Emakumezkoen Futbol Jardunaldia

13:39 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Datorren ostiralean, azaroak 14, 'Emakumezkoen Futbol Jardunaldia' burutuko da Gipuzkoako Futbol Federakuntzaren egoitzan, bertako Areto Nagusian, hain zuzen ere (Anoeta pasealekua, 1. Anoeta Estadioaren 25. atearen ondoan). Gipuzkoako Entrenatzaileen Batzordeak antolatutako mintzaldian Manuel Amieiro, Javier Velazquez eta Ignacio Queredak izango dute hitza, hirurak emakumezkoen espainiar selekzioaren prestatzaileak direlarik. 

Argazkia: Lalu R. Albarran
19:00etan emango zaio hasiera Manuel Amieiroren hizketaldiarekin. Amieiro, gaur egun, emakumezkoen espainiar selekzioko atezainen entrenatzailea da. Hainbat urtetan Real Madrilen harrobian lanean aritua da bera. Ondoren, Javier Velazquezek hartuko du hitza, 19:45ak aldera. Hau prestatzaile fisiko lanetan aritzen da emakumezkoen espainiar selekzioan. Ignacio Queredak emango dio amaiera hitzaldiari, orain dela 26 urtetik emakumezkoen espainiar selekzioaren entrenatzaile nagusia den horrek. 

Bere gidaritzapean espainiarrak bi aldiz sailkatu dira Europako txapelketara, 1997an eta 2013an. Lehenengo aldiz parte hartu zutenean final erdietara arte iritsi ziren. Azkeneko honetan, aldiz, final laurdenetan Norvegiaren (txapeldunorde izatera heldu zen) aurka galdu eta kanporatuak izan ziren. 

Bestalde, aurten lorpen handiago bat eskuratu dute. Izan ere, espainiar selekzioa Munduko txapelketarako sailkatua. Hala, historian lehenengo aldiz mundu mailan arituko dira espainiarrak. 2015eko ekainean jokatuko da Kanadan, eta bertan munduko selekzio onenen artean egongo da Nacho Queredaren esanetara dagoen taldea. Honengatik, hain zuzen ere, aste honetan ‘Luis Aragones' saria jaso du selekzioak. 

Jardunaldi hau edozein klubetako entrenatzaile zein jokalarientzat interesgarriak izan daitekeelakoan dago Gipuzkoako Entrenatzaileen Batzordea. Era honetan, gonbita luzatzen die haiei eta baita emakumezkoen futbolaren inguruan murgildu edo murgildu nahi duten horiei ere.



0 comentarios: