Aldarrikatzeko grinarekin Estoniara
Argazkia: Maria Mentxaka |
Euskal Selekzioak jada Estonian lur hartu du, ofizialtasuna eta berdintasunaren aldarrikapena motxilan sarturik. Bihar Tallinen –TNTK Stadiumean- jokatuko da euskaldunen eta estoniarren arteko lagunartekoa. Euskal Herriko 13:00etan hasiko da (14:00ak, estoniar orduan) eta ETB4 kateak zuzenean emango duela adierazi dute. Euskaldunek, historia guztian, etxetik kanpo jokatzen duten bigarren lagunartekoa da (aurrenekoa Argentinan izan zen 2007an).
Hamahiru hilabeteren buruan hirugarren adiskidantzazko neurketa jokatuko du Jose Alvarezen agindupean dagoen selekzioak. Oraingo honetarako, entrenatzaileak ezin izan ditu deitu espainiar selekzioarekin Munduko Kopa jokatuko duten bost jokalari euskaldun (Ainhoa Tirapu, Irene Paredes, Eli Ibarra, Erika Vazquez eta Leire Landa), maiatzaren 20tik Espainiarekin kontzentraturik baitaude; ezta Naiara Beristain ere, Valentziarekin nazioarteko futbol txapelketa jokatuko baitu Uitgeesten (Holanda). Hori horrela, hiru jokalarik biharkoan debuta egingo dute selekzio absolutuarekin: Itxaso Uriarte, Ane Otxoa* eta Nahikari Garcia dira horiexek.
Iturria: Euskal Futbol Federakuntza |
Selekzio estoniarra 77. Sailkatua da FIFA Ranking-ean eta ez da Munduko Kopan egongo, iazko sasoian sailkapenean emaitza kaskarrak lortu izanagatik. Jokoan zeuden hogeita hamar puntuetatik, zazpi eskuratu zituzten estoniarrek. Bertan, espainiar selekzioarekin lehiatzea egokitu zitzaien, gol andana jaso zutelarik. Baita Italia eta Txekiar Errepublikaren aurka ere. Batu zituen puntu bakanak Errumania eta Mazedoniar Errepublikaren aurkako neurketetan izan zen.
Orain gutxi Holandaren aurka lehiatu ziren estoniarrak. Holandarentzat Kanadako Munduko Koparako prestakuntza moduko lagunartekoa izan zen eta herbeheretarren aldeko 7-0ekoa adierazi zuen markagailuak. Gauzak horrela, eta 2013ko Suediako Europar txapelketarako txartelik lortu ez zutela aintzat harturik, Estonia orain arteko aurkari ahulena dela esan dezakegu (estatistikei erreparatuz, beti ere).
Argazkia: Maria Mentxaka |
2014ko abenduaren 27an Kataluniaren aurkako norgehiagoka jaso zuen Lasesarre zelaiak (Barakaldo), banako berdinketaren amaitu zen. Kataluniarrak, euskaldunak legez, ez daude FIFA Ranking-ean; beraz, ez da lan samurra Estonia edo beste edozein selekzioren arteko konparaketa. Baina, taldeko jokalariak erreparatuz gero, maila handiko selekzioa izan zela ohartuko gara. Multzoa Bartzelonako jokalariekin egin zen; eta Sant Gabriel, Espanyol, Valentzia edo Atletico Madrileko jokalariek osatu zuten selekzioa –guztiak Lehen Mailako taldeak, orduan (Sant Gabriel bigarren mailara jaitsi baita-.
Aurretiaz Irlandako Errepublika izan zuten aurrez aurre euskaldunek Garmendipeko berdegunean (Azpeitia). Alemaniarrei gogor egitetik zetozen irlandarrak, baina Naiara Beristainen bi golei esker erosotasunez bete zuten beraien lana etxekoek. Euskal Futbol Federazioaren ibilbideari jarraiki, 2008raino jo behar dugu. Txileko 20 urte azpiko selekzioaren aurka 2-1 gailendu ziren. Euskal Selekzioaren lehen garaipena izan zen hura; izan ere, Argentinaren aurka jokaturiko bi lagunartekoetan argentinarrak nagusi izan ziren –bai Irunen eta baita Buenos Airesen ere (2-4 eta 4-2).
Euskaldunen ofizialtasunaren bide horretan, Euskal Herria Kirolak antolaturiko 2012ko adiskidantzazko neurketa nabarmendu behar da. Anoetan, 10.000 zaleren aurrean, Arrate Oruetaren gol bakarrak garaipena lortzeko balio izan zuen Eslovakiaren aurka.
Argazkia: Ane Urkiri |
Biharko hitzorduak ildo beretik jarraitzeko balioko du. Ofizialtasuna eta berdintasuna aldarri. Eta are gehiago, gaur arte inoiz gertatu ez dena pasatuko da: urte bete eta hilabete batean emakumezkoen Euskal Selekzioak bere hirugarren lagunartekoa jokatzea. Hala, Ane Bergarak EiTBri adierazi bezala, badirudi Euskal Futbol Federakuntzak benetako garrantzia eman nahi diola emakumezkoen futbolari. Eta lagunartekoa izan arren, Iraia Iturregi Athleticeko kapitainak ezin izan du irabazteko grina ezkutatu EiTBko kameren aurrean. Gainera, datorren urterako Estoniaren aurkako ‘itzulerako partidua’ hitzartu zuten bi federazioek; Irlandar Errepublika eta Kataluniarekin ere asmo bera plazaratu zuten.
*Akatsen zuzenketa: Hasiera batean deialdian Jone Guarrotxena zegoela adierazi zen. Honen ordez, ostera, Ane Otxoa atezain zuri-gorria sartu da.
0 comentarios: