Garaipen historikoa

20:15 Ane Urkiri 0 Comments

Handia, izugarria, hunkigarria… Atzokoa egun historikoa izan zen, historian beti gogoratuko dugun horietakoa.
Argazkia: Valérie Quiroga

Jaia eta festa giroa 10:30etatik zegoen Anoeta inguruko pasealekuan, 16:30ak baino zertxobait lehenago horko festa guztia futbol zelaira sartu zen, gure emakume futbolariak animatzeko, gure selekzioa animatzeko. Bertako giroa magikoa izan zen. Partidua hasi baino lehenagoko txaloek ederki islatzen zuten bertako giroa. Jokalariek ikusleen babesa berotzen hasi zirenetik sentitu ahal izan zuten. Hunkigarria benetan. Momentu ederra baita Añorga eta Oiartzun taldeei, emakumeen futbolaren aitzindariak izan ziren taldeei, eskainitako omenaldia.

Argazkia: Ortzi Omeñaka

16:25 eta jokalariak zelaira, izugarrizko txalo zaparrada. Argazkia, ereserkia eta partidaren hasiera. Hau ere txalo zaparrada batekin batera. Hasi eta berehala lehen gol aukera, Aintzane protagonista. Gogo handiarekin presionatu ostean, area barruan baloia lapurtu eta atezainaren aurrean bakar bakarrik zegoela baloia kanpora joan zen. Lehen abisua. Bigarren abisua Zelaia eta Oruetaren oinetatik etorri zen, Zelaiak pase on bat Athletic-eko jokalariari, honek erdiratu baina erdiraketak ez zuen errematatzailerik aurkitu. Eta hirugarren abisuan gola. Aintzanek kornerretik erdiratu eta defentsa batek ukitu ostean Orueta bigarren postean aurkitzen zen bakar bakarrik errematatzeko. Harmailatako jendea pozez zoratzen, zutik, txaloka, jokalarien aurpegietan ere irribarrea nagusi, besarkadak, alaitasuna. Euskal Herriko selekzioaren lehen gola, eta egileak, Arrate Oruetak, bere taldekidea den Aitziber Juaristi “Tzibi”-ri eskaini zion, orain dela gutxi operatua izan baita belauneko lesio batetik.

Argazkia: Ortzi Omeñaka
Ez zen hor amaitu gure selekzioaren atakea, beste bi gol aukera garbi izan zituzten. Hamabigarren minutuan Aintzane Encinasen erdiraketa batean, hainbatetako batean, Itsaso Nabaskuesek errematatu eta posteak gola galarazi zuen. Hurrengo gol aukera Aintzanek eduki zuen, Oruetaren izugarrizko pasea jaso ondoren atezainaren aurrean geratu zen baina jaurtiketa atezainak gelditu zuen. Goleatzailea eta pasatzaileak paperak aldatu zituzten azkeneko gol aukeran. Hortik aurrera ez ziren aukera garbiagorik egon, baina ikusleek momentu onak pasatu zituzten. Aipatzekoa Anoetan egon zen olatua. Olatua ez, tsunamia. Hainbat buelta eman zituen olatu honek, denok pozik, denok festa giroan.

Orokorrean Euskal Herriko selekzioak konbinaketa onak egin zuen, eta defentsan oso sendo egon ziren. Eslovakiako selekzioak aldiz, atakean ez zuen gauza handirik egin. Ainhoa Tirapuk, lehen zatiko atezainak, ez zuen lan handirik eduki.

43. minutua berezia izan zen, gure selekzioaren lehen aldaketa, aldaketa bereziena. Larraitz Lucas kapitainaren aldaketa, baloiari bere azken paseak eman eta gero Marta Docandok ordezkatu zuen. Bitartean jendea zutik, txaloka, jokalari handi honen agurra polita izan zedin. Merezitako txalo zaparrada. Eskerrik asko Larraitz.

Atsedenaldia, ogitartekoak jateko aprobetxatua, komunera joan eta bigarren zatian animatzen jarraitzeko prest. Bigarren zatian hainbat aldaketarekin hasi zen partidua, ia talde guztia aldatu zen. Partidua denentzako baitzen berezia. Bigarren zati hau Eslovakiaren erasoarekin hasi zen. Falta jaurtiketa baten ia berdinketaren gola iritsi zen. Baina zorionez erremateak ez zuen atea aurkitu.

Argazkia: Ortzi Omeñaka
Gero gure selekzioaren aukerak heldu ziren. Gururen erdiraketa Herrerok gutxigatik kanpora errematatu zuen. Harmailak zutik, “uy” esanez. Ondoren beste hiru aldaketa egin ziren. Aldaketak eta gero beste aukera bat. Oraingoan Herrerok baloia lapurtu eta Iruneri pasatzea erabaki zuen, honek jaurtik beharrean Gururi izugarrizko pasea bota eta azken honek gutxigatik kanpora jaurti zuen.

Ikusten zen Eslovakia pixkatxo bat sendoago zegoela, erasoan lehen zatian baino hobeto zegoen, baina hala ere Maria Goñik ez zuen lan handirik eduki. Euskal Selekzioaren erasoak arriskutsuagoak ziren. Beste bi aukera garbi eduki zituen. Guruk erdiratu eta Nekaneren erremate akrobatikoa kanpora. Bigarrenean ere protagonista berberak. Gururen erdiraketa Nekanek errematatu zuen, baina zoritxarrez kanpora joan zen.

Argazkia: Ortzi Omeñaka


Horixe guztia. Partida historikoa amaituta baina jendea oraindik harmailetan. Ikusleak txaloka, jokalariak txaloak ikusleei itzultzen. Une berezia. Jokalariak alde batetik bestera, denak eskutik helduta harmailetara bidean, ikusleei eskertzen. Ikusleak bitartean txaloka. Eta ez zen hor amaitu dena. Jokalariek ez zuten nahi aldageletara joan eta futbol zelaiari itzulia ematea pentsatu zuten. Hemen ere ikusleak eta jokalariak, denok, txaloka, zutik. Momentua disfrutatzen. Hortxe amaitu zen dena. Denok gogoratuko dugun eguna, egun berezia. Espero dugu hurrengo urtean ere egun hau antolatua izatea, berriz ere gure selekzioa eta emakumezko futbolarekin disfrutatzeko.


HAMAIKA GARA!!!

0 comentarios: