Euskal Selekzioa eta EIREren arteko neurketa aurkeztu da
Argazkia: Jon Urbe/Argazki Press |
Euskal Selekzioa eta EIREk larunbatean (maiatzaren 10a, 18:00etan) Azpeitian jokatuko duten lagunarteko partida dela eta gaur arratsaldean (astelehena, maiatzaren 5a) prentsaurrekoa eman dute Gipuzkoako Federakuntzaren egoitzan. Maite Redondo (Federazioko Zuzendaritza Batzordeko bozeramailea eta bertako emakumezko futbolaren arduraduna), Aintzane Encinas (Realeko kapitaina), eta Maite Lizaso (Realeko jokalaria) izan dira bertan eta Jose Alvarez eta Sergio Ribera entrenatzaileekin batera neurketa honetarako jokalarien zerrenda aditzera eman dute.
Deialdia 18 jokalarik osatzen dute, horietatik hamazazpik Lehen Mailan jokatzen dute eta azkenean espainiar selekzioarekin maiatzaren 8an Estonian jokatuko duten jokalariak ere iritsiko dira larunbateko zita garrantzitsura: Ainhoa Tirapu, Irene Paredes, Leire Landa, Eli Ibarra eta Erika Vazquez dira horiek. Guztira Athletic-eko bederatzi jokalari, Realeko zazpi eta Transportes Alcaine eta Aurrera de Vitoriako jokalari bana izendatu dituzte entrenatzaileek.
Euskaldunek selekzio indartsu bat izango dute aurrean: EIRE (Irlandako Errepublika). FIFA Ranking-ean hogeita hamargarren selekzioa da eta UEFAkoan hemeretzigarrenak dira irlandarrak. Orain bertan Munduko Kopara sailkatzeko neurketetan zentratuak daude, jokatu zuten azken partida ofizialean 2-3 galdu zuten goi-mailako taldea den Alemaniaren aurka. Sailkatze fase horretan bi garaipen eta berdinketa bat eskuratu dituzte (zazpi puntu guztira), eta porrot bakarra jaso dute. Orain, astean (maiatzaren 7an), Errusiaren aurka partida garrantzitsu bat jokatu behar dute, multzoko bigarren postua lortzeko lehia bizian. EIREren deialdia asteazkenean emango da ezagutzera, baina Sue Ronan entrenatzaileak Errusiaren aurka jokatzeko aukeratutako jokalari zerrendan aldaketa gutxi ematea espero da.
Lehia erakargarri hau ikusi ahal izateko jada martxan da sarreren salmenta. 5€ eta 7€ko prezioa izango dute sarrerek eta gaurtik hasita ostiralera arte arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara Garmendipe futbol zelaian erosi ahal izango dira. Baita larunbatean bertan ere 11:00etatik 13:00era eta 16:30etatik aurrera, partidaren ordura arte (18:00ak). Telebistaren presentzia ere ez da faltako, ETB1ek zuzenean lagunarteko neurketa hau emango baitu.
Euskal Selekzioaren jokalari zerrenda:
Cristina Cornejo (Real Sociedad)
Ane Bergara (Real Sociedad)
Sandra Ramajo (Real Sociedad)
Maite Lizaso (Real Sociedad)
Aintzane Encinas (Real Sociedad)
Naiara Beristain (Real Sociedad)
Eguzkiñe Peña (Real Sociedad)
Ainhoa Tirapu (Athletic Club)
Leire Landa (Athletic Club)
Irene Paredes (Athletic Club)
Iraia Iturregi (Athletic Club)
Vanessa Gimbert (Athletic Club)
Joana Flaviano (Athñetic Club)
Eli Ibarra (Athletic Club)
Nekane Diez (Athletic Club)
Erika Vázquez (Athletic Club)
Maria Diaz Cirauqui (Transportes Alcaine)
Yulema Corres (Aurrera de Vitoria)
Albistea eta adierazpenak EiTBn
Albistea BERRIAn
Albistea GARAn
Albistea UZTARRIAn (Azpeitiko ataiye)
0 comentarios: