Biharko eguna izugarria izango da

20:29 Ane Urkiri 0 Comments

Bihar Euskal Herriarentzat egun berezia izango da: gure hizkuntza eta gure selekzioa aldarrikatuko dira, “Hamaika gara” izenarekin.. Horretarako egun guztian ekimen zabal bat eta adin guztietako pertsonentzako ekitaldiak egongo dira. Baina berezia izate hori ez da horregatik bakarrik izango, beste protagonista batzuk izango ditu egunak. Euskal Herriko emakumezkoen futbol selekzioa izango da bihar paper garrantzitsu bat jokatuko duena.


Argazkia: Hamaika Gara
16:30etan hasiko da partida garrantzitsu hori, non Eslovakia izango den aurkaria. Aurkariak ez dauka maila kaxkarra, FIFAko 36. Postuan kokatzen baita eta gainera astean zehar Europako Kopara sailkatzeko partida jokatu ostean bere maila onenean helduko da partidara. Euskal Herriko selekzioa ordea aste honetan batu da, jokalari guztiak ez dute denboraldia egun berdinean bukatu eta agian horixe izango da handicap bakarra. Bakarra, zeren eta jokalariak gogotsu eta izugarrizko ilusioarekin dabiltza aste honetan. Lan saioetan seriotasunaz gain -asteartean, gaur (ostirala) eta bihar goizean azkenekoa-, ilusio aurpegiak ikusi dira, eta horixe azpimarratu dute protagonistek astean zehar edukitako elkarrizketetan.


Anoeta futbol zelaiak jasoko du Euskal Herria eta Eslovakiaren arteko espektakulu hau. Anoetak lehen aldiz emakume futbolariak jasoko ditu, futbol zelai honetan lehen aldiz emakumeak izango dira protagonistak. Horrez gain, milaka ikusle izango dira bertan. Euskal Herria eta gure hizkuntza defendatzen duten milaka. Hori defendatzen duten bitartean, gure neskak animatzeko tartetxoa edukiko dute.


Partida honen helburuetako, aurrerago esan dugunaz gain, hau da, ofizialtasunaz gain, gure selekzioa FIFAko sailkapenean ze postutan egongo legoken jakin nahi da. Horregatik aurten Eslovakia gonbidatu dute, baina partida hau irabaziz gero hurrengo urtean sailkapenean gorago dagoen talde bat ekartzeko asmoa dago. Euskal Herriko selekzioaren benetako maila jakin nahi dugu.


Argazkia: Hamaika Gara
Taldea emakumezkoen Lehen Mailako taldeetan dauden jokalari euskaldun onenez osatuta dago. Athletic, Erreala, Lagunak, Espanyol, Atletico de Madrid eta gonbidatu bezala Iparraldeko bi jokalari. Hasiera batean Garbiñe Etxeberria eta Iñigo Juaristi hautatzaileek jokalarien deialdi bat egin zuten, baina azken astean deialdiko hiru jokalari kanpoan geratu dira (Amaia Olabarrieta (Athletic), lesioagatik; eta Laura Gomez eta Marta Unzue (Bartzelona), arazo batzuengatik). Azken deialdi finkoa hauxe da: Esti Aizpurua, Ane Bergara, Sandra Ramajo, Marina Agoües, Maite Lizaso, Larraitz Lucas, Ainara Herrero, Aintzane Encinas, Maialen Zelaia (Erreala); Ainhoa Tirapu, Iraia Iturregi, Irene Paredes, Itsaso Nabaskues, Arrate Orueta, Gurutze Fernandez, Eli Ibarra, Nekane Diez, Irune Murua (Athletic); Maria Goñi eta Eunate Arraiza (Lagunak); Leire Landa eta Marta Docando (Atletico de Madrid); Vanesa Gimbert (Espanyol) eta azkenik Iparraldeko jokalariak diren Amaia Prebende eta Maite Etcharren.


Bistan dago talde sendoa dela eta maila txukuna emango duela bihar, Eslovakiaren aurka. Hasieran urduritasuna nabariko da, herria defendatzeagatik, Anoeta bezelako eszenatokiagatik eta milaka pertsonen aurrean egoteagatik. Baina urduritasun minutu horiek hasierakoak izango dira, ilusioak aurre egingo dio, ziur. Partidu ona ikusteko aukera egongo da, ez dudarik izan. Horretaz gain, asteotan beste protagonista handi bat egon da: Larraitz Lucas. Bere azken partida jokatuko du bihar, eta berak futbolari inoiz huts egin ez dion bezala guk oraingoan ezin diogu berari huts egin. Merezitako agurra izan behar da.


Biharko eguna gurea izan behar da, euskaldunona. Herri guztia baturik geurea dena defendatu behar dugu, bitartean emakume futbolariak animatzen ditugularik. Gaur bi selekzioak batera Donostiatik ibilaldi bat egin dute eta eguerdi aldean alkatearen batu dira, Gaztelubide sozietatera bazkaltzera joan aurretik. Detaile horrek biharko partida nolakoa izango den erakutsi du, lagunartekoa, berezia non bi taldeek garaipena bilatuko duten.


Argazkia: Hamaika Gara
Azken bi asteotan inoiz baino gehiago aritu dira komunikabideak partida historiko eta egun garrantzitsu honetaz mintzatzen, bai prentsa bidez, bai telebista eta baita sare sozial bidez. Emakumezko futbolari garrantzi handiagoa ematen. Espero dugu datorren denboraldian ere babes berberarekin jarraitzea, gutxinaka gutxinaka emakumezkoen kirolak aurrera jarraitu dezan. Egun hauetan, behingoagatik, emakumezko jokalariak garrantzitsu sentitu dira; horrelaxe sentiarazi behar dira urte guztian. Eskerrik asko lan honetan parte hartu duzuen guztioi: EiTB, Gara, Naiz, Berria, Hamaika Gara, Euskal Herria Kirola, Erreala, jokalariak eurak, afizioa, eta abar. Sare sozialetan, oraingo garaietan hain garrantzitsu bihurtu diren horietan, garrantzi izugarria hartu dute, bai jokalariek eta bai Hamaika Gara egunak ere. Hori dena aurrerago esan ditudanei esker. Milesker!



BIHAR DENOK ANOETARA!


0 comentarios: