Merezitako txapeldunak!

0:46 Ane Urkiri 0 Comments

Erreala II. Euskal Herriko Kopako txapelduna izan da Athletic-eri 2-0 irabaztean, Naiara Beristain eta Marina Agoüesen golei esker. 

Harmailak beterik itxaron dute partida hasiera, giro ederra Beasaineko Loinaz zelaian. Jokalarien hasierako agurren eta argazkien ostean hasi da neurketa. Aurredenboraldiko bigarren derbia zen hau, eta lehenengoa bezala, hau ere erritmo handiarekin hasi da. Aurrez aurre Lehen Mailako bi talde euskaldun onenak zeuden eta ez da izan edonolako partida.

Argazkia: Nerea Lertxundi
Talde txuri urdina kontzentratuta irten da futbol zelaira eta lehen minututan erasoko jokaldi politak eraiki dituzte. Naiara Beristainek  baloi ederra zabaldu du Aintzaneren bandara, donostiarrak bere abiadura aprobetxatuz korner bat lortu du. Errealaren lehenengo abisua. Beste jokaldi batean, oraindik hasierako minututan, Guruk pase luze bat bidali dio Uxueri baina Athletic-eko atezainak gutxigatik aurrea hartu du. Naiara Beristain bere talde oiharen aurka motibazio bereziarekin zebilen eta bere korrikaldi batean leku arriskutsuan baloia lapurtzeko zorian egon da. Erreala eroso sentitzen zen Loinaz futbol zelaian.

Hamabosgarren minutua zen Aintzane eta Leireren lehiaren ondoren jokalari txuri urdinak erdiratu, Uxueren erremateak langa jo eta aldaratzea Beristainek, lurretik, gola sartzeko aprobetxatu duenean. Athletic erreakzionatzen saiatu da eta gola jaso eta bost minutura ia berdinketarena sartu du Erikak. Jokalari zuri gorriak baloia Sokoaren gainetik jaurti du baina Anek azken momentuan baloia urruntzea lortu du.

Argazkia: Nerea Lertxundi
Ez pentsa Erreala atzean geratu denik markagailua alde zeukala. Berriro ere Beristain protagonista, pase on bat jaurti dio Uxueri baina oraingo honetan ere atezainak aurrea hartu du. Talde gipuzkoarra erasoan ondo, baita defentsan ere. Lehenengo berrogeita bost minutuak betetzear zeudela, Erikaren erdiratzean Oruetak erremate ederra egin du, baina Sokoak esku bikaina atera du baloi hori gelditzeko.

Erreala markagailuan aurretik zegoela amaitu da lehenengo zatia. Harmailetako ikusle txuri urdinak pozez zoratzen, Euskal Herriko Kopako txapeldunak izatea gero eta hurbilago ikusten zen.

Bigarren zatian talde txuri urdinak lau aldaketa egin ditu; Athletic-ek, ordea, bakarra. Dudarik gabe talde bizkaitarra berdinketaren bila joan da, eta lehen bait lehen lortzea komeni zitzaion. Hasi eta minutu gutxira Oruetaren erremateak ez du atea aurkitu. Talde txuri urdinak futbol zelaian sendo egoten jarraitzen zuen, presioa eginez Athletic-en jokoa oztopatuz. Horrelako jokaldi batean, Arranz atzelariak atezainari baloi gaizto bat bidali eta honek gaizki urruntzean Zelaiak ez du buruz errematatzea lortu, gutxigatik.

Minutuak aurrera zihoazen eta Athletic joko zuzena egiten saiatu da. Eunatek, atezainaren aurrean bakar-bakarrik zegoela, baloi luze bat ezin izan du kontrolatu. Bigarren zatiko Athletic-en lehen abisu serioa. Aukera horren ondoren erasorako beste bi jokalari sartu ditu Fuentes entrenatzaileak. Aldaketa horien ostean talde bizkaitarrak gol aukera nahibeste izan ditu. Oruetaren erremate ederra, jada denok gola ikusten genuenean, Crisek salbatu du. Zortzi minutura, Silvia jokalari gazteak area kanpotik jaurtiketa polita egin eta atezain txuri urdinak nahikoa ukitu du baloiak langa jo zezan.

Argazkia: Nerea Lertxundi
Minutuak aurrera, Erreala sendo eta Athletic halabeharrez golaren bila. Gainera bost minutuan bi jokalari zuri gorri area barruan bota dira, epaileak amua irentsiko zuelakoan. Bitartean Crisek adi jarraitzen zituen talde bizkaitarraren erasoko jokaldiak. Laurogeita batgarren minutuan beste geldialdi bikaina edin du Iruneren jaurtiketa batean. Hortik gutxira, Erikak bere oinetan berdinketaren gola izan du baina Esti eta Ainhoaren artean baloi arriskutsua urruntzea lortu dute. Athletic-en gola hurbilago ikusten zen Errealaren bigarrena baino. Baina hala ere talde gipuzkoarrak baloi guztiak borrokatzen jarraitzen zuen, intentsitate handiz jokatuz. Futbolean baloiak borrokatzea nolako garrantzitsua den erakutsi du Eguzkiñek laurogeita seigarren minutuan. Azpeitiarrak Oruetarekin batera baloiaren jabetza lortzeko lehian ibili ostean, baloia errekuperatu eta area ertzean bakar-bakarrik zegoela atzetik Marina zetorrela ikusi eta berari eman dio baloia honek sareetara bidaltzeko.

2-0 eta bost minutu baino gutxiago bukaerarako. Azkeneko aukera talde bizkaitarrarena izan da, baina zortez Erikaren erramatea kanpora joan da. Epaileak azkeneko hiru txistu jo eta Erreala txapeldun. Ikusle txuri urdinak saltoka, aurpegian izugarrizko irribarrearekin. Denok dakigu zer den Athletic-eri irabaztea. Gainera, irabazteaz gain, txuri urdinak partida serioa eta gogorra jokatu dute, sentsazio onak hutsiz Liga hasi baino lehenagoko partidan. Aipatzekoa, Kopako jokalari onena Itxaso Uriarte izan dela, futbol zelaian detaile politak utzi ditu gasteiztarrak.

Fitxa teknikoa:


Real Sociedad: Soko (Cris, 46. min.); Sandra (Olatz, 71. min.), Esti, Ane (Ainhoa, 46. min.), Manterola; Guru (Idoia, 71. min.), Itxaso, Beristain (Herrero, 59. min.), Aintzane (Gaste, 46. min.), Uxue (Marina, 46. min.); Zelaia (Eguzkiñe, 59. min.)

Athletic: Ainhoa; Leire, Arranz (Manu, 63. min.), Sandra (Eunate, 46. min.), Iraia; Orueta, Silvia, Nekane, Guru (Irune, 63. min.), Ibarra; Erika

Golak: 1-0: Naiara Beristain, 15. min.; 2-0: Marina Agoües, 86. min.

Epailea: Haro Marcos. Txartel horia atera dio Errealeko jokalariak diren Esti eta Ainara Manterolari eta Nekane eta Orueta zuri gorriei.


Euskal Herriko Kopako txapeldunak izanik hurrengo asteburuan burua goian dutela bidaiatuko dute Madrilera. Hor ere garaipena lortzeko gaur bezela borrokatuko dute, buruarekin eta bihotzarekin.

Argazkia: Nerea Lertxundi

ZORIONAK NESKAK!!!

AUPA ERREALEKO NESKAK!!!

0 comentarios: