Denboraldiko neurketa bereziena
Larunbatean 12:00etan euskal derbi ikusgarri bat jasoko du Lezamak. Azken urteetako derbirik paretsuena –sailkapena erreparatuz gero. Athleticek lidergoa partekatzen du Atletico Madrilekin eta sei puntu gutxiagorekin Reala laugarren postuan aurkitzen da, hirugarrenetik bi puntura (Bartzelona). ETB1ek zuzenean emango du.
Argazkia: 'Gaur Egun Kirolak' saioa |
Astean zehar, neurketa berezi hau hurbiltzen doala aprobetxatuz, ETB1ek, Sara Gandararen eskutik (Gaur Egun Kirolak saioa), Reala eta Athleticeko jokalari bana elkarrizketatu ditu. Nahikari Garcia eta Joana Flaviano bat datoz denboraldiko partida bereziena izan ohi dela baieztatzeko. Lezamako erdilariaren esanetan, gainera, “urteko partida gogorrena izan ohi da, eta aurten are gehiago Reala ere goian baitago”.
Aurrelari txuri-urdina Ligako goleatzaile onena da 9 golekin, baina “momentuz anekdota bat da, besterik ez”, dio Garciak. Ez dio garrantzi handirik eman nahi, bai ordea taldea bizitzen ari den une gozoari. Lan onaren saria eskuratzen hasiak direla aipatu du: “Eta egia esan gauza onak eta garrantzitsuak egiteko ilusio horrekin gaude”. Zelaitik kanpo Reala egiten ari den lana ere baloratu du urnietarrak. “Pixkanaka Reala gero eta gorago dago eta hori guztiontzat onuragarria da”, onartu du.
Bi taldeetan eman dira berrikuntzak, bi taldeetako entrenatzaileek beraien lehen euskal derbia biziko dute –EH Kopako finala salbuespen-. Igor San Miguelek intentsitate aldetik asko eskatzen duela jakinarazi du Garciak eta berrikuntzak beti onerako izaten direla dio: “Hor daude lortzen ditugun emaitzak”. Athleticen aldetik, Flaviano urte bete Italian egon ondoren etxera itzuli zen uda honetan eta entrenatzaile aldaketa egon arren “taldea betiko legez dago, gogotsu, motibatuta”.
Biak ala biak momentu gozoan heltzen dira derbira. Realak 4-0 gainditu zuen Levante eta bizkaitarrek 0-1 irabazi zuten Santa Teresaren etxean. Gainera, Athleticek oraindik porrota ezagutzen ez duela gogoratu du aurrelari gipuzkoarrak eta bide batez berarentzat Athleticeko jokalari onena eta txapelketako onenetarikoa zein den jakinarazi du: "Irene Paredes. Gainera, ondoan edukitzea egokituko zait eta lehia polita izango da".
Erdilari bizkaitarrak talde txuri-urdina sendo ikusten duela adierazi du baina, segidan, beraiek hiru puntuak lortzeko oso gogotsu daudela nabarmendu du. “Partida polita izango da, giro aldetik ere bai, seguraski harmailak bete egingo baitira”, jakinarazi du lezamarrak.
Argazkia: 'Gaur Egun Kirolak' saioa |
Ados dago Garcia, baina Flaviano ez bezala, puntuatzearekin konformatzen da: “Realaren bidea hori izan behar delakoan nago, beti gora begiratzen egotea eta puntuak lortzeko itxaropen hori edukitzea”. Txuri-urdinek hor goian mantendu nahi dutela argi dute. Athleticeko jokalariak, ordea, hiru puntuak batzea du helburu, bai edo bai. Lidertzan segi nahi dute eta Flavianok 3-1eko emaitza aurreikusten du.
Azken urteetako derbi berdintsuenaz gozatzeko aukera izango dugu larunbat honetan 12:00etan. Lezama bertatik edo baita telebista bidez ere, ETB1en.
Garaipena atzoko lagunartekoan
Realaren prestakuntzaren barnean lagunarteko bat egon zen atzo 18 urte azpiko euskal selekzioaren aurka eta 5-0 garaitu zuen talde txuri-urdinak. Nahikari Garcia (2), Eguzkiñe Peña, Maria Diaz Cirauqui eta Izaskun Leoz izan ziren golegileak. Derbiaren aurretik gaur eta bihar lan-saio bana egingo du Igor San Miguelen taldeak eta larunbatean 12:00etan Athleticen zelaian ezustekoa ematen saiatuko dira.
Bestalde, Realeko teknifikazio taldeak 1-3 galdu zuen 16 urte azpiko euskal selekzioaren aurka.
0 comentarios: