Euskal Selekzioaren deialdia
Argazkia: Euskadiko Futbol Federakundea |
Abenduaren 27an Euskal Selekzioa eta Katalunia aurrez aurre izango dira. Mutilen neurketaren bezperan, emakumezkoek euren protagonismoa edukiko dute ofizialtasunaren aldarrikapenaren bidean eta baita berdintasunaren borroka horretan ere. Hori dela eta, atzo arratsaldean (abenduaren 19a) eman zuten ezagutzera Euskal Selekzioaren deialdia. Jose Alvarez eta Sergio Riverak 18 jokalarirekin osatu dute selekzioa, sei talde ezberdinetako futbolariekin. Reala, Athletic, Abanto, Valentzia, Bartzelona eta A.S.M. Torreseko jokalariak zelairatuko dira Euskal Herria ordezkatuz.
Realetik bost jokalari sartu dira deialdian: Ane Bergara, Cristina Cornejo, Sandra Ramajo, Maria Diaz Cirauqui eta Aintzane Encinas. Athleticen aldetik, bederatzi: Yulema Corres, Nekane Diez, Vanesa Gimbert, Eli Ibarra, Iraia Iturregi, Maite Lizaso, Arrate Orueta, Irene Paredes eta Erika Vazquez. Bartzelonatik Marta Unzue defentsa deitu dute; Valentziatik, Naiara Beristain; A.S.M Torres talde italiarreko Joana Flaviano ere zerrendan dago; eta azkenik, Abantoko atezaina den Jone Guarrotxena.
Pasa den maiatzean jada pausu handi bat eman zen Azpeitiko Garmendipe zelaian EIREren aurka jokatu zen neurketarekin. Euskaldunak 2-0 menderatu zuten Sue Ronanen taldea, Beristainen bi gol ederrekin. Emaitzaz gain, aldarrikapenak garrantzi gehiago izaten dute halako lagunartekoetan. Hurrengo larunbateko helburua ere ez da emaitzan zentratzen.
Emakumezkoen futbolean eta ofizialtasunaren bidean mugarri izango den neurketa jokatuko da Lasesarren. Bi herrialde euren ilusioak berdegunean islatzen, euren ofizialtasuna aldarrikatuz. Futbolaz harago doan festa. Neurketa ikusteko sarrerak bost euroko prezioa daukate eta honako leku hauetan daude salgai: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Futbol Federakuntzetan –oraingoz- eta abenduaren 26tik aurrera Lasesarre futbol zelaiko txarteldegian eta 0. atean.
Kataluniaren deialdia abenduaren 23an argitaratuko dutela jakinarazi zuen Kataluniako Futbol Federakuntzak. Natalia Arroyo (lehen entrenatzailea) eta Lluis Cortesen (bigarren entrenatzailea) gidaritzapean izango dira kataluniarrak.
Informazioa gehiagorako Euskadiko Futbol Federakundearen webgunea bisitatu.
0 comentarios: