Esker hitzak, besterik ez
Blogaren 3. urteurrenarekin zentratu baino lehen bi gauza aipatzea gustatuko litzaidake. Bata, orain dela bost bat egun Maialen Zelaiak urte bete egin du zelaietatik kanpo, lesionaturik; beraz, animo gehiago bidaltzeko tartea bilatu nahi nuke hemen.
- Maialen Zelaiarentzat: urtea luzea egin da zu lesionatuta egotean, baina jada ez zaizu ezer geratzen errekuperatzeko. Ez amore eman, inoiz; borrokalari fina zara zu eta. Zaleok irrikitan gaude berriro ere zure korrikaldiekin disfrutatzeko. Animo!
Bestea, atzo Aintzane Encinas kapitainak Realarekin 300. partida ofiziala jokatu zuen Sevillan. 25 urte eta 300 partidu elastiko txuri urdinarekin, 200 neurketa pasa Lehen Mailan. Ederra marka! Zoriontzea motz geratzen bada ere, ZORIONAK!
- Aintzane Encinasentzat: “Ilusioarekin eta grinarekin arrakasta lortu nahi duen belaunaldi baten ordezkaria” bezala deskribatu zuen Joseba Urkiola kazetariak kapitainari egindako azken elkarrizketan. 300. Partidua atzo, erraz esaten da. Hitzik gabe. Jokalari ona izateaz gain, pertsona on batek marka ona lortu du. Realaren historian zatitxo bat edukiko duena, eta nola ez, realzale guztion bizitzetan ere. Segi horrelaxe, 20 zenbakia eta Aintzane izena daukan kamiseta daraman jokalariarekin beste partidu askotan disfrutatuko dugulakoan nago.
Animo eta zorion hitzak hiru urte hauetan artikulu batzuetan presente egon diren horietarikoak dira. Baita garaipenak, porrotak edo berdinketak ere. Batzuk merezita, beste batzuk ez. Baina hori beste kontu bat da.
Argazkia: Nerea Lertxundi |
Idazten ari naizen honekin nire esker hitzak zabaldu nahi ditut. Nora hedatu? Hiru urte hauetan blog-a bisitatu eta hemengo idatziak irakurri dituzuen guztioi eskertu nahi dizuet.
Hiru urte ez dira gutxi, baina ezta asko ere. Erdibideko zer edo zer dela esango nuke. Baina urte hauetan ezagututako jendea bai izan dela asko, eta horiei esker izango ez balitz agian, une honetan, ez nintzateke hau idazten egongo. Egunak joan, egunak etorri hor atzean laguntzen pertsona nahikoa egon dira. Eta agian horiek nik baino meritu gehiago daukate. Izen batzuk aipatuko ditut, beste batzuk era orokor batean aipatuko ditut, baina ez nuke nahi inor ahazterik. Badakizue ondo baino hobeto nork lagundu didan eta nork ez, baina gehienbat hauek nabarmendu nahi ditut (ordenak ez dauka garrantzirik): Laura Rodriguez “Lalu” (Futfem.com), Asier Etxebarria (Txapeldunak.com), Valérie Quiroga, ElDeporteFemenino.com webguneko arduradunak, Manuel Galán (PodemosJugar), Ignacio, Peña Esti Aizpurua eta informazioa eskaini didaten beste hainbat pertsona, hauek batez ere twitter mundukoak dira. Horiek guztiak zerbait eman didate aurrera jarraitzeko. Eta nola ez, nire gurasoak.
Horiei eskerrak emateaz gain, Realan izenean lan egiten duten guztiei ere eman behar diet. Zergatik? Lana errazteagatik, eta beti arreta ona eskaintzeagatik.
Hamabost egunetik behin Zubietan batzen garen horiek ere hemen aipatzea merezi dute. Erakutsi didaten konfiantza izugarria izan delako. Asko estimatzen ditut pertsona horiek. Eurak badakite nortzuk diren.
Amaierako utzi dut Realeko emakumeen taldea osatzen dutenei eskerrak ematea. Azken urte hauetan taldea aldatzen joan da; jokalariak joan, beste batzuk etorri… Joan diren horiek ez ditut inoiz ahaztuko, “proiektu” honen parte izan direlako, eta beraz, nire bizitzako zati baten parte ere.
Ordutik hona taldean dauden jokalari, entrenatzaile, koordinatzaile –ekipo osoa osatzen duten horiek- eskertzeaz ezin ahaztu. Hauek ere arreta ezin hobea eman didate eta. Miresmen handia diot talde osoari. Handiak, oso handiak, direla esateaz ez nahiz nazkatuko.
Argazkia: Valérie Quiroga |
Batzuei esker hitzekin luzatzen ari naizela irudituko zaie, lausengarriegia izaten ari naizela susmatzera arte helduz. Baina ez dakizue barruan daukadan guztia eskertzeko nolako premia daukadan. Idatzi ditudan artikulu, kronika, elkarrizketa horien guztien atzean jendearen ekarpenak egon dira eta. Horiei esker gauza asko ikasi ditut. Batzuetan isilik egotea hobe dela ere ikastera arte iritsi naiz, etika izeneko kontzeptu hori errespetatzen. Etika pertsonala batez ere, kazetaritza etikarekin batera.
Beraz, zuek denok honen parte zarete. Eta espero dut beste urte gehiagotan ere izatea.
Laburbilduz, hau guztia irakurtzeko denborarik ez duen horien mesedetan,
milesker guztioi!
0 comentarios: