Festa ederra Garmendipen (Azpeitia)

12:17 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Argazkia: Ane Urkiri
Euskal Selekzioak garaipena lortu zuen hain ilusio asko eragiten zuen partidan. Itxura ona erakutsi zuten euskaldunek eta Beristinainen bi golei esker ezin hobeto amaitu zen atzoko festa. EIRE saiatu zen, baina arrisku garbirik gabe, eta azkenean amore eman behar izan zuen. 

Neurketa hasi baino minutu batzuk lehenago aurreskua dantzatu zuten bi selekzioen aurrean, segidan Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek bertso bana bota zuten eta azkenik bi herrialdeetako ereserkiak entzuteko parada izan genuen. Argazki ofizialak atera eta minutu bateko isilunea egin zen, ostiralean Badajoz-en trafiko istripu batean hil ziren futbol aretoko bost jokalarien omenez. Partida aurreko unean jokalarien ilusioa atzeman zitekeen eta neurketak izan zuen erritmoak hori baieztatu zuen. Bi herrialdeetako jokalariak gogotsu zeuden, partidu ofiziala zirudien, eta lehen hegaleko sakea eta errematea irlandarrek egin bazuten ere, euskaldunek azkar hartu zuten baloiaren jabetza. 

Argazkia: Ane Urkiri
Eve atezainak nahikoa lan eduki zuen, eta geldiketa eder bat ere egin zuen. Beristainek bi aldiz pentsatu gabe area kanpotik jaurtiketa indartsua egin zuen eta irlandarrak ongi luzatu zuen eskua baloia kanpora bidaltzeko. Getxotarraren lehen abisua izan zen hori. Hurrengo erremate arriskutsua Ane Bergararena izan zen. Ibarrak ateratako hegaleko sakea ederki errematatu zuen buruarekin, baina gehiegi gurutzatu eta zutoina ukitu zuen. Atera zuzenduta joan zen hurrengo jaurtiketan Eve-k ezin izan zuen ezer egin, ezta langak ere. Area kanpoan boteka zebilen baloia Naiara Beristainek ederki harrapatu zuen boleaz eta izugarrizko gola egin zuen. Aho zabalik geratu ziren Garmendipera bertaratu ziren ikusle guztiak. Gol polita partida berezi batean. 

Abantaila horrekin Euskal Selekzioa baloia lasaiago mugitzen hasi zen, alde batetik bestera jokoa banatzen. Eli Ibarra azkoitiarraren ezker hanka bikainari esker estrategia jokoan arrisku apur bat ere sortzen zuten euskaldunek; baina kasu horietan atezain irlandarra sendo agertu zen aireko baloi guztiak harrapatzen. Etxekoen lasaitasunaren eraginez edo, kanpokoak piztu eta erasoan gehiago aritu ziren. Hala ere, aipagarriena kanpora joan zen Stephanie Roche-en jaurtiketa. Minutu batzuk beranduago Aintzaneren burukada ere ez zen hiru zutoinen artera joan. Bai ordea Beristainen beste jaurtiketa bat. Leire Landaren erdiraketak Vanessaren hankan jo eta nahi gabe getxotarrari atzera pase ederra eskaini zion, honek gelditu gabe jaurti eta Eve Badana-k ezin izan zuen baloia gelditu. Eta lehen zatia amaitu baino zertxobait lehenago Iraia Iturregiren falta jaurtiketak harri eta zur utzi zuen zalegoa. Inor baino argiagoa izan zen loiutarra eta denak despistatuta zeudela baliatuz kanpo erditik atera jaurtitzea erabaki zuen. Bota eta eskuadra berarekin topo egin zuen baloiak. Gol ederra izango litzateke. 

Argazkia: Ane Urkiri
Atsedenaldian zozketarako tartea izan zen. Euskal Selekzioko jokalariek sinatutako hiru baloi, Euskal Selekzioko hiru elastiko ofizial eta Federazioko beste hiru kamiseta. Hamabost minutuko atsedenaren ondoren bi taldeek aldaketak egin zituzten eta partidaren hasierako intentsitate hori jaitsi zen. Irlandarrak esperantza handirik gabe hurbiltzen ziren Cristinaren atera, eta euskaldunak ez zuten erasoko jokaldi argirik sortu. Guztira hiru aukera izan ziren nabarmentzekoak. Nekaneren jaurtiketa suabe bat gelditzeko inolako arazorik ez zuen eduki Grace Moloney-k. Eta minutu batzuk beranduago atezain berak izugarrizko geldiketa egin zuen Erikarekin izan zuen bat-batekoan. Nekanek Eguzkiñeri eskaini zion baloia, azpeitiarrak Erikaren iritsiera ikustean hankak ireki eta baloia pasatzen utzi zuen; nafarrak, ordea, ezin izan zuen atezaina gainditu. Sue Ronan-en taldearen aukera onenean Ane Bergararen hanka agertu zen Aileen Gilroy-en jaurtiketa desbideratzeko. 

Horixe izan zen guztia. Bi taldeei oroigarriak banatu eta zelaian ospakizunak jarraitu zuen. Hainbat zale jokalarien argazki eta sinadura bila. Behingoz ofizialtasunaren bidean emakumeak protagonista nagusi. Emakumezkoen futbolarentzat aurrerapausoa eta ofizialtasuna aldarrikatzen jarraitzeko neurketa polita.

Fitxa teknikoa: 

Euskal Selekzioa: Ainhoa Tirapu (Cristina Cornejo); Leire Landa (Yulema Corres), Ane Bergara, Irene Paredes, Iraia Iturregi; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso (Arrate Orueta), Eli Ibarra (Sandra Ramajo), Naiara Beristain (Eguzkiñe Peña), Aintzane Encinas (Nekane Diez); Erika Vazquez (Maria Diaz Cirauqui). 

EIRE (Irlandako Errepublika): Eve Badana; Karen Duggan, Aine O´Gorman, Yvonne Tracy, Ciara McCormack; Rachel Graham, Emma Becket, Emma Hanseberry, Sarah Rowe, Julie-Ann Russel; y Stephanie Roche. Hauek ere jokatu zuten: Keeva Keenan, Niamh Fahey, Noelle Murray, Megan Connolly, Lauren Dwyer, Grace Moloney, Savannah McCarthy eta Aileen Gilroy.

Golak: 1-0: Naiara Beristain, 13. minutuan; 2-0: Naiara Beristain, 39. minutuan. 

Epailea: Gorka Sagues. 






0 comentarios: