Gustoko lekuan aldaparik ez

8:30 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Argazkia: Valérie Quiroga
Denboraren bizkortasuna, agerian. 2011an blog honek bere aurreneko hizkiak azaleratu zituen –proiektuak, bere osotasunean, 2010ean-. Eboluzio nabaria egon da urte guzti hauetan, maila orotan. Ilusio hutsez hasi zen jarduerari konpromisoaren kutsua batu zitzaion. Orain ezin egon neurketa bat ikusi eta analizatu gabe. Hein handi batean, irakurleak eta hemendik informatzen direnak errespetatzeagatik. 

Astean zehar jasaten dugun errutinaren irtenbidea dena bestelako errutina eramangarriago batean bilakatu da. Realeko emakumezkoen taldea ezagutzera ematea zen hasiera bateko helburu nagusia –eta bakarra, esango nuke-. Irabazi, galdu edo berdindu zuten abisatzea, azken finean. Oraingo xedeetako bat hori bada ere, informatzeko beste “hedabide” bat bihurtu da honako hau. Emakumezkoen futbolak aurrerapausoak eman dituen seinale. 

Kronikak –hala deitu bazitezkeen- modu pertsonalean eta ezagutza gutxirekin idazteari ekin nion. Egunetik egunera eta jende askoren laguntzarekin blogak beste itxura bat hartu duelakoan nago. Umea heldu bilakatu dela esan dezakegu. Batxilergoko ikasle hura unibertsitateko azken urtean dabil. 

Lau urte pasa dira ordutik. Azkar esaten da, gero! Hasierako zalearen grina ez da inondik inora aldatu. Ez nuen pentsatu proiektu honek izan zezakeen bilakaeran. Denbora ezarri dizkit jarraibideak. Horregatik nago oraingo egoeran, eta ez beste batean. Ilusioa izan da bidelagun; ez nirea bakarrik, nire alboan egon direnena ere bai. Ilusiorik gabe azkar batean hilko litzateke. 

Argazkia: Valérie Quiroga
Urte hauetako bizipen ugari ez ziren posible izango ezagutu ditudan pertsonak gabe. Klubaren eskuzabaltasuna eta jokalarien adeitasunaz gain, bi astetik behin harmailetan batzen garen zalegoak zerikusi handia izan du. Taldeari animo oihuak bidaltzea xede izanik, bertako berriketaldiak ilusio pizturik mantentzen lagundu baitidate. Zubietan egon ohi ez diren baina emakumezkoen futbolaren munduan dabiltzan pertsonen prestutasunik gabe lan hau egitea ezinezkoa litzateke. 

Taldearen eboluzioa jarraitzeko parada izan dut. Momentu on eta txarrekin. Futbolaren esentzia. Garaipenaren gozotasuna eta porrotaren krudeltasuna ezagutu ditut. Baita berdinketen zapore gazi-gozoa ere. Futbola bidaiatzeko aitzaki bezala ere baliatu dugu, edo bidaia bera aitzakiatzat jo taldea gertutik ikusteko. Nahi bezala interpretatu. Jokalari batzuk agurtu eta beste batzuei ongi etorria eman zaie. Ezin ahaztu horiek guztiek erakutsi didaten arreta. Denon artean aurrera eramandako lana baita honako hau. 

Zubietak pertsonalki hezten lagundu dit, ikuspuntu guztiak erreparatuz. Atzean hainbat gauza utzi ditut, nire ilusio handiena bilakatu zen zeregina aurrera eramateko. “Gustuko tokian maldarik ez”, esaten omen dute. 

Hainbat eta hainbat bizipenek nire memorian gordailua eskuratu dute. Nire bizitzaren parte handi bat dela ezin uka. Pasioz, ilusioz, grinaz hornitu dut nire ibilbidea. Gauza asko gaizki egitearekin batera, ondo egin ditudanik ere izango da. Niregan konfiantza erakutsi didaten horiekin etikoki jokatzen saiatu naiz. Ondo egin dudalakoan nago. Etika informazioari gailendu zaio. Eta ez naiz damu. Gainontzeko hainbat akats egingo nituen, segur aski. 

Blog honen partaide izan zareten guztioi, itzalpean egon zareten horiek barne, eskertu nahi dizuet laugarren urteurren honetan. Eta nola ez, noizean behin helbide hau bisitatzen duten irakurlegoari ere esker mila. Informazio eskaria baita honen funtsa.

AUPA ERREALEKO NESKAK!!!


0 comentarios: