“Sailkatuz gero, Kopan paper ona egin dezakegu”

19:00 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Gaztea, bizkorra eta trebea. Hiru adjektibo horiek bikaintasunez deskribatzen dute Realeko aurrelaria. Bi hilabete inguru daramatza elastiko txuri urdina defendatzen eta Nahikari Garciak (1997-03-10, Urnieta) jada zaleen nahitasuna eskuratu du. Nahiz eta Lehenengo Mailan bere lehenengo partidak izan lehiatzeko gaitasuna eta golaren laguna dela erakutsi du. 

Argazkia: Nerea Lertxundi
Ondo hasi zitzaion 2014. urtea golegile gipuzkoarrari. Realera heldu, erabilgarri egon den neurketa guztietan hasierako hamaikakoan egonez eta gol garrantzitsuak egiten. Orain espainiar selekzioari egokitzen zaio aurrelari urnietarraren jokoaz disfrutatzea. 17 urte bete berri. Bihar Costa Ricarako bidaiari ekingo dio, bertan ospatzen den 17 urte azpiko Munduko Kopa jokatzeko –martxoaren 15ean hasiko da, eta Espainiaren lehenengo neurketa martxoaren 16an 21:00etan (penintsulako ordua) Japoniaren aurka (14:00etan Costa Rican).


Hasteko, noiz eta nola hasi zinen futbolean jokatzen? 
Nire anaiarekin gehienbat, eta bere lagunekin. Etxe azpian parke bat geneukan eta bertan ibiltzen ginen egunero, gau arte. 


Betidanik futbola?
Bai, betidanik futbolean. Ping-pong eta eskubaloian ere jokatu dut, baina argi neukan futbolean jokatu nahi nuela. 


Nola deskribatuko zenuke zure etorrera?
Niretzat ia perfektua izan da. Partidu gehienak irabazi ditugu, zelai zailetan puntuatu dugu. Guretzat garrantzitsua zen eta gainera gure helburua Koparako sailkatzea izanik, gero eta hurbilago daukagu. 
Taldea dinamika onean sartu zen, eta zorte eduki dut taldea momentu onean harrapatzean. Niretzat hori ere garrantzitsua izan da. 


Orain Realarekin lan-saio gehiago dituzu, horrez gain Euskadiko selekzioaren deialdietan egoten zara, baita Espainiako 17 urte azpiko selekzioarekin ere. Nola moldatzen zara ikasketekin? 
Batzuetan konplikatua da, baino ahalik eta hoberen eramaten saiatzen naiz. Zaila izan arren, azkenean, nahi dudalako jokatzen dut futbolean eta nahi dudalako nago nagoen lekuetan. Orduan horrek konpentsatzen du, poz guztiak onuragarriak izaten dira. 


Ez zara nekatzen?
Bai, igartzen da nekea. Lehenago sartzen zara ohera, logura gehiago pasatzen duzu, baina azkenean esan dudan bezala horrek guztiak konpentsatu egiten du. 


Nola bizitu zenuen zure lehen partida elastiko txuri urdinarekin? Harmailak beterik zeuden, zer sentitu zenuen? 
Niretzat berezia izan zen, gainera Z1 zelaia oso handia dela eta harmaila handiak dituela jende ugari joan zen. Eta hori Sentitzen zen. Agian kanpotik ez da ikusten hainbeste sentitzen dugunik, baina barrutik nabaritzen da. 


Zure debutagatik ote? 
Ez, ez (barreak). Partidu garrantzitsua zen, eta egia esan jendea Zubietan oso ondo portatzen da. 


Zortzi partidu jokatu dituzu, guztietan hasieratik. Entrenatzailearen konfiantza lehen neurketatik eskuratzea espero zenuen? 

Hasieran ez nuen espero, eta gutxiago nire debutean. Ez nuen espero jokatzea. Egia esan entrenamendutan hoberena ematen saiatu naiz, eta azkenean ordainsariak iristen dira. 


Gainera zure lehen gola Bartzelonaren aurka egin zenuen, talde indartsu baten aurka. 
(Barreak) Hori oso berezia izan zen. Lehenengo sailkatuaren aurka, gainera Champions-a jokatzen ari dela, guretzat partidu garrantzitsua zen, konfiatzen genuen eta niretzat ere berezia izan zen. 

Argazkia: Nerea Lertxundi

Badirudi erritmoa hartu diozula emakumezkoen Lehen Mailari…
Zaila izan da, ez da batere erraza. Lehenengo Mailan jokatzea beste pausu bat da. Egia esan ondo hartu diot erritmoa, eta oso gustura nago. 


Uste duzu taldea gai dela Erreginaren Koparako sailkatzeko? 
Bai, bai. Eta ez hori bakarrik, nire ustez paper garrantzitsua egin dezakegu. Oso ondo gabiltza orain, dinamika honetan jarraitu behar dugu eta gauzak iritsiko dira. 


Zure falta nabarituko da…
Bai, baina taldea momentu onean dago. Badago jendea nire hutsunea betetzeko, eta nire ustez ondo egingo dute. Nik konfiatzen dut. 


[Nahikari Garcia Realeko giltzarrietako bat bihurtu da, baina ez hor bakarrik. 18 urte azpiko Euskal Selekzioan eta 17 urte azpiko espainiarrean jokalari ezinbestekoa da. Oraindik gauza asko bizitzeko parada izango du, baina dagoeneko gutxieneko esperientzia dauka txapelketa batzuetan.]


Selekzio autonomikoen txapelketan ez zarete amaierako fasera iritsi. Gol aldearengatik kanpoan geratu zarete, tristea izan al zen amaierako fasean ez sartzea? 

Egia esan guretzat gogorra izan zen. Konfiatzen genuen, oso fase onak egin genituen, talde ona geneukan eta pena azkenean golengatik ezin pasatzea. Gol bakarrarengatik gainera, baina gauza horiek orain ahaztu egin behar dira eta datorrenean pentsatu. 


17 urte azpiko espainiar selekzioarekin Eurokopako finalera iritsi zineten, zer nolako sentsazioa utzi zizun neurketa horrek?
Hori ere oso gogorra izan zen guretzat. Baina azkenean ikasteko balio digu, orain Munduko Kopa daukagu eta horretan pentsatzen ari gara. Beti egongo da finaleko arantza hori, egia esan. Orain ea Munduko Kopan paper ona egiten dugun eta gauza garrantzitsuak lortzen ditugun. 

Argazkia: Imanol Urkiri

Eta zer nabarmenduko zenuke txapelketa horietatik, Eurokopa eta Munduko Kopatik? 
Ikusiko dugu, ez dut inoiz jokatu mundial bat (barreak), baina ikusiko da. Nire ustez oso berezia izango da. Eta Eurokopa asko bizi izan ditut.Txapelketa oso garrantzitsuak izan dira, nire pertsona osatu dutenak. Hor hasi naiz jokalari/futbolista bezala eta pertsona bezala, beraz oso garrantzitsuak. 


17 urte azpiko selekzioak zita garrantzitsu bat dauka Costa Ricako Munduko Kopan, lehenengo fasea gainditzea espero duzue?
Bai, espero dugu pasatzea. Talde oso ona daukagu, Eurokopan erakutsi genuen, ez? Gure helburua ahalik eta urrutien iristea da eta finala irabazi behar bada ba, irabaziko dugu. 


Orokorrean zein da selekzio indartsuena? 
Japoniak beti, urtero, oso ekipo onak izaten ditu. Baita Txina, Alemania ere hor dago, Ipar Korea… Asiarrak normalean talde onak izaten dituzte. Kanada ere gogorrenetakoa da. 


Jada amestu duzu finala jokatzearekin? 
Noski, hori jada buruan dago. Orain Realarekin bukatu dudala, orain selekzioarekin nago zentratua eta nire helburua finalera iristea da. 


Eta, noren aurka izango litzateke amestutako final hori?
Berdin dit, gu bertan gauden bitartean berdin zait zeinen aurka izatea (barreak).


Munduko Kopa horrengatik hilabete inguru egongo zara kanpoan, nola konponduko zara ikasketen egunerokoarekin? Edukiko dituzun lanak, azterketak… 
Ikasketak ahalik eta finkatuen uzten saiatzen naiz. Dauzkadan lanak hartzen saiatzen naiz eta han, Costa Rican, pixkanaka lanean egongo naiz. 


Irakasleek malgutasuna ematen dizute?
Bai, irakasleak oso ondo portatzen ari dira nirekin. Ulertzen didate, eta gainera babesten didate. Hori niretzat garrantzitsua da. 

Argazkia: Nerea Lertxundi

Zure amets bat:
Gustatuko litzaidake, behin baino gehiagotan esan dut, Realarekin zerbait garrantzitsua lortzea. Oso talde gaztea daukagu eta urte askotarakoa. Ikusiko da, potentzial handia daukagu, baina lanean jarraitu behar dugu. 


Eta zein da zure helburu pertsonala?
Ez dakit, momentu Realean pentsatzen ari naiz, hemen disfrutatzea eta etorriko dena etorriko da. Baina gustatuko litzaidake Munduko Kopa irabaztea, niretzat garrantzitsua izango litzateke. 


[Hemendik Nahikari Garciari zorte onena opa diogu Munduko Kopan. Ea bere helburuetako bat betetzen den.]

AUPA ERREALEKO NESKAK!!!

0 comentarios: