ESKERRIK ASKO, besterik ez

10:36 Ane Urkiri 0 Comments

Amaitu da, bukatu da, akabo. Beste denboraldi bat. Gogoratzeko beste bat. Maiatzaren 26an Errealak azken partidu ofiziala irabaziz agurtu zuen denboraldia. Irailaren 4an lehenengoa eta maiatzaren azken astean azkena. Denboraldi luzea, gogorra, intentsua, sufrimenduz beterikoa… eta polita.

Argazkia: Valérie Quiroga
Beste behin ere Zubietan Errealaren jokoarekin disfrutatu egin dugu. Partidu hauek nire asteburuei kolore berezi bat eman diote. Futbola bizitzeko beste modu ezberdin bat da Zubietakoa. Asteburu grisak edo ilunak koloreztatu dizkit, beti. Honek topiko bat dirudi, baina sinistu iezadazue egia dela.

Aurten ezin izan dugu bizi joan zen urtean Las Rozasen bizitakoa, Kopako finalerdi hura, giro hura… Baina aurten ere denboraldi osoan egin duten lana izugarria izan da, eta urtero bezala talde hau hazten doa, gelditu gabe. Eta onena dena, ez dauka gelditzeko inolako asmorik. Arrazoi horrengatik eta partidu bakoitzean jartzen duten grinarengatik merezi du talde honen partiduak ikustea.

Denboraldian zehar idatzi ditudan kroniketan irakurri dezakezue emakume hauek partidu bakoitzean ateratzen duten indarra, borrokatzeko indarra eta gogoa. Beti transmititu nahi izan dut horixe, hori bera baita talde hau berezia egiten duen gaitasuna. Baina ez pentsa hori bakarrik duenik, ez ez. Jokatzen dakite, baloia mugitzen dakite; hau da, futbol ona jokatzen dute. Ikustekoa, aparta. Baina esan bezala, hori denboraldi osoan zehar esan dudan zerbait da eta artikulu hau beste era batekoa izan dadin nahi dut.

Argazkia: Joseba Manterola
Denboraldiko azkena, emozio handiz idatzitakoa, aurtengo momentu guztiak etortzen zaizkit burura. Momentu onak beti, galdu edo irabazi beti taldea animatzen, taldearen esfortzua eta lana baloratzen. Euren izerdi tanta guztiak zelaian geratzen dira eta hor adierazten dute kolore txuri urdinak zenbateraino defenditzen duten eta ez bakarrik koloreak, kirol hau maite dute, hori argi dago.

Orain dela lau denboraldi hasi nintzen ekipo honen partiduak ikusten. Lau urte, azkar esaten da gero... Orain dela bi aste pertsona batek esan zizkidan hitzak datozkit burura: “Sí, desde que era txiki, desde que venía con pelo largo”. Zuzenean irribarrea aurpegian. Ez da horrenbesterainokoa, baina bai urteak pasa dira eta urte bakoitza izan da gogoratzekoa. Baina batez ere talde hau animatzeko facebook-a sortu nuen eguna datorkit gogora, gauzak asko aldatu dira ordutik. Onerako, noski. Orain bertan pribilegiatu bat sentitzen naiz. Ez nuen espero jokalariek ezagutuko nindutenik, ezta jokalarien gurasoek eta familiakoek ezagutuko nindutenik ere.

Argazkia: Valérie Quiroga
Aurtengo denboraldia ikaragarria izan da, futbolaz eta idazten inoiz baino gehiago disfrutatu dut. Igandean Zubietara joan behar nintzela gogoratzean automatikoki pozik jartzen nintzen. Zergatik? Bertara joan, jokalarien familiakoekin hitzak elkartrukatu, barre algarak, etab. Bestetik, joan aurretik banekien partidu izugarria ikusiko nuela, nahiz eta galdu taldea igandero handiagoa bilakatzen zen. Elkarrizketak ere ahaztezinak izan dira. Horrexegatik. Nahikoa arrazoi direla uste dut.

Elkarrizketen harira itzuliz, eskerrak ematea egokitzen zait. Klubari eta talde osoari. Denek dakite edo jakin beharko lukete nolako ilusioa eragiten didan elkarrizketa bat egiteak, jokalariekin hitz batzuk partekatzeak.

Euren familiakoekin hitz egiteak ere ilusio bera eragiten dit, alaitasuna transmititzen didate. Hitz batek irribarre bat ateratzen dit. Aurten erakutsi didate nitaz fidatzen direla eta horregatik hamar mila milioi esker (edo gehiago) eman behar dizkiet. Izugarriak dira. Zubietako azken partiduan urduri nengoen, inoiz baino gehiago eta eskerrak ematea ahaztu zitzaidan, burua beste leku batean neukan. Barkatu. Eta berriz ere hamar mila milioi esker.

Jokalariak ere ez dira atzean geratzen. Ondo baino hobeto portatu dira nirekin, konfiantza transmititu didate. Denek. Eta hori ez dago hitz soilez eskertzerik. Horretaz gain, egiten duten esfortzua, beti esango dut, ikaragarria dela. Eta ez da baloratzen, hori da penagarria. Urtetik urtera gauzak aldatzen doaz eta espero dut hurrengo urtean ere emakumezkoen futbolari dagokionez egoera aldatzea. Hala ere, eta badakit gutxi dela baina hemendik eskerrak bidaliko dizkiet. Milesker, eskerrik asko, esker mila…

Argazkia: Valérie Quiroga
Beste alde batetik, Zubietara hurbildu diren jarraitzaileei ere eskerrak eman behar zaie. Bide horretatik jarraitu behar dugu. Hurrengo denboraldian jarraitzaile gehiago batzen saiatu behar gara. Emakume hauek eta kolore hauek merezi dute. Hurbildu eta ikusiko duzu, ez zara damutuko. Zu ez damutzearekin batera pentsa ezazu emakumezkoen futbolari laguntzen ari zarela eta zu bezala beste hainbat jende behar dira. Horregatik, hurrengo denboraldirako dei bat egin nahi dut. Animatu, benetan. Eta nola ez, blog honen irakurleei ere esker mila, zuek gabe honek zentzu gutxiago edukiko baitzuen.

Eskerrak ematearen txanda ez da hemen bukatzen, eta amaierara iritsi aurretik gure blog-a aurrera ateratzen lagundu diguten pertsonei eta argazkiak utzi dizkiguten pertsona GUZTIEI eskertu nahi diet, mila esker benetan. Nire gurasoei ere eskertu behar diet, noski, euren laguntzarik gabe Zubietara joatea ez litzateke erraza izango eta. Eta orain bai, orain amaiera. Argi eduki bera gabe blog hau edukitzea ezinezkoa litzatekeela, eskaini didan laguntza itzela izan da eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, esker mila Valérie.

Denboraldiko azken artikuluari amaiera eman behar diot. Goitik behera irakurri eta amaieran nire begiak ezin izan dute eutsi. Ez dut ikusten nire burua baina nire begiak distira ezberdin bat dutela sentitzen dut. Horixe da pertsona hauek denak guztiek transmititzen didatena, emozioz beteriko alaitasuna.

Idazten bukatu aurretik eta ahaztu baino lehenago, ekainaren 23an Anoeta futbol zelaian jokatuko den lagunarteko partiduan ikusiko zaituztedalakoan nago. Ez ezazue zalantzan jarri bertan egongo naizela animatzen, ofizialtasuna aldarrikatzen eta emakumeen futbola babesten.


MILA ESKER GUZTIOI eta 
HURRENGO DENBORALDIRA ARTE!!!

AUPA ERREALEKO NESKAK!!!

0 comentarios: