da, defentsan sendo, baloia gora eta aurrelariak gola egitera. Ondorioz, erdian ez zenuen baloi askorik ukitzen eta ukituz gero, segituan bota. Egia esan, hori zen ikastea falta zitzaidana, baloia lehenago pasatzea, joko erraza egitea. Azken finean, emankorrena dena. Eta hemen horrela jokatuz gero hobeto joango zaidalakoan nago, eta joan zen asteburuan minutu guztiak jokatu banituen zerbait ondo egiten nagoelako izango da. 

Argazkia: @LaluRAlbarran
Koparen formatua ere ez al da ezberdina?

Bai. Bertan Ligako talde guztiak parte hartzen dute (14 talde), astean zehar jokatzen da, eta galtzen duena kanporatua izaten da. Zailagoa dela uste dut. 

Profesional fitxa zeneukaten? 

Ez. Hango futbolak ez dauka hemengoarekin zer ikusirik. Iritsi nintzenean guztiek galderak egiten zizkidaten, ideia bat zeukaten baina ez oso ona. Nik esaten nien Realean entrenatzera, adibidez, taxian joaten nintzela, botak ematen dituztela, instalazio paregabeak genituela zazpi zelaiekin… Eta beraientzat hori harrigarria zen. Hori edukita, Italiara zertara joan nintzen ere galdetu zidaten. Lehenengo entrenamenduan zelaia ikusi nuenean nire buruari ere galdetu nion horixe bera. Materialen gelatxo txikia geneukan, hori gimnasioa zela, bi zelai –lokatzez gainezka-, eta hamar baloi. Horrela danetik ikasten da eta, egia esan, orain konturatu naiz zer neukan hemen eta nola gauden. Hala ere, hango askok maila ona daukate. Nire ekipoko hiru hona ekarri eta arrakasta izango zuten. 

Beraz, hemengo egoera ez dago hain atzeratua?

Ez, esango nuke oso ondo dagoela. Diru kontuetan, adibidez, ez dira profesionalak eta are gutxiago bertakoak direnak. Ni kanpotarra izanik guztia ondo jartzen dizute. Bertakoak diren batzuk iaztik kobratu gabe daude, eta ez bakarrik Riviera di Romagnan. Bi-hiru jokalarik, ezagunenak (Patricia Panico, Daniela Stracchi…), badute bere soldata –beti diru beltza-. Besteok, ordea, hilabete batean kobratzen genuen baina gero beste bi hilean ez, eta niri hori pasatu zait. Ez zoaz diruarengatik, baina ondo egon nahi nuen, taldekideekin ere gustura nengoen; etxetik at hori gertatzean, ostera… 

Aldaketaren beharra

Zergatik erabaki zenuen Realetik joatea? 

2009-2010 denboraldian iritsi nintzen Realera, urte oso onak bizi izan ditut bertan eta oraindik asko zor diot eman didaten aukera guztiengatik. Baina azkeneko urtea ez zen pertsonalki onena izan, aldaketa bat behar nuen, zeren eta lesioak tarteko ez nuen aukera gehiegirik izan. Orduan pentsatu nuen agian urte bete kanpora joatea izango zela onena, ikasi, ni ondo jarri aspektu guztietan eta niretzako denbora hartu. Ez neukan pentsaturik hain goiz itzultzea, baina horrelakoa da bizitza. 

Gainera, zurekin batera, giltzarri ziren beste bost jokalarik utzi zuten taldea… 

2013-2014 denboraldian Juan Carlos Samaniegok taldea laga zuen, honekin ez dut esan nahi Ekaitzen lana ez dela ona, baina guztiok ezagutzen dugun Tximist ezberdina da. Hain justu Tximist ez zegoela, ni gaizki nengoen eta ez neukan bere babesa. Jakin nuen beste batzuek ere uzteko asmoa zeukatela, niretzako garrantzitsuak izan diren jokalariak (Maite Lizaso, Naiara Beristain, Ainara Herrero, Esti Aizpurua eta Sokoa Azkarate), beraiekin batera hasi bainintzen, nolabait esateko. 

Ondo ezagutzen zaituen pertsona batek esan zidan Zarautzen ere zure hutsunea igarriko zela. 

(Barre algarak) Azken batean Zarautz oso txikia da eta guztiaz ohartzen dira. Guztiek dakite Realean Zarauzko bi futbolari tipiko geundela. Eta bai, espero nire falta sumatzea. Baina nire amak esandako gauza batekin geratzen naiz: “Marina, bizitza honetan inor ez da ezinbestekoa”. Hasieran arraro begiratu nion. Eta ni Italian oso lasai egon naiz, pixka bat erlaxatu egin naiz, horrekin batera ohartu naiz jada 22 urte ditudala eta nire bizitza futbola denez –ikasteaz gain-, zerbait eginez gero ondo egin behar nuela. Nire lekua beste batzuk beteko zuten, batzuk doaz eta beste batzuk datoz. Eta halaxe gertatu zen Realean. Aurrera egin behar da. 

Argazkia: Valérie Quiroga
Printzipioz, denboraldi baterako kontratua sinatu zenuen. Baina goiz zatoz, zergatik? 

Kontratua betetzeko intentzioa nuen. Maiatzera arte firmatu nuen, denboraldia amaitu arte, alegia. Esan bezala, hasiera batean hain polita ikusten zen horretan, entrenatzailea eta presidente apur bat bereziak ziren. Partidak pasa ahala batek nahi zuen bezala mugitzen ziren gauzak. Diruaren aitzakiarekin hasi zen presidentea. Adibidez, kanpora joan eta afaldu gabe geratu ordaindu nahi ez zuelako. Gogoratzen naiz partidu batean sukarrarekin nengoen, beroketa ariketak egiteko esan zidan eta ezin nuela esan nion, zorabiatu egingo nintzela. Beraren interpretazioa jokatu nahi ez nuela izan zen, konpromisorik ez neukala aurpegiratu zidan eta hurrengo neurketa ez nuen jokatu. 

Ordura arte minutu askoz gozatu nuen, baina azaroa bukaeratik egoera hori ikusirik hausnarketa bat egin nuen. Neguko merkatua irekitzean joateko askatasuna dagoenez eta Realean, lesioak medio, emaitzak onuragarriak ez zirenez jokalari batzuekin hitz egin nuen. Itzultzeko aukera bikaina zela esan zidaten, asko pentsatu nuen, ikasketak ere bukatzear ditut eta Realari esku bat botatzeko erabakia hartu nuen. Kontaktuan jarri ginen eta Gabonetako oporretan hitz egin genuen. Italiara itzultzeko bidaia neukan urtarrilaren 2an baina hegazkina ni gabe joan zen. Pena, gehienbat, han utzitako lagunengatik. Baina udaran hara joatean damutu ez nintzen lez, oraingo erabakiarekin ere ez naiz damu. Hemen nago eta Realarekin jokatu nahi dut. 

Beti eduki duzu barnean Realera itzultzeko nahia? 

Egia esan bai. Realak hala nahi izanez gero itzultzeko asmoa neukan. Nire ideia, aipatu bezala, Italian urte bete jokatzea zen, gustatuz gero han geratzen nintzen. Orain hemen egoteak ez du adierazi nahi ez naizela gehiago Italiara itzuliko, e! Europan zer zegoen ere ikusi nahi nuen, kuxkuxean aritu nahi nuen. Mutilen kasuan futbolarien ibilbidea hogeita hamar urte pasatxorekin amaitzen baldin bada, egin behar nuen guztia orain egiteko aholkua eman zidan osabak. Oraindik denbora dago eta une honetan Realean buru-belarri nabil. 

Zer irakatsi dizu Italiak, Riviera di Romagnak eta txapelketa italiarrak? 

Batetik, lasaitasuna. Baretasuna. Lehen gauza asko eta azkar egin nahi nituen, denbora gutxian dena erakutsi nahi nuen eta futbola ez da horrela. 

Bestetik, zelai erdiko postuan asko ikasi dut. Han entrenatzaileak, aurrerago esandakoa, bi toke eta azkar jokatzeko agintzen zigun. Futbol erraza da erakargarriena eta espero ikasten jarraitzea. Entrenatzaile gogorra zen, berak esandakoa ez bazenuen betetzen berehala aldatzen zintuen. Lagunarteko batean kasu hori ere bizitu nuen. Lehenik eta behin, berriro aurrera ez joateko abisua eta hurrengoan, aldaketa, 10. minutuan. Hori zen bere estiloa eta asko ikasten da. 

Taldea, moralki baxu

Iristean, nola ikusi duzu taldea? 

Kaletik ere galdetzen didate ea zer gertatzen zaion Realari. Egia esan, ez dakit zer den edo zer gertatzen den. Entrenamenduetan ondo ibiltzen gara, baina lehiatzeko garaian inork ez du taldea bizkarrean hartu nahi eta bai edo bai irabazi behar dugula oihukatu. Moralki ere oso baxu dago. Igandero garaipena lortu ezinik egotean ezintasuna sortzen da. Partidu fina egin eta ezin golik sartu. Horrelakoxea da futbola. 

Nik konfiantza daukat taldean, egoera horretatik atera behar dugu. Guregatik, entrenatzaileagatik, Realarengatik eta etortzen den jendeak poztasun bat eraman dezan. 

Ea larunbat honetan, derbia izanik…

Gogo itzelekin nago. Atzotik jada derbiaren urduritasun horrekin. Astea oso berezia izaten da niretzako eta beteranoentzako. Hori nabaritzen da astean zehar. Guztiek jokatu nahi dute, inork ez du partidua galdu nahi eta giroan nabaritzen da derbia datorrela. Iazko sasoian ez nuen jokatu eta orain, astean lan ona eginez gero aukera izango dut. Eta, nola ez, guztia ematera! 

[Tradizioz, euskal derbia jokatzeko, ile-apaindegitik pasatu eta zerbait berezia egin ohi zuen. Guztion harridurarako. Oraingoan hori egingo ez duela aitortu zuen. Larunbatean bota batzuk estreinakoz jantziko ditu, horiek zorte gehiago emango diotelakoan.] 

Argazkia: Ane Urkiri
Aurrean, zelai erdian, aspalditik ezagutzen duzun jokalaria edukiko duzu: Maite Lizaso. Apusturik egin al duzue? 

Oraindik ez dugu hitz egin. Joan zen astean zerbait baina deituko diot edo zuzenean berarengana joan. Gainera ez diot apenas ikusi etorri nintzenetik. Aurrean Maite edukitzea, esperientzia mordoa daukan jokalaria da. Agian ez da hain teknikoa, baina niretzako erreferentea da. Edozein taldek nahiko lukeen futbolaria da. Belauneko aurreko lotailu gurutzatua zela eta lau aldiz operatua izan da eta nik asko miresten dut. Baina larunbatean hori alde batera utzi eta ostikoak eman behar badira, emango dira. 

Beraiek ere ez daude une gozoan. Irabaztea posible ikusten duzu? 

Ezin zara inoiz neurketa batera joan ziur irabazi egingo duzula pentsatzen, laurogeita hamar minututan edozer gerta daitekeelako. Baina partidua irabaztera joango gara, nola ez. Ez dut asko jarraitu Athleticen ibilbidea, baina lesioak izan direla irakurri dut. Zoritxarrez Irune Murua eta Eztizen Merino belauneko aurreko lotailu gurutzatua apurturik, Irene Paredes ere oso hutsune garrantzitsua izango da. Nik uste orain dela irabazteko momentua. 

Jaitsiera postuetan sartzeko beldur hori daukazue? 

Beldurra ez, errespetua bai. Inoiz ez da eman egoera hori. Hor egotea merezi ez duela guztiok dakigu. Nik uste dut bakoitzak bere barne hausnarketa egin behar duela, jenioa atera eta pixkanaka gorantz joan. 

Zer behar du talde honek aurrera joateko? 

Bakoitzak beregan sinistea, Lehenengo Mailan jokatzen dagoela ohartzea, Realaren ordezkari garela eta guztia eman behar dugula. Daukazun aukera minimo hori aprobetxatu, talde bezala elkartu eta talde bat izan behar dugu. Egunero entrenatzen dugunok helburu batekin egiten dugu: irabazteko. Bakoitzak beregan konfiantza izan eta sinistu behar dugu, baita ekipoarentzako lana egin ere. Lanak bere fruituak ematen baititu. 

Eta kanpotik atzematen den tristura alde batera utzi?

Ezin irabazteak hondoratu egiten zaitu. Baina putzutik atera egin behar dugula argi dago, zaila izango da, baina hori izan behar da helburu nagusia. 

Realaren komunikatu ofizialak zihoen denboraldi bukaerara arte itzuliko zarela. Gero, zer? 

Taldeak berriro konfiantza hartzea nahi dut eta jokoarekin gozatzea. Futbola, azken finean, jolastea da, hori da gustatzen zaiguna. Denboraldi bukaerara arte firmatu dut eta gero, hurrengo urtera begira, eseriko garela hitz egin dugu. Nola bukatzen dudan edo zer nolako denboraldia egiten dudan arabera ikusiko dugu.



0 comentarios: