Hazteko ilusioa
Denboraldi berri bat hastear dagoela, Realean egon diren aldaketak tarteko, aurtengo proiektuaren helburu eta giltzarriez mintzo dira taldera batu diren sei fitxaketak, talde txuri-urdina gorenera eramateko grina helaraziz
Realak azken bi denboralditan aldaketa mordoari aurre egin behar izan dio. Batzuk, erabaki propioagatik eta beste batzuk jokalarien nahiengatik. Hori horrela, klubak gogor lan egin behar izan du denboraldia bukatu bezain laster.
Fitxaketetan gaztetasuna izan da nagusi, betidanik. Horrekin, etorkizun hurbilerako proiektua aurrera eramateko nahia erakutsi dute. Baina zertxobait aldatzen doa. Izan ere, iazko sasoian lehenengo jokalari espainiarra fitxatu zuen: Cristina Pizarro “Chini”. Langa hori gaindituta, gipuzkoar harrobiarekin sendo jarraituz, aurtengoan bi kataluniar iritsi dira talde donostiarrera; nafar bat, arabar bat eta bi gipuzkoarrekin batera.
Argazkia: Imanol Urkiri |
Valentziarekin, hain zuzen, iazko sasoian Erreginaren Kopako finala galdu zuen Lareok. Eta Athleticekin 2014 eta 2012an. Irribarre txiki batekin txapelketa horretan arantza bat duela onartu du, baina gauza pertsonala dela. Ohartarazi du finalera iritsi den bakoitzean talde osoaren elkarlanaren poderioz izan dela, faboritoak izan gabe: “Hori izan behar da giltzarria, beraz ez dago jakiterik”.
Giro ona eta elkarlana, hain zuzen, taldearen muina behar dutela izan nabarmendu zuen entrenatzaileak prentsaurrekoan, “horrek, ostantzean, puntuak ekarriko baititu”. Hala, Ane Etxezarretak talde giroa gustatzen zaiola eta bere aldetik guztia jarriko duela azaldu du. Halaber, Paola Soldevila taldearekin oraindik batu ez bada ere dagoeneko euskarazko bromak egin dizkiotela onartu zuen Realeko webgunean. Tarragonakoa 19 urteko espainiar selekzioarekin Israelgo Europako Txapelketa jokatzen egon da uztailean zehar, Nahikari Garcia eta Leire Bañosekin batera. Txapeldunorde izendatu dira, hain zuzen ere. Gainerako taldekideekin elkartzeko gogotsu dagoela esan zuen txapelketa amaitu bezain laster, baina orain, oporraldiez disfrutatzea dagokio –abuztuaren 10era arte-.
Argazkia: Imanol Urkiri |
Lana. Horixe da Nuria Mendoza kataluniarraren giltzarria. Espanyoleko emakumezkoen taldeko zale, jakitun eta Podemos Jugar irratsaioko kolaboratzailea den Carlos Belmarrek esan bezala, “Mendoza jokalari profesional eta oso langilea da, une oro daukan guztia ematen du”. Monistrol de Montserrateko jokalaria 11 urte zituenetik zegoen Espanyol taldean, azken lau denboraldiak Lehen Mailan. Hainbeste denbora eta gero airez aldatzeko nahia, Espanyolen diru arazoak eta Realaren deia batu eta Donostian izango dugu hastear dagoen denboraldian. Izan ere, Realak berarengan zuen hainbesteko interesa ikusirik azkar batean erabaki zuela onartu du, “eta baita betidanik talde indartsua izan delako”.
Erronka
Argazkia: Imanol Urkiri |
Gazteek esperientzia hartzearekin batera, Realaren erronketako bat, hainbeste aldaketa medio, zelai barnean elkar ulertzea izango da. “Guztiok ondo batzea eta etorri garenok jadanik zegoen multzoan ondo moldatzean azpimarratzen ari gara”, eman du aditzera Lareok, aurredenboraldia horretarako dagoela gaineratuz.
Mendozaren aburuz, ordea, ez da hainbesterako arazoa izango. Kataluniarra espainiar selekzioaren azpiko taldeetan aritu izan da eta jada ezagutzen ditu Maria Diaz Cirauqui, Leire Baños, Paola Soldevila eta Nahikari Garcia. “Selekzioko konexioak lagunduko duelakoan nago”, esan du.
Argazkia: Imanol Urkiri |
Ane Etxezarretak, berriki, Lehen Mailara igotzea lortu zuen Oiartzun taldearekin. Aurten gorengo mailan jokatzeko aukera zuen, baina dena den, Realaren deiak izugarrizko poztasuna eragin zion. “Erabakia hartzea zaila izan zen”, onartu du. Talde berri batera joatea eta jende berria ezagutzea “erronka grinatsu bat bezala ikusi nuen”, arrazoitu du. Elastiko txuri-urdinarekin ekarpenak egiten saiatuko dela dio, umiltasunez, tekniko bikaina izan ez arren zer edo zer badaukala argitzera emanez.
Argazkia: Imanol Urkiri |
Guztiak agertu dira urte hauetan zehar barneratutakoa taldekideei erakusteko gogotsu. Eta nola ez, gehiago ikasteko irrikaz. “Gaztetasuna, gogoak eta, batez ere, jendea oso motibatuta dator; talde ona egiten gabiltza beraz zer esana emango dugu”, ohartarazi du Manuela Lareok, ziurtasunez.
AUPA ERREALEKO NESKAK!!!
0 comentarios: