"Azken finean hamaika hamaikaren aurka da, ez dago besterik"
11 urte zeuzkanetik Añorgan ibili da Ainhoa Vicente (1995-08-20, Donostia) eta aurten Errealak egin duen fitxaketetako bat izan da. Maila ona ematen ari da lateral postuan, kalitatea eta bizkortasuna dauka; eta horren gainetik ilusioa. Taldeko gazteena da bera eta argi dago horrelako jokalariekin talde txuri urdina etorkizun oparoa izango duela.
Noiz hasi zinen futbola praktikatzen?
Txikitan ez nuen futbolean hainbeste jokatzen. Ikastolan saskibaloia, eskubaloia, eta abar egiten genituen. Atletismoa egin behar nuen, baina azken finean futbola kolektiboagoa iruditzen zait eta nahiago nuen.
Betidanik jokatu al duzu lateral postuan?
Ni berez zentrala naiz, baina aurreko urtean partidu batzuk lateral postuan jokatzen hasi nintzen eta hortik aurrera hortxe.
Nola jaso zintuzten taldekideek?
Hasieran oso urduri nengoen eta beraiek beti bromak egiten zenbiltzan; eta horrek eragin asko dauka, batez ere taldeko giroan. Oso ondo hartu ninduten, oso oso ondo.
Taldeko gazteena izateak ba al dauka abantaila edo desabantailarik?
Nik uste dut ezetz, beste taldekide bat gehiago naiz, besteak bezala. Adinak ez du zerikusirik.
Zer moduz ikusten duzu taldea?
Entrenamendu oso onak egiten ditugu; gauza asko eta onak egiten ditugu, baina gero zelaian gauza horrek ez ditugula egiten, edo egin eta ez direla ateratzen ikusten da. Eta horrek bai desanimatzen gaitu.
Mallorkan hiru puntuak bai edo bai lortu beharko dira, ezta?
Bai, ez dago besterik. Jada ezin dugu beste punturik galdu.
Espainiako 19 urte azpiko selekzioarekin entrenamendu batzuk ere egin dituzu, nolako esperientzia izan zen?
Ez nuen espero, inola ere ez. Oso esperientzia ona izan zen, baina kalitatezko jende asko dago eta han sartzea oso zaila da. Hala ere, nik nahiago nire taldean zentratu eta jokatu. Beti egiten du ilusioa selekzioarekin joatea, baina nik nahiago dut taldea.
Errealeko kamisetarekin jokatzean motibazioa edo presioa sentitzen duzu?
Motibazioa handia bada eta presioa nirekiko, gauzak ondo egiteko; batez ere taldeari kalterik ez egiteko.
[Sevillaren aurka galdu eta gero jaso gintuen. Hasieran elkarrizketetarako ez zekiela hitz egiten esan zigun, baina ondo baino hobeto moldatu zen. Azken partiduetan ez dute lortu esperotako emaitzak, hala ere Ainhoa optimista da datozen partituez hitz egitean.]
Argazkia: Ioseba Manterola |
Abenduan dauzkazuen lau partiduak oso zailak dira, puntu garrantzitsuak aterako dituzuelakoan al zaude?
Orain arte lan ona egin dugu, ez dute zertan txarrak izan behar partidu horiek. Orain arte bezala egiten baldin badugu, nik uste dut ateratzeko gai bagarela.
Lau aurkari gogorren aurka segidan jokatzeak taldearen animoan eragina izango al du?
Motibazioa gehienbat, gu ere talde ona baikara. Beraiek ere onak dira baina gugan pentsatu behar dugu. Azken finean hamaika hamaikaren aurka da, ez dago besterik.
Ze helburu eduki beharko luke taldeak?
Egunerokotasuna. Lana, lana, lana eta lana; eta horrela aterako da.
Eta ze helburu pertsonal dituzu?
Ikastea eta taldearekiko onena ateratzea.
MILESKER AINHOA!!!
ONENA OPA DIZUGU!
0 comentarios: