Hemezortzi jokalarirekin Estoniara

20:24 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Argazkia: Ane Urkiri
Jose Alvarezek atzo eman zuen ezagutara Euskal Selekzioaren deialdia Estoniari aurre egiteko. Hitzordua hilaren 23an izango da 14:00etatik aurrera. Selekzioaren multzoa Realeko eta Athleticeko zortzina jokalarik osatzen dute, eta horiei Esti Aizpurua (Oiartzun K.E.) eta Marta Unzue (FC Barcelona) batu zaizkie. 

Espainiar selekzioak Kanadan jokatuko duen Munduko Kopa dela medio, hautatzaile euskaldunak hutsune batzuk behar izan ditu. Izan ere, bost euskaldun sartu dira Ignacio Queredaren deialdian, lau Athleticeko (Ainhoa Tirapu, Irene Paredes, Eli Ibarra eta Erika Vazquez) eta Leire Landa, Bartzelonan jokatzen duen gipuzkoarra. 

Gauzak horrela, honako hau da Estoniara bidaiatuko duen jokalari zerrenda, maiatzaren 23an 14:00etatik aurrera estoniar selekzioaren aurka lehiatzeko TNTK Stadiumean: 

Iturria: Euskal Futbol Federakuntza


Orain aste bete aurreratu bezala, etxetik kanpo jokatzen duen bigarren lagunarteko izango da Estoniaren aurkakoa. Aurrenekoa 2007an jokatu zuten Argentinan eta etxeko taldeak irabazi zuen (4-2). Ordutik, Euskal Futbol Federakuntzak beste hiru lehia antolatu ditu –oraingoa laugarrena- eta hiruretan euskaldunak izan ziren garaile. Nabarmendu behar da azken urtean (2014an) bi partidu jokatu zituela Euskal Selekzioak, ezohiko egoera pasa den urtera arte. Maiatzaren 10ean Irlandako Errepublikak Azpeitia bisitatu zuen eta bertaratutakoek etxekoen garaipen batekin gozatu ederra eraman zuten, Naiara Beristainen bi gol ederrei esker. Eta gertuago daukagu euskaldun eta kataluniarren arteko lehia historikoa, zeina gizonezkoen gabon garaian ohiko lagunartekoaren bezperan jokatu zen. Eguraldiak ez zen lagun izan joku erakusgarria egiteko, baina Lasesarrera hurbildutako zaleek jokalarien borrokatzeko grina bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten, bana bukatu zen norgehiagokan (1-1).

Jada zazpigarren aldia da (Euskal Herria Kirolak 2010ean antolatutakoa haintzat hartuz gero), 2006tik gaur egunera arte, jokalari euskaldunak ofizialtasuna eta, era berean, berdintasuna aldarrikatzeko batzen direla.



0 comentarios: