Reala eta Oiartzun KILOMETROAK festaren alde

19:12 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Biharkoan Usurbilek emakumezkoen futboleko lagunartekoa jasoko du urrian, herrian bertan, ospatuko den KILOMETROAK jaiaren harira. Usurbilgo Udarregi ikastola laguntzeko ospatuko da aurtengo Gipuzkoako Ikastolen festa, eta Reala eta Oiartzunen arteko norgehiagokan bildutako dirua ere ikastola finantzatzeko bideratuko da (sarrera, 5 euro). 

Afixa: @kmk15usurbil
Lehen Mailan bi talde gipuzkoar edukita goi-mailako neurketa etxean antolatzeko aukera ederki batean baliatu du Usurbilgo Udarregi ikastolak. Bihar (larunbata) 12:00etatik hasita Reala eta Oiartzun aurrez aurre izango dira. Lagunartekoa bada ere, lehiakortasuna ez da faltako gipuzkoarren arteko derbi honetan. 

Asteburu honetan geldialditxo bat egin du Liga txapelketak, selekzioen partiduak direla medio, eta bi taldeentzat neurketa aproposa da Ligako martxa galdu ez dezaten. Biek ala biek sentsazio onak utzi dituzte jokaturiko bi partida ofizialetan. Dena den, txuri-urdinek puntu gehiago batu dituzte. Lehen jardunaldian emaitza bera ez ezik, bide bera jarraitu zuten Realak zein Oiartzunek. Batak Albacete Fundazioa arerio zuela eta besteak Huelvako Sporting, hurrenez hurren. Atsedenaldira 2-0eko alde nabarmenarekin joan baziren ere, partiduaren bukaeran binako berdinketa islatu zuten Zubietako zein Karla Lekuonako markagailuek. 

Pasa den igandean, ostera, Realak garaipena eskuratu zuen Mallorkan eta Oiartzunek ezin izan zuen punturik batu Albaceteren zelaian. Txuri-urdinek gehiegi sufritu gabe menderatu zuten Collerense taldea Izaskun Leoz eta Nahikari Garciaren golei esker. Oiartzunek, bestetik, kolpe gogorra jasan zuen Albaceten. Markagailuan atzetik zeudela iritsi ziren atsedenaldira –izugarrizko aldearekin gainera (3-0)- eta bigarren zatian hiruna berdintzera iritsi ziren oiartzuarrak. Puntua eskuratzeko gertu ibili baziren ere, Alba Redondoren golak hiru puntuak etxean geratzea ahalbidetu zien zuri-beltzei. 

Honekin, biharkoan Realaren arerioa denari buruzko bi konklusio atera daitezke. Bata, gola sartzeko erraztasuna mantentzen dutela –iazkoan arrakastara eraman zien gaitasuna-; baina, era berean, gol asko jaso dituzte (sei, orotara). Bestalde, Realak ate aurreko zehaztasuna hobetu duela agerian utzi du bi partidutan lau gol eginez (lauak jokalari ezberdinek) eta Igor San Miguelek baloiaren jabetza edukitzea gogoko duela jabetu gara –bai aurredenboraldian eta baita Ligako lehen jardunaldian. Dena den joko zuzena egiten ere badakiela frogatu zuen Ca’n Caimari zelaian, emaitza bikainarekin gainera. 

Festa kutsua edukiko duen lehia honetan, beraz, zehaztasunak zuzentzeko baliatuko dute bi entrenatzaileek. Eta Usurbilgo Harane futbol zelaira hurbiltzen direnek goi-mailako neurketaz gozatzeko parada izango dute 5 euroren truke. 

Nahikari Garcia Ligako lehen jardunaldian.
Argazkia: Ane Urkiri
Nahikari Garcia, UEFAko Nazioarteko Txapelketako txapeldun
Astean zehar Eslovakian ospatu den UEFAko Nazioarteko Txapelketako txapeldun izendatu da 19 urte azpiko espainiar selekzioa. Bertan Nahikari Garcia txuri-urdinak parte hartu du. Eslovakiaren aurkako lehian 1-3 irabazi zuten espainiarrek, Garciaren gol batekin, eta Ingalaterra 5-2 menderatu zuten –aurrelari urnietarrak egin zituen aurreneko bi golak-. Parte-hartze bikaina beraz goleatzaile txuri-urdinarena. Aste baten buruan 4 gol egin ditu, bata elastiko txuri-urdinarekin Mallorkan eta beste hiru selekzio espainiarrarekin. Ez da Usurbilen egongo, baina hurrengo asteburuko Liga partidarako prest izango da Garcia.


AUPA ERREALEKO NESKAK!!!




0 comentarios: