“Bai edo bai lortu behar dugu Kopan sartzea”
Liga txapelketa amaitzeko gutxi falta dela, 2013-2014 denboraldian parte-hartze handienetarikoa eduki duen jokalariarekin solasaldi txiki bat eduki genuen. Erreginaren Kopa jokatzeko ilusioa protagonista izan bazen ere, taldearen egoera analizatzeaz gain, bere eboluzioaz ere mintzatu zen Itziar Gastearena (1993-05-04, Billabona). “Gaste” izenez ezagunagoa den horrek, urtetik urtera bere maila hobetzen joango dela ere aitortu zigun.
Aurten ikusten denez, eskuin hegaleko atzelari postua zurea dela esan daiteke; eta gainera defentsa gaztea sortuz.
Azkenean joan zen urtean, dakizuen bezala, ez nuen asko jokatzen eta beste postu batzuetan ibili nintzen, bai aurrean hegalean, media punta, erdilari bezala baita… Azkenean aurten jada postu batean jarri dit, horrek suposatzen du jokatzea eta niretzako poztasun handia da.
Nola deskribatuko zenuke zure eboluzioa Realean?
Argazkia: Valérie Quiroga |
Oso egoera arraro batean etorri nintzela uste dut. Denboraldi erdialdean fitxatu nuen, sartu nintzen eta jokatzen hasi nintzen; jendea falta zitzaien eta pixka bat arraroa izan zen, oso gaztea nintzen. Joan zen urtean, esan bezala, ez nuen asko jokatu eta horrek atzerapausoa bezala egin zidan. Baina nik uste dut oso pertsona borrokalaria naizela, beti aurrera begira ari naizela eta beti egunez egun nire burua hobetu nahi dudala. Uste dut aurten hori gertatzen ari zaidala, partiduro nire burua gainditzea.
Eta futbolean hasi zinenetik orain arte?
Txikitatik hasten zarela pixkanaka, zure ilusioa hemen sartzea da. Ze Gipuzkoako taldea Reala da eta beti daukazu zure burua Realean pentsatzen, txikitatik. Azkenean nire ametsa egi bihurtu zen, eta begira orain jokatzen ari naizela.
Zure aita entrenatzailea izatean eztabaida bat edo beste edukiko zenuten ezta?
Ez pentsa eh! Aitak azkenean bere taldea dauka. Egia da askotan esaten didala berarentzako nola jokatu dudan. Nahiko objektiboa da eta alde horretatik nahiko positiboa da. Ze azkenean batzuetan gurasoak nahiko subjektiboak izaten dira, “dena ondo egin duzu” esaten dutenak. Orduan aita batek horrelako objektibitatea edukitzeak irakasten dizu eta hori oso positiboa da.
Beraz, hazten laguntzen dizu.
Bai, bai. Azken finean kanpotik datorren guztiak laguntzen dizu; bai aitak, bai osabak, familiak orokorrean, edo entrenatzaileak, jokalariek… Guztiek laguntzen didate hazkuntza horretan.
Aurtengo denboraldia pertsonalki orain arteko onena bezala kalifikatuko al zenuke?
Hiru denboraldi daramazkit, bi t’erdi edo. Lehenengoa hasi nintzela, aurrekoan ez nuela asko jokatu… Ba nik uste dut aurtengoa beste biak baino hobea dela, baina aurrera jarraituta hurrengo urtekoa hobea izatea nahi dut.
Eta taldearena?
Argazkia: Nerea Lertxundi |
Taldea pixkanaka goraka doa. Hasi ginen ez oso ondo edo, eta begira non gauden orain. Ligak partidu asko ditu eta nik uste dut aprobetxatu egin ditugula bukaerako partiduak eta begira non gauden.
Erregulartasun hori aurkitu duzue…
Azkeneko partidutan nahikoa neurketa egon gera galdu gabe, eta horrek lagundu egin digu gauden lekuan egoten. Bigarren itzulia oso ondo hasi genuen, partidu asko galdu gabe eta orain eusten, Kopan sartzeko puntu horiek lortzen saiatzen.
Zein izan da desberdintasun handiena pasa den denboraldia eta aurtengoaren artean? Ze izan da giltza hobekuntza emateko?
Taldearen txipa edo. Ikusita joan zen urtean ez genuela oso ondo egin, taldeak hori begiratu duela uste dut eta bakoitza indibidualki eta talde bezala hobetu gara.
Aurten gainera FutbolDraft-eko hasierako zerrenda horretan zaude. Sorpresaz hartu al zaitu?
Egia esan ez duzu espero. Horrelako gauzak, ez dakit, sorpresa bezala harrapatu dit ze ni ez naiz ibili Espainiako selekzioan, ez Euskadikoan. Orduan bat-batean FutbolDraft-eko hori… Bai, sorpresa izan zela baina ez diot ezta garrantzi asko ematen.
Azkenaldian egin dituzun partidu onen seinale, ezta?
Bai, nik uste dut hori izango dela. Azkenean ikusi dute Gaste jokatzen ari dela, nire minutuak edukitzen ari naizela…
Ainara Manterola ere zerrendan dago, beraz, bi txuri urdin bertan. Nahiz eta Realak bigarren talderik eduki ez, futbolari gazteenganako konfiantza erakusten duenaren adierazgarri, ezta?
Realak daukana talde gaztea da. Kenduta Maite eta Sokoa, nik uste dut oso ekipo gaztea daukagula eta azkenean gaztetasun horrekin hazten goaz.
Bigarren talde hori edukitzea ez litzateke pausu garrantzitsu bat?
Ez dakit, Realak jakin beharko luke zer egin horrekin. Baina uste dut positiboa litzatekeela gaztetan Bigarren Maila baten jokatzen hasi eta gero jada base hori daukazu gora joateko. Ni, adibidez, Erregional Mailatik etorri nintzen eta kosta egiten da, salto handia da eta kosta egiten da erritmoa hartzea. Baina, ikusten duzun bezala, hartzen da erritmoa.
Realaren apustua, orainerako baino, etorkizuneko proiektua?
Argazkia: Imanol Urkiri |
[Ez pentsa soilik Realaz hitz egin zuenik. Aurreko astea albistez pilaturik egotearen ondorioz talde txuri urdinaren orbitatik atera eta bestelako gaiez ere mintzatu zen. Emakumezkoen futbolaren egoera orokorraz eta Lehen Mailako talde baten egoera partikular bati buruz, besteak beste.]
Beste notizi on bat Euskal Federazioaren eskutik etorri da. Berriz ere emakumezkoen Euskal Selekzioa zelaian protagonista izango da. Zer dela eta pentsatu dute emakumeei euren protagonismoa ematea?
Nire iritziz ikusten ari dira nesken futbola geroz eta handiagoa izaten ari dela, gauza txikiekin. Euskadiko bi talde gaude Lehen Mailan eta zabaltze hori bultzatu nahi izango dute. Gure futbola erakustea eta ez bakarrik mutilena.
Ofizialtasuna eta emakumezkoen kirolarentzat albiste ona/pozgarria delakoan zaude?
Nik uste dut baietz. Mutilei bakarrik ematen baldin bazaie bonboa, azkenean mutilekin bakarrik gelditzen da. Baina zabaltzen baldin bada bai nesketan, bai txikiagotan, azpiko selekzioetan… Azkenean hedatu egiten da eta geroz eta jende gehiago gaude horretan.
Beno eta, emakumezkoen futbolaz orokorrean hitz eginda, zer moduz ikusten duzu honen egoera?
Pauso handia eman dela hori garbi dago, telebistak, komunikabideak eta horrelako gauzak gaur egun geroz eta gehiago daude. Baina oraindik aurrerapauso handia eman behar delakoan nago, mutilen mailara iristeko.
Realak kirol hau babesten duela sentitzen al duzu?
Ikusten baldin badituzu azpiko ekipo batzuk, adibidez, Oviedo Moderno edo horrelakoek, diru asko ez daukate eta ez daude oso babestuta. Eta ikusten duzun bezala begira guk zer nolako instalazioak dauzkagun, ze laguntza ematen diguten, eta nola zaintzen diguten. Hori ere eskertzekoa da.
Azken egunotan ezagutu dugu Sant Gabriel-en lehenengo taldea desagertzear dagoela. Diru kontuak medio, hemen ere. Horrelako zaila al da emakumezkoen futboleko talde bati diru laguntzak ematea? Zergatik horrenbeste bazterkeria babesteko orduan?
Argazkia: Nerea Lertxundi |
Ez baldin badaukate guk daukagun bezala, Reala bezalako kluba, mutilen lehen taldea Lehen Mailan dagoela, eta azkenean ez baldin badaukate diru hori nesketan gertatzen dena Sant Gabrieli gertatzen ari zaiona da. Pena ematen du zeren eta Sant Gabrielek oso ekipo ona dauka, erakusten ari da, begira non dagoen, Kopan borrokatzen… Pena handia da horrelako ekipo batek utzi egin behar izatea diru kontuengatik.
Laster Erreginaren Kopa. Zer nolako sentsazioekin?
Laster Erreginaren Kopa. Zer nolako sentsazioekin?
Partidu gutxi geratzen dira, bi partidu gelditzen dira, eta bai edo bai lortu behar dugu Kopan sartzea. Partiduz partidu joango gara, baina uste dut taldea gogo handiekin dagoela Kopa jokatzeko. Erakusteko berez erakutsi behar duguna, gu garena, eta erakustea merezi dugula hor egotea eta baita gorago ere.
Oraindik Ligako bi partida gelditzen badira ere, ziur nago honezkero Kopako zozketarekin pentsatu duzuela. Ze aurkari baztertuko zenituzke?
Horretan oraindik ez gaude pentsatzen. Ze oraindik Kopan ez gara sartu eta nik uste dut garrantzitsuena orain gelditzen diren bi partiduetan puntu asko lortzea dela, saiatzea behintzat. Erakusteko non gauden, ze eboluzio eduki dugun, Liga ondo bukatzea eta gero ikusi dugu ea zein tokatzen zaigun.
AUPA ERREALEKO NESKAK!!!
0 comentarios: