"Edozein partidu irabazteko beti borrokatu, ondo jokatu eta asmatu egin behar da"
Argazkia: Valérie Quiroga |
Donostiarra, futbol jokalaria, aurrelaria, bizkorra… Maialen Zelaiataz mintzo naiz (1988-08-21, Donostia), talde txuri urdinaren goleatzailea. 2007an Errealera heldu baino lehenago Añorgan zebilen, hor ere golak sartzeaz arduratzen zen. Denboraldi berri honetan oraingoz bi partidu soilik jokatu dituzte eta jada hiru gol sartu ditu Zelaiak, martxa onean hasi da donostiarra.
Igandeko partidaren ondoren bera elkarrizketatzeko plazerra izan genuen. Bi gol sartu zituen neurketa horretan, horietariko bat benetan ederra, eta irribarretsu jaso gintuen. Hala ere, argi utzi zigun berarentzat garrantzitsuena partidak irabaztea dela. Erosoen futbol zelaian egoten da, baina elkarrizketa oso gutxitan egoten den lekuan egin genuen: harmailetan.
Ze sentsaziorekin amaitu zenuen joan zen denboraldia?
Joan zen denboraldia oso ona izan zen, bukaeran batez ere erregulartasun hori aurkitu genuen eta ondo bukatu genuen. Beti kostatzen zaigu talde handien aurka garaipenak lortzea, Espanyolen aurka lortu genuen eta orokorrean denboraldi ona.
Zer moduz ikusi duzu taldea lehenengo bi partidu ofizialetan?
Rayoren aurka hastea exijentzi maila handia da eta edozeini irabazteko gai garela erakutsi genuen, partidari buelta eman baikenion hiru aldiz. Beraiek golak agian errazegi sartu zituzten eta ezin izan genuen punturik lortu.
Eta gaurkoan oso ondo. Irabazi eta hiru puntuak etxean.
Joan zen astean zelai konplikatu batean hiru gol sartzea lortu zenituzten, zer uste duzu falta izan zitzaizuela puntuatzeko?
Kanpoan hiru gol sartzeak eta punturik ez lortzeak zerbait falta izan zenaren seinale da. Agian akats batzuk izan genituen, baina hiru gol sartu genituen eta Rayo Vallecano aurkari gogorra da, positiboki ere begiratu behar da.
Argazkia: Valérie Quiroga |
Jada jokalari profesionalak zarete, horrek zerbait aldatu al zaituzte?
Emakumezkoen futbolarentzat aurrerapauso bat da. Kontratuak ditugu eta hori da aldaketa, baina bestela berdina izaten jarraitzen dugu.
Taldean zer aldatu da Errealera etorri zinenetik?
Taldea gorantz joan da. Emakumezkoen futbola aurrera doa eta Gipuzkoan ere lan asko egiten da teknikoki jokalariak hobeak izateko.
Etxean emaitza hobeak lortzen dituzue, zer dela eta?
Etxean jokatzea gehiago gustatzen zaigu, gure zelaia da, jarraitzaileen eta gurasoen animoak jasotzen ditugu eta horrek motibatu egiten gaitu.
Helburuetako bat etxetik kanpo hobetzea litzateke?
Bai, erregulartasun hori etxetik kanpo lortzea helburu bat izango litzateke. Argi dago etxean egiten ditugun emaitzak kanpoan egiten baditugu oso goian egongo garela.
Aurten bi talde gutxiago daude eta erdiak Kopa jokatzeko sailkatzen dira, horrek motibatzen zaituzte?
Joan zen denboraldian lau talde bakarrik sailkatu ziren Kopa jokatzeko eta hasieratik genekien oso zaila izango zela. Aurten zortzi sailkatzen direnez, nik uste dut hor egon behar dugula, hori izan behar dela helburuetako bat.
Eta Liga irabaztea zeintzuen lehia izango dela uste duzu?
Goian betikoak egongo direlakoan nago, gu ere hor sartuko gara baina azkenean Liga irabazlea bidean puntu gutxien galtzen duena izango dira. Joan zen denboraldiaren antzera.
Argazkia: Nerea Lertxundi |
Denboraldi honetan Ligan konpetentzia gehiago egongo dela nabari duzu?
Talde guztiek hobera egiten dute eta ikusi da Liga formatu honekin partiduak ez direla batere errazak. Edozein partidu irabazteko beti borrokatu, ondo jokatu eta asmatu egin behar da.
Entrenatzaile aldaketak asko eman dio taldeari?
Etxabe hiru urtez egon zen gurekin (bi urtez entrenatzaile bezala) eta bere metodoa bagenekien zein zen. Entrenatzaile berria etortzeak aparteko motibazio hori ematen digu, berriz postua irabazi behar izanak, denok jokatu nahi izateak…
Aurten zenbat gol sartzea espero duzu?
Nire helburua beti aurreko denboraldikoa hobetzea da, baina ez naiz horretan zentratzen. Azkenean helburua irabaztea da, beti esaten dudan moduan; baina edonori gustatzen zaio golak sartzea eta aurrelari bat izanda gehiago.
Joan zen denboraldian sartu zenuen gol berezi edo onena...
Denak dira bereziak baina Espanyolen aurka Zubietan sartutakoa da gehien gogoratzen dudana. Partidari buelta emateak, talde handi bati irabazteak motibatu egiten du eta horregatik gol horrekin gelditzen naiz.
ESKERRIK ASKO MAIALEN!
INOIZ BAINO GOL GEHIAGO SARTUKO DUZULAKOAN GAUDE!!!
0 comentarios: