Emakumeak, behingoz, protagonista

12:28 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Argazkia: Maria Mentxaka
Azpeitiko Garmendipe zelaia jendez bete zen partida amaitzean. Batzuk baloiarekin jokatzeko, eta beste batzuk eguneko protagonistekin argazkia atera edo hauen sinadurak lortzeko. Gutxitan ikusten dira horrelako gauzak. Ez gizonezkoen kiroletan, baina bai emakumezkoetan. Eta are gutxiago, emakumezkoen futbolean. Hain ilun eta isilean dabilen kirola. Iluntasunean eta isilik, baina Garmendipera gerturatutakoek euskaldunen maila ederra ikusi zuten. Eta baita jokalarietako baten bi gol izugarri ere –batez ere lehenengoa. Zer gertatuko litzateke gol hori Lehen Mailako gizonezko jokalari batek sartuko balu? Betiko lelora itzultzen gara galdera honekin. Naiara Beristain izan zen egilea. Golaren egilea eta baita ikusle asko harri eta zur uztearen autorea ere.

Bera bezala, jokalari, entrenatzaile eta arduradun guztiak egoera berdinean zeuden partida hasieran. Irribarre eta urduritasuna besterik ez ziren nabari guztien aurpegietan. “Gogo askorekin aurre egiten diot lagunarteko honi, eta egia esan nik behintzat aspaldi ez nituen urduritasunak nabaritzen ditut oraintxe bertan”, aitortu zuen Leire Landa atzelariak lehia hasi baino ordu bete inguru lehenago.

Orain dela hilabete inguru (apirilaren hasieran) eman zuten aditzera emakumezkoen Euskal Selekzioak maiatzaren 10ean EIREren aurkako neurketa jokatuko zutela. Aspaldiko partez, emakumeak eredu ofizialtasunaren bidean. Baina ilusio horren areagotzea partidaren astean bertan hasi zen. Prentsaurreko ofiziala, deialdia…

Ilusioa. Irribarrea. Gogoak. Hiru hitz horiek izan ziren Euskal Selekzioko jokalarien aurpegiek erakusten zutena. Orain dela bi urte ingurutik ez genituen jokalariak horrela ikusten. Talde ezberdinetako euskaldunak elkarrekin zelai baten gainean kolore berdinak defendatzen, euren arteko lehia alde batera utziz, helburu bat lortzeko asmoarekin batuz.

Argazkia: Javi Urola
Liga igandean amaiturik (maiatzaren 4an), astelehenetik hasita partida honetan zeukaten burua. Leire Landak –Ainhoa Tirapu, Irene Paredes, Eli Ibarra eta Erika Vazquez-ekin batera- astean zehar beste selekzioarekin jokatu bazuen ere, EIREren aurkako partidak izugarrizko ilusioa eragiten ziola aitortu zuen: “Garrantzitsuak dira partidu hauek, gehienbat azkenean aspalditik ezagutzen garen jokalariak elkartzen garelako, eta polita da”.

Joan zen larunbatean, maiatzaren 10ean, jokalariak ez ziren hain ikusezin izan. Telebistak lagundu zuen. Eta horrez gain, Federazioak emandako babesa ere nabarmentzekoa izan zen. Hala ere, espero baino jende gutxiago batu zen Garmendipen. Ezin daiteke orain dela bi urteko neurketarekin konparatu, Anoetan 10.000 pertsona inguru batu ziren. Orduan goizean goiz hasi zen festa, pailazo eta beste hainbat ekitaldirekin batera. Oraingo honetan eszenatokia aldatu zen, baita aurkaria ere. Eta nola ez, antolatzailea Federazioa izateak puntu positibo bat ematen zion ekitaldiari. “Ofizialagoa” egiten zuen neurketa. Baina, itxuraz, jendeak ez zuen erantzun. Betiko aurreiritziekin bueltaka gabiltza. Hurbildu zirenek behintzat, espektakulu ona ikusi zuten. Euskaldunen maila itzela erakutsi zuten, EIRE bezalako selekzioa mendean hartzen. Eta gainera, ze modutan! Ainhoa Tirapu eta Cristina Cornejo atezainek ez zuten inolako arazorik eduki partida guztian. Defentsak fin ibili ziren. Irene Paredes eta Ane Bergara sendo aritu ziren, eta jokatu zuten hegaleko atzelariek erasoan ekarpen onak egin zituzten. Vanesa Gimbert eta Maite Lizaso erdialdeko liderrak izan ziren, baloia alde batetik beste mugitzearen arduradunak, baita gero Arrate Orueta ere. Zer esan Naiara Beristaini buruz? Protagonista nagusia izan zen, eta baloia behar zuen hanketan, jokoa nahi zuen, bestela ez zen pozik. Eta erasoan, zer? Lehen zatian erasoko jokaldi gehiago egin baziren ere, bigarren zatian pare bat aukera on sortu zituzten aurrelariek. Lehen zatiko protagonistetako batek, Aintzane Encinas-ek, selekzioa sortu zuten jokalariekin jokatzea plazer bat zela zihoen neurketaren aurreko beroketa saioa hasi baino lehen. “Jokalari handiak direla uste dut, eta talde ona sortu dugu”, gehitu zuen donostiarrak. Realeko kapitaina ere ilusio askorekin zegoen, eta partiduan zehar egin zituen korrikaldiek hori demostratu zuten.

Argazkia: Maria Mentxaka
“Partidu lehiatu bat izatea nahi dut”. Horixe eskatzen zuen Aintzane Encinas-ek. Hasierako minutuetan nazioarteko edozein neurketen erritmoarekin jokatu zuten, eta euskaldunek erritmo horretara moldatzeko gai direla erakutsi zuten. Donostiarrak neurketa zail bat espero zuen, baina “hobeto, guk mundu mailan lehiatuz gero zer nolako maila edukiko genukeen ikusteko”.

“Oso jokalari onak elkartu gara eta talde polita daukagu; beraz, garaipenaren bila”, adierazi zuen Leire Landa atzelariak. Futbol partida arruntetan garaipena izaten da garrantzitsuena. Hemen ere bai, noski. Baina horrez gain beste hainbat faktorek garaipenak baino ilusio gehiago eragiten dute.

Aurkaria, EIRE

Festa egun horretan, Euskal Selekzioaren maila probatuko zuen taldea EIRE izan zen. Mundu mailan lehiatzen ari den selekzioetako bat, eta 2015ean Kanadako Munduko Kopan egoteko borrokan ari den horietariko bat. Munduko Kopako sailkatze fasean murgildurik daude irlandarrak, baina oraingoz multzoko hirugarren postuan daude, eta bigarrena nahiko urrundu da. “Errusiaren aurka galdu genuen asteazkenean, eta uste dut oso zaila daukagula Kanadan egotea”, esan zuen Sue Ronan entrenatzaileak, Euskal Selekzioaren partida hasi baino ordu bete lehenago.

Sue Ronan-ek aurkari gogorrak bezala kalifikatu bazituen euskaldunak, Aintzane Encinas eta Leire Landak berdina uste zuten Irlandako Errepublikako selekzioari buruz. “Ez ditugu gehiegi ezagutzen, baina enteratu garenarekin, Alemaniaren aurka 2-3 galdu zutela adibidez; eta 2 gol sartzea Alemaniari nahiko lan da, egia esan”, aitortu zuen irundarrak. Encinasek azkenaldian lortu dituzten emaitzak erreparatzeaz gain, Arsenal bezalako talde indartsuetan dabiltzan jokalariak zeudela nabarmendu zuen.

Argazkia: Imanol Urkiri
Hala ere entrenatzaile irlandarrak talde gaztea osatzen zutela eta oraindik selekzioa formatze prozesu horretan dagoela adierazi zuen. Euskaldunen aurkako lagunarteko neurketa hau lanketa horren geltoki bat dela ere esan zuen: “Selekzioan esperientzia gutxi daukaten jokalariak ekarri ditut hona, beraiek ere aukerak eduki ditzaten eta Euskal Selekzioa bezalako talde on baten aurka joka dezaten”. Horretarako, partida hau prestatzeko, ostegunean iritsi ziren Bilbora. Eta larunbata bitartean hiru entrenamendu egin zituzten. Ronan-ek aitortu zuen ez zuela oso ondo ezagutzen Euskal Selekzioa, baina “badakit batzuk Espainiarekin Suedian ospatu zen Europako Txapelketan aritu zirela joan zen udaran, eta Euskal Herrian goi-mailako bi talde daudela, beraz oso talde zailaren aurka lehiatuko garela uste dut”. Europako txapelketa, horixe Sue Ronan-en desioa. “Irlandan oso liga txikia daukagu, jokalariak ikasten dabiltza eta 2017ko Europako Kopan egotea deseatzen dugu”, adierazi zuen irlandarrak.

Euskal Selekzioak mundu mailan edukiko lukeen mailaren “aurkikuntza” horretan, ezinbestekoa zaigu gogoratzea orain dela bi urte Eslovakiari 1-0 irabazi zitzaiola. Eslovakiarrak orain bertan berrogeita zazpigarrenak dira FIFA Rankingean; irlandarrak, ordea, hogeita hamargarrenak. “Egia esan, ez dakit maila gehiago daukaten edo ez, baina espero dut partida lehiatu bat izatea eta maila ona edukitzea”, aitortu zuen Encinasek. “Nik egia esan Eslovakiarekin konparatuta ez dakit zer nolako maila edukiko duten, baina Aintzanek esan duen bezala, nik ere espero dut maila handiko jokalariak izatea”, adierazi zuen Landak. Bien nahia argia zen, jendeak espektakulu ona ikustea. “Partidu polita eta gogorra izatea”, esan zuen Athletic-eko jokalariak.

Esan daiteke euren nahia bete zela. “Giro bikaina egotea eta bertaratzen diren guztiekin garaipen bat ospatzea”, horixe da Aintzane Encinasi gehien gustatuko litzaiokeen gauza. Lortu zuen. “Azkenean festa eguna da, eta festa egun hau garaipenarekin ospatzen baldin badugu, askoz hobeto”, bota zuen Leire Landak.

Euskaldunek lortu zuten euren lehendabiziko nahia: mundu mailan hogeita hamargarren postuan dagoen taldea mendean hartzea. Oraingoz, lagunarteko batean. Baina euskaldunen benetako desioak antzekotasun asko ditu Sue Ronan-enarekin. Europa edo Munduko txapelketa baten ofizialki parte hartzea, herri bat ordezkatuz.


0 comentarios: