Historia egitea aitzaki hartuta
Reala Kopako txapelduna da. Reala Kopako txapelduna da. Reala Kopako txapelduna da. Badaezpada ere behin baino gehiago errepikatzen dut, egia dela ikustarazteko. Reala Kopako txapelduna delaren kontziente izateko. Sandra Ramajok garaikurra altxatu zuen larunbatean, gauerdia baino minutu batzuk lehenago.
Argazkia: @LaluRAlbarran / @Futfem |
Aurreko eguneko gauerdian zale asko autobusean gindoazen, Gipuzkoatik Granadara −beste asko aurreko egunetan joan zen hartzen hiriburu granadarra−, Kopa altxatzeko uneaz ametsetan akaso. Astean zehar Maddi Torre zein Iraia Iparragirrek onartu zuten imajinatu zutela momentu hori, hala ere lasartearrak nahiago zuen gauzak okertzen baziren horien konponbidean pentsatzea. Eta egin zuen. Nola egin gainera!
Argazkia: @LaluRAlbarran / @Futfem |
Ludmila azkar hasi zen lasterketa geldiezinekin eta aurreneko minutuetan guztiok izan genuen buruan Zubietako azken neurketa. 1-0ekoa egin zuen goleatzailea, gainera, Esther Gonzalez izan zen; Zubietan hiru gol egin zituena, alajaina. Hortik aurrera etorri zen guztia deskribaezina dela iruditzen zait. Quiñonesen geldituak; Iparragirre, Mendoza, Etxezarreta eta Beltranen kemena; Baños eta Chiniren argitasuna presionatu edo baloiarekin jokatzerako orduan; Palaciosen gola eta defentsan egin zuen lana bera aurrelari petoa izanik; Cardona eta Eizagirreren abilezia hutsuneak probesteko; Nahikariren distira jokaldi guztietan; Soldevila defentsan freskotasuna jarriz; Olaizolaren kokapen egokia azken minutuetan; Lareoren teknika; Bautistaren potentzia; Arconadaren analisi zehatza, planteamendu egokia eta irakurketa; finalean aulkian egotea egokitu zitzaienen lan nekaezina −orduan zein denboraldi guztian zehar−; bigarren taldeko jokalarien ilusioa... Eta guztia borobiltzeko, Ramajoren indarra Kopa altxatzeko garaian. Indarra eta sentimendua. Bihotzarekin igo zuen garaikurra, ondoren Tximist-en omenezko elastikoa soinean eramateko.
Orduak generamatzan indarrak hartzen Los Carmenes zelaian kementsu egoteko. Ukabilak gora, "Ale Erreala ale!", "Goazen Erreala, goazen txapeldun" edo abestirik gogokoena izan daitekeen "Erreala ale, irabazi arte beti egongo gara zurekin!" oihukatzen. Ez zegoen besterik Granadako erdialdean. Kamiseta txuri-urdinak iskina guztietan. Ezagun asko iskina guztietan −eta ezagunak ez baziren ere, une horretan ezagun bilakatzen ziren−. Granadakoek ere "Aupa Real" oihuekin animatzen hasiak ziren. Oroitzapen asko gordetzen hasiak ginen, emaitzaren zain egon gabe. Emaitzaren gainetik kalean ere irabazten jakin behar baita.
Argazkia: @LaluRAlbarran / @Futfem |
Granadakoa zerbaiten hasiera da, ez da bukaera. Baina bai da 2004an hasi zen proiektuaren mugarri. Pentsatzen genuen 2011ko finalerdiak historia zirela, edo 2016ko laugarren postua, edo 2010ean Lezaman irabazitako derbi hura; edo Anoetako bi derbiak edo aurten Sevillaren aurka jokaturiko finalerdia. Eta izan daitezke. Pertsonalki, nire burmuinean kapitulu ezberdinetan gordeta baitaude. Une guztiak ezberdin bizitakoak izan baitira, une bakoitzean protagonistak aldatu egin baitira baina guztiek lagundu dute hau lortzen. Eta horren erakusle da Granadan batu ziren jokalari ohiak, ibilbide honetan izan diren entrenatzaile, fisioterapeuta eta prestatzaile fisikoak... Ez nituzke horiek ahantzi nahi. Ezta hainbeste sufritzen duten jokalarien guraso, lagun eta senideak ere. Taldearen hauspo garrantzitsua baitira eta ederki apaintzen dute astero-astero Zubieta; eta nola ez, 2019ko maiatzaren 11n ere kuadrila zein familiartekoek soinu eta kolore bizigarriak jarri zizkien Granadako kale eta estadioari. Eta hauen artean gehitzen joan dira zale fidelak ere, agian aurtengo garaipenik handiena izan daitekeena −Kopaz gain, noski−.
Hainbeste urtean horiek izan dira proiektu honen sostengu, proiektu honen aitzaki. Eta Kopako garaipen historikoa hartu dut aitzaki gisa bi urte pasa ondoren artikulu berri bat idazteko. Oroitzapenez beteriko asteburua izan delako, ordutik Zubietara joaten jarraitu dugulako −beti honen itzalean egon den Imanol Urkiri Illarramendiren babespean− eta beste ikuspuntu batetik taldearen nondik norakoak jarraitzen segitu dugulako, eta segituko dugulako. 2010ean hasi zen proiektua, kazetari izateko grina piztu zidan proiektua, orain nagoen lekuan egotera eraman didan proiektua (www.futfem.com erreferentziako orrialdearekin batera). Egunerokoaren beharrizanek blogarekin geldialditxoa egitera eraman zidaten, baina historia egin duen neurketaren inguruko pentsamenduak, burutazioak hitzen bidez gordetzea nahiko nituzke. Proiektu hau bezala, ahanzturan ez geratzeko. Zuengatik izan da hau guztia. Eta zuengatik jarraituko dugu harmailetara joatean, kirolean parekidetasuna bultzatzen.
Argazkia: @LaluRAlbarran / @Futfem |
"Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo. Bainan horrela, ez zen gehiago txoria izango. Bainan horrela ez zen gehiago txoria izango. Eta nik, txoria nuen maite" - Txoriak txori, Mikel Laboa.
0 comentarios: