“Berdintasunera hurbiltzeko egiten dugun guztiari balorea eman behar zaio”
2012-03-19
GARBIÑE ETXEBERRIA. ERREALEKO EMAKUMEEN TALDEKO ORDEZKARIA
Aste honetan albistea Errealeako emakumeen taldean dago, lan kontratuak lortu dituzte eta datorren denboralditik aurrera fitxa profesionalak izango dituzte jokalari guztiek. Euskal Herrian lehen taldea da aurrerapauso hori eman duena, eta Espainia mailan bigarrena, Bartzelonaren atzetik. Oraindik oso urrun daude mutilek kobratzen duten dirutzetatik, baina lan egoera behintzat pixka bat aldatu zaie.
Argazkia: Valérie Quiroga |
Emakumeak gizonak baino gutxiago errespetatuak direla argi dago, eta futbolean oraindik eta argiago ikusten da egoera hori. Kirol honetan pausuak poliki ematen ari dira, berdintasunera iristeko amets horrekin. Borroka luze honetan hainbat pertsona ari dira, baina gure gaurko protagonistak jende gehiago behar direla uste du. Gipuzkoa mailan erreferentea izan da Garbiñe Etxeberria, eta gaur eguneko egoera berak baino hobeto ezagutzen duenik ez dago. Hernaniar hau talde txuri urdinaren ordezkaria da, eta Gipuzkoako emakumezkoen koordinatzailea ere bada. Hainbat bizipen izan ditu Errealean, duela 8 urtetik baitabil lanean, taldea sortu zenetik hain zuzen ere. Nahiz eta elastiko txuri urdinarekin ez jolastu, Oiartzunekin tituluak irabazia da, 2 Erreginaren Kopa irabazi zituen (86-87 eta 87-88 denboraldietan).
Nominak, lan-kontratuak, profesionalizazioa… Aurrerapauso hauekin gauza asko aldatuko al dira emakumeen kirolean?
Kirol batzuetan jada horrelako baldintzak badituzte. Gu 8 urte hauetan egoera oso ezberdinean egon gara, baldintza ez hain onekin, eta orain izugarri aldatzen zaigu egoera. Gauzak beste enfoke batekin ikusten ahalbidetuko digu.
Albiste hori irten denetik hedabideetan garrantzi izugarria ematen ari zaizue, momentuko gauza dela uste duzu?
Albisteak badauka albiste izateko indarra, eta honekin komunikabideetan maiztasun gehiagorekin irtetea eta kirol mailan notizi izatea gustatuko litzaiguke.
Baina EITB bezalako hedabide garrantzitsuak ez du oihartzunik egin, zergatik?
Hori beraiei galdetu beharko diezu (kar, kar, kar). Euskal Herri osora zabaltzeko komunikabide ona da, baina ez du albistea aipatu ere egin.
Argazkia: Nerea Lertxundi |
Jokalariek zer moduz hartu dute albistea?
Kontseilu hau sartu zenean hasieratik esan zitzaigun gure baldintzak hobetzeko lan egingo zutela, eta urtetik urtera aldaketak nabaritu ditugu. Pauso hau ez da jokalarientzat bat-batekoa izan baina bai errealitatea, eta izugarrizko poza hartu dute.
Errealeko mutilen taldea Lehen Mailan egoteak, helburu hori lortzea erraztu dizue?
Klubean baldintza okerragoetan ere egon gara, momentu txarrak bizi izan ditugu, eta horrek denongan eragina du. Kluba orain pixkanaka bere tokira itzultzen ari da eta horrek lagundu egiten du.
Zu zeu zara talde honen eboluzioa hobekien ezagutzen duena, zer moduzko lana egin dute jokalariek dauden lekuan egoteko?
Lan oso gogorra egiten dute eta hori eskertzekoa, aipatzekoa eta kontutan hartzekoa da. Errealeko jokalari izateak asko eskatzen du, gustuko gauza bat da baina sakrifizio handia da.
Aurten ere lan izugarria egiten ari da taldea, zenbateko puntuazioa emango zenioke?
8, beti hobetu daiteke, bereziki partidu batzuk. Baina teoria gauza bat da eta jokatu egin behar dira partiduak, ez da beti erreza izaten zure azpitik dagoenari irabaztea.
Eta orain bertan zein jokalariri emango zenioke puntuazio altuena?
Egia esango dizut, futbola talde-kirola da. Batzuetan jokalari bat nabarmenduko da eta beste batzuetan beste bat, besteetan defentsak izango dira onenak, hurrengo batean aurrelariak...
Zaila izan al zen Errealeko nesken taldea sortzea?
Zaila izan zen horra iristea, taldea sortu baino lehenago eman ziren pausuak, prozesua. Ondoren, taldea sortu zenean ere kohesionatu egin behar zen, jokalari denak akoplatu egin behar ziren fitxaketak klub ezberdinetatik egin baitziren.
Zerk edo nork bultzatu zuen Errealeko nesken taldea sortzera?
Gipuzkoako futbolak erreferente batzuk izan ditu eta Superligan jokatzeko klubari asko suposatzen zion ekonomikoki. Orduan horren buru izateko Erreala zela egokiena bururatu zitzaien, eta hori izan zen Errealaren apustua.
Jokalari moduan aritu izan zara, baina ez zoritxarrez talde txuri urdinean. Lehenago sortzea gustatuko litzaizuke?
Kar, kar, kar, zalantzarik gabe. Beti izan naiz futbolzalea eta errealzalea. Oiartzunekin urte oso politak bizi nituen, tituluak irabazi genituen, Espaini mailan jokatu nuen… baina Errealeko kamisetarekin ez du inoiz ere jokatu.
(Esperientzia handidun emakumea da Garbiñe, hainbat anekdota kontatu zituen. Oroitzapenak gogoratzean ahoan irribarrea eta begietan distira ageri ziren. Konfiantza izugarria transmititu zuen elkarrizketan zehar eta horri esker bizitza guztian gogoratzeko bezalako momentua izan zen hura. Pertsona ona eta oso umila, nahiz eta bi Erreginaren Kopa irabaziak dituen inoiz ez zen harrokeriaz mintzatu. Hasieran asko miresten nuen pertsona bazen, elkarrizketa bukaeran gehiago mirestera iritsi nintzen).
Errealeko entrenatzailea ere izan zara, itzuliko zinateke lan horretara?
Entrenatzaile lanera bai, Errealeko entrenatzaile berriro izatea zaila ikusten dut. Beti pentsatu izan dut gauza bakoitzak bere momentuak dituela, nik bizitu nuen, eta momentu honetan ez dut horretan pentsatzen.
Joan zen urtean Las Rozasen Kopako finalerdietan bizitakoa ikaragarria izan zen, momentu hori berriz errepikatzea gustatuko litzaizuke?
Bai, Erreala bezala bai. Denak merezi izan zuen. Hala ere arantza bat gelditu zitzaidan, partidu hori jokatzeko hilabete egon baikinen partidurik jokatu gabe eta prestakuntza oso zaila izan zen. Nik uste dut, oraindik nesken futbolean ez direla gauzak ongi egiten.
Eta posible ikusten duzu?
Posible da puntuek hori esaten dutelako. Ahalik eta goren gelditzea gustatuko litzaiguke baina helburu honek taldeari ez dio logura kentzen.
8 urte hauetan zein izan da bizitako unerik onena?
Asko izan dira, bat aukeratzea oso zaila da. Lehenengo aldiz Errealera sartzeko deitzen didaten dei hura, lehenengo aldiz Zubietara sartu nintzen eguna, lehenengo torneoa, lehenengo partida ofiziala, Superligarako igoera fasea jokatu genuenekoa (hemen Sporting de Huelvaren aurka eta Kanarietan Rayco-ren aurka), Superligako lehenengo partidua… momentu on asko.
Momentu zailak ere bai, Superligan kategoriaz jeisteko zorian egon ginen hura eta nire lehen urtea entrenatzaile bezala ere gogorra izan zen. Aldaketa asko egon ziren eta hasieran oso gogorra egin zitzaidan, baina taldeak oso ondo erantzun zuen. Iruditzen zait jokalariei 10eko puntuazioa eman behar zaiela, asko bizi dute, jendeak ez daki baina hemen ematen dutena asko da. Gainera, hemendik at beste bizitza bat ere konpartitu behar dute.
Zuen Superligako lehen partidak joan zen igandekoarekin parekatuz ze antzekotasun eta desberdintasun antzematen dituzu?
Urtetik urtera Superligako kalitatea orokorrean igotzen ari da. Orain nesken futbolak beste erritmo bat dauka, beste exijentzi bat… Jokoan eta gorputzetan ikusten da hori dena.
Hiru izen esango dizkizut, ea zer etortzen zaizun burura hauek aipatzean: Aintzane Encinas, Larraitz Lucas eta Maite Lizaso…
Nirekin ibilbidea egin duten hiru jokalari handi. Bakoitza daukan guztia ematen ari da eta hirurentzako gauza onak besterik etortzen zait burura.
Gipuzkoan nesken harrobiarekin harro egon al gaitezke?
Bai, Gipuzkoako taldeak lan ona egiten ari dira. Fitxak ere gero eta gehiago daude. Gaur egun neskei garrantzi gehiago ematen zaie, gehiago eman beharko litzateke baina aurrerapena egon dela ikusten da.
Berdintasunera gehiago hurbiltzeko ze gehiago egin beharko litzateke?
Egiten dugunari balorea eman behar zaio, guk ematen diogu, baina beste klub batzuetan oraindik neskak azkenak izaten dira. Jende gehiago behar da nesken futbolean lan egiteko eta berdintasunera hurbiltzeko.
Agerian dago zaleak ere 8 urte hauetan areagotzen joan direla, zaleei ze gehiago egitea eskatuko zenieke?
Eskatu ezer ez, eskertzea besterik ez zait geratzen. Zubietako harmailetako giroa oso polita da, baina hemendik kanpo inguruko peñak ere mugitzen dira. Eskertzeko da zalegoen laguntza.
Argazkia: Roger Gabarda |
Amaitzeko, ausartzen al zara Liga zeinek irabaziko duen esaten?
Ausartuko naiz, baina ez dut ziur esango. Bartzelona oso sendo dabil, eta nik uste beraien esku dagoela eta irabazteko aukera handiak daukatela.
Egia da Lezamara joatekoak direla, baina 4 puntu daude jokoan. Guk ere Bartzelonara joan behar dugu, eta polita izango litzateke liderrari irabaztea. Ez dakit gero emaitza horrek ze eragin izango luke baina guretzako erronka bat da partidu txukuna egin eta Bartzelonan irabaztea.
Eta laugarren postu borrokatu hori zeinek lortuko duela uste duzu?
Ez da hain erreza, oso garesti dago. Rayo, Levante, Sporting de Huelva, Atletico de Madrid eta gu gabiltza borroka horretan.
Gure aurrekoen aurka jokatzeko gaude oraindik (Rayo, Levante, Bartzelona). Hiru horietatik bi etxetik kanpo jokatu behar ditugu baina ez gara kikildu behar eta gure partidua egitera joan behar gara.
Zerbait gehiago gehitzeko?
Kar, kar, zuri eskertzea. Elkarrizketagatik, jarraitzen gaituzulako, egiten duzun lan guztiagatik, blogean jartzen duzuenagatik… Zuek zabaltzen duzue hemengo giroa, hemengo lana… hemengo dena, eta hori eskertzekoa da.
0 comentarios: