Euskal derbia
Badator beti zain egoten garen eguna, futbolaz eta giroaz gehien disfrutatzen dugun eguna. Denok indartsuago egoten garen eguna. Eguna baino momentua, hobeto. 90 minutu baino zertxobait gehiago. Derbia.
Beti esaten da derbiak ez duela ulertzen estatistikez eta orain bertan Realari hori ondo baino hobeto datorkio. Bolada eskasa noiz baiten amaitu egin behar da, zergatik ez ostegun honetan? Liderraren etxean sorpresa ematea posible da, zergatik ez? Txuri urdinak eta zuri gorriak aurrez aurre, euskal derbi indartsuena ikusgai Lezaman.
Argazkia: Nerea Lertxundi |
Ilusio berezi bat eragiten du, bai jokalariengan eta baita ikusleengan ere. Taldea berotzen hasten denean afizioa ahotsa berotzen hasten da; beti ere, aurkariak baino gehiago egin nahian.
Jokoa baino garrantzitsuago izaten dira kasta eta ilusioa. Baloi guztiak borrokatzeko grina hori, ezer galdutzat eman gabe. Afizioak horrekin disfrutatu egiten du eta horregatik harrapatzen gaitu emakumezkoen futbolak, eta derbiak are gehiago.
Talde honek, Realak, bolada eskasari buelta emateko laguntza behar du eta gu prest gaude. Athletic-en emaitzak sinestezinak dira baina hala ere euren afizioaren laguntza izango dute. Horregatik Lezamara hurbildu behar gara; Zubieta baino urrunago dago baina ezin ditugu jokalariak bakarrik utzi.
Argazkia: Nerea Lertxundi |
Hauek egunero egiten dute izugarrizko esfortzua, izugarrizko lana; gu, afizioa, ez al gara gai egun batez esfortzu txiki bat egiteko? Eta gainera futbolaz eta giroaz disfrutatuko dugula argi baino argiago dago.
Gure lurraldeko jokalari onenen espektakulua eta kalitatea ikusteko aukera paregabea daukagu. Euskal Herriko selekzioko jokalari gehienak ikusteko aukera. Derbiko giroan murgiltzeko prest al zaude? Beti ere errespetuz eta umore onez.
Ostegunean Lezamara joatea egokitzen zaigu, ez da gure etxea baina Euskal Herrian egoten jarraitzen du, gure herrian. Euskararen herrian. Euskal derbia ikusgai Lezaman, euskaldunon arteko partidu eta giro bikaina.
AUPA ERREALEKO NESKAK!!!
0 comentarios: