"ATHLETIC BETI ATHLETIC IZANGO DA" - Irutxuloko Hitza
Irutxuloko Hitza, 2011-09-22 - Estitxu ZabalaIaz Lezaman lortutakoa errepikatu nahi du Realak igandeko derbian; partida irabaztea, alegia. Larraitz Lucas txuri-urdinen kapitainak badaki ez dutela lan erraza izango, baina 2-0eko pronostikoa egitera ausartu da.
«Athletic beti Athletic izango da»
Egilea: Estitxu Zabala
Superligako lehen bi partidak irabazita, pozik daude Realeko jokalariak. Ez baitira nolanahiko partidak izan gainera. Izan ere, Valentzia eta Atletico Madril hartu ditu mendean talde txuri-urdinak. Aurreko asteburuan, Ligan atsedena hartu ostean, partida berezia espero dute igandean: Athleticen aurkako derbia. Realak 2006-2007 denboraldian jokatu zuen Superligako lehen denboraldia, eta ordutik pixkanaka egin du goranzko bidea. Athletic urruti ikusten zuen hasieran, baina, pixkanaka gora eginez, iaz Bilboko taldea mendean hartzea lortu zuen. Lezaman izan zen, ordea. Oraingoan, gauza bera etxean egiteko aukera dauka, zaleen aurrean, Zubietan. Derbiaren inguruan hitz egin du Irutxuloko Hitzak Larraitz Lucasekin, txuri-urdinen kapitaina.
Osatutako denboraldi hasiera onarekin, taldea guztiz baikor dago, eta ez da gutxiagorako. «Giroa... galtzen dugunean ona izaten dugu, beraz, pentsa irabazten dugunean!», dio Lucasek. «Egia esan bi partida jarraian irabazteak indarra eman digu; Gainera, Atletico Madril goian ibiliko den taldeetako bat dela suposatzen da... momentuz gozatzeko moduan gaude, gero gerokoak». Azken urteetan, talde laburra izan da Realaren arazoa, baina badirudi aurten hori aldeko duela. «Batetik, ona da 23 jokalari izatea, eta bestetik, badu alde txarra, jokalari asko kanpoan utzi beharra. Baina oraingoz, eramangarria da».
Athletici dagokionean, Lucasek argi du talde indartsua dela. «Athletic beti Athletic izango da; gol asko sartzeko gai da, guk baino askoz gehiago... edonola, derbiak beti zailak eta politak izaten dira, eta etxean jokatzea alde dugu». Gainera, Lucasek argi dauka taldeak nondik jo behar duen, Athleticen ahulgunearekin bila. «Defentsan Athletic ez da hain indartsua, indartsua den arren. Halako derbietan, aurkariari asko begiratuta ere, zaila izaten da ahulgune bati eustea etekina ateratzeko. Gure partida landuko dugu». Bi taldeek sobera izan dute igandeko derbia prestatzeko denbora, eta Lucasek hori baikortzat jotzen du. «Zenbat eta egun gehiago izan entrenatzeko eta lantzeko, askoz hobe. Agian, bi partida eta gero, geldialdia fisikoki ez da onena izango, baina ea zer gertatzen den». Gainera, joan den asteburuan Gasteizen jokatutako lagunarteko txapelketan, Reala izan zen garailea, finalean Athletici 1-0 irabazita.
Zaleen babesa espero dute
Athletic talde handia dela kontuan izanda ere, ez du baikortasuna galtzen Lucasek. «Etxean ez diegu sekula irabazi, partida politak jokatu arren. Aurten, desberdina izango dela uste dut, oso giro baikorrean baikaude». Gainera, jokalarientzako ez ezik, ikusleentzat ere bereziak izaten dira derbiak. Eta noski, Zubietako harmailetan eragina izaten du horrek, giro aparta biltzen baita.
«Nahiko ikusle biltzen dira beti; partida desberdinak izaten dira derbiak. Realzaleek euren grina kanporatzeko aukera izaten dute». Aurreko derbietan giroa bikaina izan den arren, ikusle gehiagorentzako tokia geratzen da oraindik Zubietan. Kapitainak ez du aukera galtzen utzi nahi izan, eta realzaleei deia egin die. «Aurretik etorri izan direnak oraingoan ere etor daitezela, eta oraindik egon ez direnak ere anima daitezela. Ikus dezaten zer nolako giroa sortzen duen emakumezkoen futbolak, ziur partida polita eta interesgarria izango dela». Pronostikoa ere botatzeko gai izan da kapitaina; etxekoen aldekoa, noski. «2-0 irabaziko dugu, sufritu gabe ibiltzeko».
REALA - ATHLETIC
Noiz: Igandea, irailak 25, 17:00etan
Non: Zubietako Z-7 zelaian
0 comentarios: