Ziklo honen amaiera

12:59 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

2010eko urtarrila lehenengo; 2011ko otsaila ondoren. Facebook kontua eta bloga. Orainera heltzeko gakoak. Seigarren urteurrenean, baina, amaiera emango diot. Bete behar zuten hutsunea bete dute. Medio, hedabide, komunikabide gehiago daude egun sekzio honetan espezializaturik. 
Foto: @argindar
Guztia eman dudan sentsazioa daukat, beti ere hobeto egin nezakeelaren pentsamenduarekin. Askok parte hartu duzue bide honetan —irakurleak barne-, zuzenki zein zeharka, eta eskertzekoa da. Benetan. 

Iaz blogaren diseinu berriarekin etorri ginen baina ez da nahikoa izan iluntasunez ikusten nuen bidea argitzeko. Ez pentsa erabakia egun batetik bestera hartutakoa denik. Egoera aztertu, une ederrak bergogoratu eta hunkimenaren uholdeak harrapatu nau behin baino gehiagotan. 

Baten lana baloratzen dela sentitzea baino ezer hoberik ez dago, eta sentsazio hori desagertu egin da. Horregatik, hain zuzen, amaitu da. Realari esker ikasi dut ikasi dudan gehiengoa —edo guztia. Hainbat jokalari eta entrenatzaile pasatu dira taldetik eta oraindik gogoratzen dut ikusten hasi nintzeneko hamaikakoa. Hainbat neurketa ikusi ditut eta horietatik askok nire memorian txertaturik darraite. 

Hasiera batean gertuagotik bizi izan zuten blogaren kontua, orduan apenas hitz egiten baitzen beraietaz. Gaur egun, Reala berak, klub morduan, emakumezkoen taldearen informazio serio eta gaurkotua eskaintzera heldu da. Blog, sare sozial zein hedabideetan ere lan ona aurkitu daiteke. Zorionez. 

Zikloak amaitu egiten dira eta nirea bukatu da. Gertutik jarraituko dut taldearen gaurkotasuna, realzale modura eta emakumezkoen futbolaren zale bezala. Futfem.com bezalako proiektu serioetan esku bat botatzen ere saiatuko naiz.


0 comentarios: