Quiñones, penaltietan erabakior eta garaikurra Euskal Herrira

Argazkia: @fcf_cat
Katalunia eta Euskal Selekzioaren arteko berdintasuna penalti jaurtiketek hautsi zuten. Bi selekzioak berdinduta zeuden markagailuan, eta gauza bera zuten helburu: aldarrikapena. Baina azkenean euskaldunak garaile suertatu ziren hamaika metroetatik eginiko jaurtiketetan, Mariasun Quiñones atezainaren bi geldiketei esker –euskaldunek guztiak sartu zituzten-. Beraz, Beristain eta Correderaren bi golek adierazi zuten banakoa Quiñonesek hautsi zuen, garaikurra Euskal Herrira ekarriz. 

Ezohikotasunak markaturiko neurketak izan ohi dira euskal zein kataluniar selekzioak jokatzen dituztenak. Ezohikoa baita sortzen den giroa, eragiten duen grina eta ilusioa. Ezohikotasun horretatik irtenaz, ohikoa behar lukeena aldarrikatzeko balio duen partidak bilakatu dira. Bi selekzioen ofizialtasuna, alegia. Eta bidea eraikitzeko prozesuan, futbol ikuskizun aparta eskaintzen dute jokalariek beraiek ere. Zelaian islatzen dute beraien herria errepresentatzearen harrotasuna. 

Giro horretan murgildurik, euskaldunak eta kataluniarrak bigarren aldiz lehiatu ziren. Oraingoan, Katalunian; Miniestadin, zehazki. Barakaldon bana berdindu ostean, berdintasuna hausteko aukera aproposa zuten bi taldeek. Garaikurra ere bertan zen, bi aulkien artean, garailearen zain. Lehen minutuetan, urduritasuna medio-edo, euskaldunen hutsegiteak baliatzen saiatu ziren etxekoak, zelaian erosoago zeudela erakutsiz. Dena den, Irene Paredesek kapitainaren beharra ederki asko bete zuen; baloiarekin zein baloi gabe. Beharbada horregatik, hain justu, ez zuten atea zulatu kataluniarrek. 

Argazkia: @fcf_cat
Eta euskaldunak, aldiz, kostata heldu ziren Mariajo Pons atezainak defendatutako atera. Paredesen errematea eta amaiera kaskarra izan zuten pare bat jokaldiz aparte, erasoan ez zen oso fin ibili Euskal Selekzioa. Kataluniak, berriz, arriskua sortzeko errastasuna agerian utzi zuen eta jokaldi batean Nahikarik defentsa-lan gogorra egin behar izan zuen Debora oztopatzeko. Bestela ere, Andrea de la Nava atezainak ez zuen gehiegizko eginbeharrik izan. 

Lehen zatiaren ondarrean Nekane Diezen lesioak harmailak izoztu zituen. Barakaldarra 4.106 ikusleren txalo zaparraden artean joan zen aldageletara –gaur (astelehena) baieztatu dute ezker belauneko aurreko lotailua hautsita duela- eta Esty Bajok hartu zuen bere lekua. Aldageletatik bueltan kataluniarrek estu hartu zuten Euskal Selekzioa eta Mariasun Quiñones euskaldunen izar bilakatu zen Miriam Dieguezen jaurtiketa zorrotza desbideratzean. Torrejon eta Nicart defentsak eta Ferez aurrelaria ere saiatu ziren ate aurrean, baina azkenean asmatzen abilena Naiara Beristain izan zen. Euskal Selekzioak ordura arte ezer gutxi egin zuen baina, Itsaso Nabaskuesen grina tarteko, Beristain adi ibili zen Esty Bajoren erdiraketaren aldaratzea hartu eta Rafolsen atea zulatzeko. Merezita edo merezi gabe euskaldunak aurretik jarri ziren. 

Argazkia: @fcf_cat
Azken minutuetan kataluniarrek nahi beste aukera sortu zituzten, baina Mariasun ez bazen Paredes agertzen zen arriskua kanporatzeko. Bietako inork ezin izan zuen ezer egin partiduko azken jokaldian, Corredera ate aurrean bakarrik agertu zenean. Banakoarekin penalti jaurtiketak erabakior suertatu ziren eta horietan Mariasun Quiñones gailendu zen, bi penalti geldituz. Hala, Euskal Selekzioak garaipena ospatu zuen Irene Paredesek garaikurra jaso ostean. Jokalari onenaren saria Alexia Putellas kataluniarrak irabazi zuen. 

Garaikurrak alde batera utziz, benetako garaileak bi selekzioak zein zaleak izan ziren. Miniestadin festa giroa sortzearren eta ikuskizun aparta eratzearren. Zoragarria da larunbatean protagonista izan zirenen zein bertaratu zirenen ilusio aurpegiak erreparatzea. Abenduaren 26an futbolak irabazi zuen.




Denboraldiko neurketa bereziena

Larunbatean 12:00etan euskal derbi ikusgarri bat jasoko du Lezamak. Azken urteetako derbirik paretsuena –sailkapena erreparatuz gero. Athleticek lidergoa partekatzen du Atletico Madrilekin eta sei puntu gutxiagorekin Reala laugarren postuan aurkitzen da, hirugarrenetik bi puntura (Bartzelona). ETB1ek zuzenean emango du. 

Argazkia: 'Gaur Egun Kirolak' saioa
Astean zehar, neurketa berezi hau hurbiltzen doala aprobetxatuz, ETB1ek, Sara Gandararen eskutik (Gaur Egun Kirolak saioa), Reala eta Athleticeko jokalari bana elkarrizketatu ditu. Nahikari Garcia eta Joana Flaviano bat datoz denboraldiko partida bereziena izan ohi dela baieztatzeko. Lezamako erdilariaren esanetan, gainera, “urteko partida gogorrena izan ohi da, eta aurten are gehiago Reala ere goian baitago”. 

Aurrelari txuri-urdina Ligako goleatzaile onena da 9 golekin, baina “momentuz anekdota bat da, besterik ez”, dio Garciak. Ez dio garrantzi handirik eman nahi, bai ordea taldea bizitzen ari den une gozoari. Lan onaren saria eskuratzen hasiak direla aipatu du: “Eta egia esan gauza onak eta garrantzitsuak egiteko ilusio horrekin gaude”. Zelaitik kanpo Reala egiten ari den lana ere baloratu du urnietarrak. “Pixkanaka Reala gero eta gorago dago eta hori guztiontzat onuragarria da”, onartu du.

Bi taldeetan eman dira berrikuntzak, bi taldeetako entrenatzaileek beraien lehen euskal derbia biziko dute –EH Kopako finala salbuespen-. Igor San Miguelek intentsitate aldetik asko eskatzen duela jakinarazi du Garciak eta berrikuntzak beti onerako izaten direla dio: “Hor daude lortzen ditugun emaitzak”. Athleticen aldetik, Flaviano urte bete Italian egon ondoren etxera itzuli zen uda honetan eta entrenatzaile aldaketa egon arren “taldea betiko legez dago, gogotsu, motibatuta”

Biak ala biak momentu gozoan heltzen dira derbira. Realak 4-0 gainditu zuen Levante eta bizkaitarrek 0-1 irabazi zuten Santa Teresaren etxean. Gainera, Athleticek oraindik porrota ezagutzen ez duela gogoratu du aurrelari gipuzkoarrak eta bide batez berarentzat Athleticeko jokalari onena eta txapelketako onenetarikoa zein den jakinarazi du: "Irene Paredes. Gainera, ondoan edukitzea egokituko zait eta lehia polita izango da".

Argazkia: 'Gaur Egun Kirolak' saioa
Erdilari bizkaitarrak talde txuri-urdina sendo ikusten duela adierazi du baina, segidan, beraiek hiru puntuak lortzeko oso gogotsu daudela nabarmendu du. “Partida polita izango da, giro aldetik ere bai, seguraski harmailak bete egingo baitira”, jakinarazi du lezamarrak. 

Ados dago Garcia, baina Flaviano ez bezala, puntuatzearekin konformatzen da: “Realaren bidea hori izan behar delakoan nago, beti gora begiratzen egotea eta puntuak lortzeko itxaropen hori edukitzea”. Txuri-urdinek hor goian mantendu nahi dutela argi dute. Athleticeko jokalariak, ordea, hiru puntuak batzea du helburu, bai edo bai. Lidertzan segi nahi dute eta Flavianok 3-1eko emaitza aurreikusten du

Azken urteetako derbi berdintsuenaz gozatzeko aukera izango dugu larunbat honetan 12:00etan. Lezama bertatik edo baita telebista bidez ere, ETB1en. 

Garaipena atzoko lagunartekoan
Realaren prestakuntzaren barnean lagunarteko bat egon zen atzo 18 urte azpiko euskal selekzioaren aurka eta 5-0 garaitu zuen talde txuri-urdinak. Nahikari Garcia (2), Eguzkiñe Peña, Maria Diaz Cirauqui eta Izaskun Leoz izan ziren golegileak. Derbiaren aurretik gaur eta bihar lan-saio bana egingo du Igor San Miguelen taldeak eta larunbatean 12:00etan Athleticen zelaian ezustekoa ematen saiatuko dira. 

Bestalde, Realeko teknifikazio taldeak 1-3 galdu zuen 16 urte azpiko euskal selekzioaren aurka.





Reala eta Oiartzun KILOMETROAK festaren alde

Biharkoan Usurbilek emakumezkoen futboleko lagunartekoa jasoko du urrian, herrian bertan, ospatuko den KILOMETROAK jaiaren harira. Usurbilgo Udarregi ikastola laguntzeko ospatuko da aurtengo Gipuzkoako Ikastolen festa, eta Reala eta Oiartzunen arteko norgehiagokan bildutako dirua ere ikastola finantzatzeko bideratuko da (sarrera, 5 euro). 

Afixa: @kmk15usurbil
Lehen Mailan bi talde gipuzkoar edukita goi-mailako neurketa etxean antolatzeko aukera ederki batean baliatu du Usurbilgo Udarregi ikastolak. Bihar (larunbata) 12:00etatik hasita Reala eta Oiartzun aurrez aurre izango dira. Lagunartekoa bada ere, lehiakortasuna ez da faltako gipuzkoarren arteko derbi honetan. 

Asteburu honetan geldialditxo bat egin du Liga txapelketak, selekzioen partiduak direla medio, eta bi taldeentzat neurketa aproposa da Ligako martxa galdu ez dezaten. Biek ala biek sentsazio onak utzi dituzte jokaturiko bi partida ofizialetan. Dena den, txuri-urdinek puntu gehiago batu dituzte. Lehen jardunaldian emaitza bera ez ezik, bide bera jarraitu zuten Realak zein Oiartzunek. Batak Albacete Fundazioa arerio zuela eta besteak Huelvako Sporting, hurrenez hurren. Atsedenaldira 2-0eko alde nabarmenarekin joan baziren ere, partiduaren bukaeran binako berdinketa islatu zuten Zubietako zein Karla Lekuonako markagailuek. 

Pasa den igandean, ostera, Realak garaipena eskuratu zuen Mallorkan eta Oiartzunek ezin izan zuen punturik batu Albaceteren zelaian. Txuri-urdinek gehiegi sufritu gabe menderatu zuten Collerense taldea Izaskun Leoz eta Nahikari Garciaren golei esker. Oiartzunek, bestetik, kolpe gogorra jasan zuen Albaceten. Markagailuan atzetik zeudela iritsi ziren atsedenaldira –izugarrizko aldearekin gainera (3-0)- eta bigarren zatian hiruna berdintzera iritsi ziren oiartzuarrak. Puntua eskuratzeko gertu ibili baziren ere, Alba Redondoren golak hiru puntuak etxean geratzea ahalbidetu zien zuri-beltzei. 

Honekin, biharkoan Realaren arerioa denari buruzko bi konklusio atera daitezke. Bata, gola sartzeko erraztasuna mantentzen dutela –iazkoan arrakastara eraman zien gaitasuna-; baina, era berean, gol asko jaso dituzte (sei, orotara). Bestalde, Realak ate aurreko zehaztasuna hobetu duela agerian utzi du bi partidutan lau gol eginez (lauak jokalari ezberdinek) eta Igor San Miguelek baloiaren jabetza edukitzea gogoko duela jabetu gara –bai aurredenboraldian eta baita Ligako lehen jardunaldian. Dena den joko zuzena egiten ere badakiela frogatu zuen Ca’n Caimari zelaian, emaitza bikainarekin gainera. 

Festa kutsua edukiko duen lehia honetan, beraz, zehaztasunak zuzentzeko baliatuko dute bi entrenatzaileek. Eta Usurbilgo Harane futbol zelaira hurbiltzen direnek goi-mailako neurketaz gozatzeko parada izango dute 5 euroren truke. 

Nahikari Garcia Ligako lehen jardunaldian.
Argazkia: Ane Urkiri
Nahikari Garcia, UEFAko Nazioarteko Txapelketako txapeldun
Astean zehar Eslovakian ospatu den UEFAko Nazioarteko Txapelketako txapeldun izendatu da 19 urte azpiko espainiar selekzioa. Bertan Nahikari Garcia txuri-urdinak parte hartu du. Eslovakiaren aurkako lehian 1-3 irabazi zuten espainiarrek, Garciaren gol batekin, eta Ingalaterra 5-2 menderatu zuten –aurrelari urnietarrak egin zituen aurreneko bi golak-. Parte-hartze bikaina beraz goleatzaile txuri-urdinarena. Aste baten buruan 4 gol egin ditu, bata elastiko txuri-urdinarekin Mallorkan eta beste hiru selekzio espainiarrarekin. Ez da Usurbilen egongo, baina hurrengo asteburuko Liga partidarako prest izango da Garcia.


AUPA ERREALEKO NESKAK!!!





Ikuskizun aparta eta garaikurra Bilbora

Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Athletic garaile izan zen, beste behin, Euskal Herriko Kopako finalean. Reala 0-1 menderatu zuen Joana Flavianoren falta jaurtiketa bati esker. Atzokoarekin, lau Euskal Herriko Kopa irabazi dituzte bizkaitarrek. Zuri-gorriek gol aukera garbi gehiago izan bazuten ere txuri-urdinek estu hartu zuten neurketako azken minutuetan, eta berdinketaren gola hurbil ibili zen. Laura Gomez futbol jokalari ohiari omenalditxoa egin zitzaion norgehiagokaren atarian. Zarautzek eman duen futbolari onenen zerrendan kokatzen da bera eta bere jaioterriko zein Realaren oroigarri bana jaso zituen, ohorezko sakea egitearekin batera. 

Finaletan, derrigorrez, irabazle bat eta galtzaile batekin aurkituko gara. Baina ikuskizun aparta eskainitakoan, porrotak gutxiago mintzen du. Horixe pentsatuko luke Realeko entrenatzaile den Igor San Miguelek. Jarrera bikaina erakutsi zuen bere taldeak –zuzentzeko geratzen diren akats batzuk agerian egon arren-, eta horren isla Itxaso Uriarteren nekea norgehiagokaren amaieran. 

Baloia atzekaldetik jokatzen atera nahiak jokoaren aldeko apustu garbia egiten dutela erakutsi zuten txuri-urdinek. Athleticen presio altuarengatik, ordea, lan handia suposatu zuen. Dena den, noizean behin, arrakastaz iritsi ziren Ainhoak defendatutako atera. Zuri-gorrien jokoa, ostera, zuzenagoa izan zen. Baloi asko eta asko Ainhoa Alvarezen hegalera botaz, hutsunea bilatu nahian. Baina Sandra Ramajo edo Nuria Mendozaren maila onarekin topatu ziren. Erika zein Nekaneren saiakera asko baliogabetu zituen kataluniarrak. Defentsako edozein lekutan agertzen zen, albokoari laguntzeko prestu. Eta jokaldi guztiak bere oinetatik hasten ziren. Nahikoa zalegoa fitxaketa berri onekin, ‘Mendo’ goitizenarekin ezagunagoa, pozez zoratzen egoteko. 

Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Athleticen aldetik, lehen zatian Ainhoa Alvarez nabarmendu zen, erdilarien pase onak tarteko. Hainbat aukera garbi huts egin zituen galdakarrak. Horietako bat Mariasun Quiñonesen aurrean bakarrik geratu eta buruarekin atezaina goialdetik gainditzen saiatu zen. Gainditu bai baina desbideratuta, hondarribiarra hatz puntekin ukitzera heldu baitzen. Atzezaina adi ibili zen, jokaldi guztiak arretaz jarraituz eta baloi luzeetara ziurtasunez ateraz. Baina dezenteko izualdia ere eman zuen. Zelaitik amorruz atera behar izan zuen lesioa medio. Hasieran larritasun zantzuak bazituen ere, neurketa amaierako irribarreak ziurtatu zuen espero baino gutxiagokoa izan zela. Gaitz erdi. Cristina Cornejok ordezkatu zuen eta zelairatu eta minutu gutxira luzaketa bikaina egin behar izan zuen Ainhoa Alvarezen –norena bestela?- bolea geldiarazteko. 

Ordura arte Realak ezer gutxi egin zuen erasoan. Zelai erdian dotore aritu baziren ere, zerbaitek huts egiten zuen. Gutxi heldu, baina goletik oso hurbil ibili ziren. Gastearenak, guztiak aho zabalik utziz, iskin egin zion Ibarrari eta honen erdiraketa gutxigatik ez zuen errematatu Eguzkiñek. Aintzane berandu heldu zen bigarren zutoinera eta Itxaso atzean izanik, bera hobe erdiratzeko. Bikain aireratu zuen baloia gasteiztarrak, eta tartean zen Eguzkiñe baina azkenean defentsa zuri-gorria nagusitu zitzaion. 

Lehenengo zatia bizkaitarren bi gol-aukera onekin bukatu zen. Alta, biak ala biak ez zuten atea ikusi. Ainhoa Alvarezek ez zuen erdiraketarekin asmatu eta Alazne Gomezek ere, dena alde zuenean, kanpora jaurti zuen. Zuri-gorrien nagusitasun apur horrekin baina, era berean, Realeko jokalariek erakutsitako jarrera aparta medio, zapore onarekin agertu ziren Astira hurbildutako mila ikusleak. 

Denboraldiko aurreneko garaikurra jokoan bazegoen ere, aurredenboraldiko lan gogorra dela eta taldearen bikaintasuna bilatze aldera, Igor San Miguelek talde erdi aldatu zuen atsedenaldiaren ostean (zazpi aldaketa). Joseba Agirrek, ordea, pare bat fitxa mugitu zituen talde erasokorragoa osatuz. Lehenengo gol aukera, baina, Realarena izan zen. Leyre Fernandezen korrikaldia bilatu zuen Zelaiak, eta nafarraren erdiraketak ez zuen leku onenean harrapo Nahikari. Atzera pasatu eta Chinik gora jaurtik zuen. Dena den, azkar batean egin zen baloiaren jabe Athletic. Eta Realaren alde kaskarrena azaleratu zen. Nekaneren burukadari erantzun bikaina eman zion Cristinak, baina ezin izan zuen gelditu Joana Flavianok zuzenean atera bidalitako falta jaurtiketa. 

Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Txuri-urdinak saiatu ziren. Ezin daiteke ukatu. Baina aldea handitzeko aukerak izan zituen Athleticek. Ainhoa Vicentek, bere talde ohia aurrean edukitzearen urduritasunagatik agian, jaurtiketa baldarrarekin amaitu zuen Nekanek hasi eta Erikak jarraitutako kontraerasoa. Yulema Corresek bere abilezia erakutsi zuen urrutitik eginiko jaurtiketa batean, langatik oso hurbil ibili zen baloi hori. Izu ederra eraman zuten ikusle askok. 

Nahi eta ezinean ibili zen Igor San Miguelek gidaturiko taldea minutu askotan. Dena den, nabarmentzekoa izan zen Itxaso Uriarteren lana. Bai defentsan eta bai erasoko jokaldiak eraikiz. Goletik oso hurbil ibili zen epaileak oparituta falta jaurtiketa batean. Flavianoren golari erantzuna emateko aukera paregabea zen. Area ertzean eta Uriarte bezalako jaurtitzaile bikain batekin itxaropentsu ziren taldekide zein zaleak. Gutxigatik, baina, kanpora joan zen. 

Azken minutuak zirela eta Realak gogor estutu zuen Athletic. Manuela Lareoren erdiraketara ez zen garaiz iritsi Paola eta Ane Etxezarretak aldaratzea hartu zuen arren, jaurtiketa kaskarra egin zuen. Horrela zaila da gola egitea. Arrisku gehiago zeukan Leyre Fernandezek area kanpotik arresean jaurtitako baloiak. Eta Nahikarik, kasik atera begiratu gabe, intentzioz beterik zuzendu zuen Lareok eskainitako baloia. Itxaropenak laurogeita hamargarren minutura arte iraun zuen eta ikusleek eskertu zuten esfortzua. Garaikurra Bilbora eta jokalari apartaren saria ere Bizkaia aldera. Merezimendu osoz jaso zuen saria Joana Flaviano zuri-gorriak, golaren egileak. 

Argazkia: Sandra Ayala - @sandrika24
Aurredenboraldia izateko ikuskizun aparta eskaini zuten bi taldeek eta jendeak bikain erantzun zuen. Atzokoa erreparatuz, etorkizun oparoa izan dezake Euskal Herriko Kopak. Oraingoz, Athleticen alde dago balantza, lau garaikurrekin; Realak bakarra eskuratu du (2012an Beasainen). Irailaren lehen asteburuan hasiko den Liga txapelketan itxaropen asko izateko nahikoa arrazoi eman zuten txuri-urdinek. Ilusioa eta elkartasuna da nagusi. Bi osagai horiekin gauza politak irtengo direlakoan daude taldekideak.



AUPA ERREALEKO NESKAK!!!


Argazki bilduma Sandra Ayalaren eskutik

Argazki bilduma @Athletic_Fem erabiltzailearen eskutik

Argazki bilduma Maria Mentxakaren eskutik

Norgehiagokaren laburpena @noskisky erabiltzailearen eskutik

Norgehiagokaren laburpena EiTBren eskutik (Itxaso Uriarte eta Irene Paredesen adierazpenekin)

Berria egunkariko kronika

GARA egunkariko kronika

Realeko web ofizialeko kronika





Esanahi handiko garaikurra


Helburu bikoitza duen txapelketaren finalaren atarian, ilusioz mintzo dira antolatzaile zein jokalariak. Euskal derbiak beti gordeko du hainbeste gustoko dugun areriotasuna, aurredenboraldian jokatu arren.

«Udako neurketarik garrantzitsuena». Halaxe dio Zarautz Kirol Elkarteak kaleratutako afixak. Urtetik urtera prestigioa areagotzen doan txapelketaren finala jasoko du Asti futbol zelai zarauztarrak, Euskal Herriko Koparena hain zuzen. Reala eta Athletic nor baino nor arituko dira larunbatean 11:30etatik aurrera, V. edizioko garaikurra etxera nork eraman erabakitzeko asmoz.

Argazkia: Euskal Herria Kirola
«Guztiok irabazi nahi dugun garaikurra da», onartu du Aintzane Encinas Realeko kapitainak. Ilusioa ez da falta talde txuri-urdinean. Aurreko denboraldi kaskarra ahaztu eta hasieratik beraien gaitasuna erakutsi nahi dute. Eta lehen geltokia Euskal Herriko Kopako finala izango da. «Sasoiko lehen titulua da, finalean gaude eta irabazi nahi dugu», ohartarazi du donostiarrak. Eta era berean mintzatu da Irene Paredes Athleticeko atzelaria. «Garrantzitsua izan ohi da taldea sendotzeko», zehaztu du zuri-gorriak.

Kike Zurutuza, Euskal Herria Kirola erakundeko kidearen aburuz, txapelketa honek aurredenboraldiari gainbalio bat eransten dio. Denboraldi aurreko lagunartekoen egunerokotasunetik atera, eta titulu bat bereganatzeko aukera daukate Athleticek zein Realak. Aurredenboraldia izanik, Zurutuzak berriki jokatu den gizonezkoen Espainiako Superkoparekin alderatu du: «Ez dauka zerikusirik baina hasiera batean karga sinbolikoa zuen garaikurra zen hura eta pixkana indarra hartzen joan da. Gurea ere bide beretik doa».

Garaipena edozeinen gustokoa izan ohi da, eta bi euskal taldeen helburu nagusia garaikurra altxatzea da, zalantza izpirik gabe. Balio erantsia duen txapelketa da. Edo hori islatzea gura dute antolatzaileek. Ez da edonolako titulua. Eta are gehiago, udan txapelketa asko jokatzen direla jakitun izanik. Garaikurrez betetzen dira kluben apalak. COTIF lehiaketa dela, beste herri bateko txapelketa dela... Horietan ere guztiek nahi dute garaipena, ez garaikurra bere horretan apalean gorde nahi dutelako, baizik eta gauzak ondo doazela egiaztatzeko. Euskal Herria Kirolakek esanahi horretatik urrundu nahi du. «Euskal Herriko Kopak bi xede nagusi ditu, emakumezkoen futbola bultzatzea eta Euskal Herriaren eremua irudikatzea», azaldu du Zurutuzak.

Athleticek, hain zuzen, asteazkenean L’Alcudian jokatzen de COTIF txapelketa bereganatu zuen finalean Valentzia garaitu ostean (0-1), baina amaitu bezain laster Euskal Herriko Kopa prestatzen buru belarri arituko direla aitortu du Irene Paredes defentsa zuri-gorriak. Logroño eta L’Alcudian lehiaketa bana jokatu dute bizkaitarrek eta bietan garaile izan dira. Hau da, pare bat garaikurrekin itzuli dira Bizkaira. Baina Euskal Herriko Kopa, txapelketa bera, berezia dela ezin du ukatu, «eta are gehiago finala, titulu bat da eta hori eskuratzeko gogor borrokatuko dugu», ohartarazi du legazpiarrak.

Argazkia: @Athletic_Fem
«Azkenean gure kopa propioa da, eta orain dela bost urte arte ez geneukan horrelakorik», adierazi du Encinasek. Beraz Euskal Herria Kirola erakundearen lana hitz onez baloratzen du Realeko kapitainak, kopa hau guztiontzat onuragarria dela gaineratuz: «Emakumezkoen futbolaren bisibilitatearentzat, txapelketa bat gehiago daukagulako eta gure lurraldean kirol honek zer esana eman dezan». Irene Paredesek ere esker hitzak besterik ez ditu Euskal Herria Kirola erakundearentzat, bide onetik dabiltzala gaineratuz. «Gero eta ikusle gehiago gerturatzen dira Kopako partidetara, eta bereziki finalera», ondorioztatu du Athleticeko jokalariak.

Jokalari zein klubek asko preziatzen duten garaikurra da. Badaezpadako zalantzak uxatze aldera, «finalean jokalarien kemena ikusi besterik ez da egin behar inporta zaiela ohartzeko», azpimarratu du Euskal Herria Kirola erakundeko kideak. Erakundea, berari dagokionean, ahalik eta giro onena jartzen saiatzen da, txapelketa bera festa bat izan dadin. Eta horren erakusle dira ospaturiko bost edizioak. Azken honen lehenengo fasean Oiartzun eta Athleticen arteko finalerdietako lehia Hendaian jokatu zen, «eta partidu interesgarri bat ikustearekin batera, ikusleek giro apartaz gozatu ederra hartu zuten», dio Zurutuzak.

Argazkia: Javi Urola
Festa ere garrantzitsua baita hitzordu honetan, ikusle gehiago bereganatzeko asmoz. Amets Arzallus bertsolaria eta David Zurutuza futbolaria Hendaiako partiduan egon ziren. Eta iaz, esaterako, finala Bilboko jaietan jokatu zen hiriburu bizkaitarrean; konpartsa, Marijaia, txupinera eta pregonero eta guzti, Aste Nagusiko ekitaldi bat bailitzan. Partiduak, bestalde, ez zuen emozio handirik izan eta ikusleek behintzat jai giroaz gozatzeko parada izan zuten. «Ea ikuskizun polita eskaintzen dugun, behintzat», dio Encinasek. Jakitun da, eta gogora etorri zaio, iazko norgehiagoka. Etsipenez dio ez zela espero zuten bezalako lehia izan. Baina, era berean, Liga txapelketan talde bizkaitarrari aurre egiteko gai direla behin eta berriz erakutsi dutela helarazi du, «nahiz eta emaitzek hori ez islatu». Euskal Herriko Kopa bat eskuratu du Realak eta gainontzeko hirurak Athleticek. Hori horrela, eta nola edo hala 'justizia' egiteko, «saiatuko gara alde hori berdintzen, izan ere bi taldeon artean ez dago emaitzek adierazten duten hainako aldea», dio donostiarrak.

Dena den, emaitzen gorabeherak axola bazaie ere –nola ez-, ondo dakite garrantzitsuena emakumezkoen futbolak protagonismoa izatea dela, «eta gauza asko aldarrikatzea, txapelketa honetatik abiatuz», azpimarratu du donostiarrak.

Zarautzen elkartasuna
Euskal Herriko Kopa ospatzerakoan garrantzitsuak dira partiduak beraien zelaietan jasotzeko prest agertzen diren herriak. Asko izaten dira, eta Euskal Herriko probintzia guztiek beraien protagonismoa izaten saiatzen dira erakundeko kideak. Oihartzuna euskal lurralde guztietara heltzeko. Aurten, adibidez, finala Gipuzkoan izanik, finalerdiak Hendaian eta Berriozarren jokatu ziren ekainean.

Egia da, eta Zurutuzak onartu du, azken bi urteetan aurrekontuaren murrizketa eta taldeen egutegia tarteko, txapelketa motzagoa egin dutela. Baina aurreko hiru edizioetan zortzi parte hartzaile zeuden, beraz zazpi partiduak leku ezberdinetan jokatu ziren. Finalak, ostera, Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean banatzen dira. Bi bizkaian eta aurtengoa hirugarrena lur gipuzkoarretan.

Zarautzek emango die ongi etorria Euskal Herriko bi talde onenei (hala erakusten dute orain arteko emaitzek). «Hasieratik Zarauzko Kirol Elkarteak izugarrizko prestutasuna adierazi zuen, lehen unean sartu zen emakumezkoen futbola bultzatzeko nahiak eraginda. Izan ere, bere garaian talde indartsu bat zuen Zarautzek», onartu du Zurutuzak. Aldi berean, kirol elkarte zein udalaren laguntza eskertu nahi izan du.

Argazkia: @alvaro1918
Esker hitzez mintzo da Laura Gomez futbolari ohia ere. Bere jaioterrian jokatuko da finala eta antolatzaile lanetan aritu da oraingoan. Euskalduna izanda ere, ez du inoiz Euskal Herriko Kopan parte hartu, hein handi batean 2008tik iaz futbola utzi arte Bartzelonan jokatzen egon baita. Gomezen apalean falta den garaikur bakarra da Euskal Herrikoa, eta etsipenez mintzo da. Baina, era berean, antzerako esanahia duen Kataluniako Kopa lau alditan eskuratu du zarauztarrak. «Katalunian izugarrizko gogo eta ilusioarekin bizitzen da txapelketa, eta hurbileko arerioa aurrean izanez gero, are gehiago», onartu du Gomezek, han ere ia beti Bartzelona eta Espanyol iristen baitira finalera (hamar edizioetan bederatzi aldiz errepikatu da). Horregatik, hain zuzen, ez dauka zalantzarik larunbateko euskal derbian betiko areriotasuna egongo denik, «eta beti egongo da». «Aurrendeboraldiarekin ahaztu eta garaikur hau lortzen saiatuko dira, gero Liga txapelketa ahalik eta hoberen hasteko», azaldu du.

Laura Gomezek argi dauka zergatik animatu zen Zarautz final hau jasotzera: «Emakumezkoen futbola asko babesten du, bai udalak eta bai kirol elkarteak. Zaleak Astira hurbildu eta egun berezi honetaz disfrutatzeko modu bat da eta, bide batez, jokalari onak akzioan ikusteko parada izango dute». Benetako arrakasta, maila handiko lehia ikustearekin batera, futbol zelaiko harmailak betetzea izango dela adierazi du, baina horretarako «publizitate asko egitean dago koxka».

Publizitate handiena edo onena, agian, Zarautzko harrobitik irtendako jokalarien itzulera izango da. Biek Athleticeko elastikoa eramango dute soinean, Irene Paredesek zein Maite Lizasok Zarauztik egin zuten jauzi Lehen Mailara (Realera). Asti futbol zelai berezia dela aitortu du Paredesek eta asko poztu zen finala bertan jokatzen zela jakitean: «Niretzat etxe moduko bat da, oroitzapen oso onak ditut eta, gainera, jokatzeko asko gustatzen zaidan zelaia da».

Ez dira Zarauzko harrobitik atera diren maila oneko jokalari bakarrak. Zerrenda luzea osatu genezake, asko Realean aritutakoak. Horietako bat da Gomez bera ere eta arrakasta horren giltza klubaren lan bikaina dela adierazi du. Orain urte batzuk Bigarren Mailan zegoen talde zarauztarra: «Asko kostatu zitzaigun Bigarren Mailara igotzea, eta urteen joan etorrian nabaritu dut beherakada egon dela, baina ziur naiz berriro beraien lekuan egoteko lanean jo eta ke ari direla».

Entrenatzaile berriak aulkian

Argazkia: Euskal Herria Kirola
Betiko taldeak aurrez aurre egongo diren arren, ezberdintasun nabariekin iristen dira lehia honetara. Biek 'estreinatzen' dute entrenatzaile bana. Honek sistema zein taktiken aldaketak dakarrela kontuan izanik, bi talde ezberdin ikusteko aukera izango du. Ezezaguntasun puntu bat nabaritu dute bata zein besteak arerioarekiko, jokalariak bere horretan ondo baino hobeto ezagutu arren.

Igor San Miguelen gidaritzapean dago Reala. Andorra estreinatu zen talde txuri-urdinaren aulkian eta ezin hobeto gainera. 2-0 gailendu ziren AEM Lleidaren aurka (Bigarren Mailako taldea). «Aukera asko sortu genituen eta beraiek oso gutxi», zehaztu du Realeko kapitainak. Baina Aintzane Encinas joan zen ostiralean Tarbesen (Frantzia) jokaturiko nabarmendu du. «Frantziako gorengo mailako talde baten aurka jokatu genuen, eta sentsazio onak izan genituen, aukerak sortzeaz gain defentsan ere sendo agertu ginen», azaldu du. Oro har, sentsazio onekin dabiltzala ondorioztatu du.

Dena den, aurredenboraldia den heinean, akatsak zuzentzeko tartea daukate eta horretan dabiltza, «xehetasunak» ere zuzentzen. «Egoera berrira egokitu behar gara, taldearen profila eraikitzen gabiltza eta gauzek nola funtzionatzen duten ikusten», azaldu du. Bestalde, fitxaketa dezente egin ditu talde gipuzkoarrak eta «guztiok ezagutzen gabiltza».
Argazkia: @Athletic_Fem
Beste aldean, Athleticen aulkian, Joseba Agirre eseriko da. Realean bezala, Athleticen ere aldaketa aunitz eman dira baina, dena den, multzo trinkoa mantentzen da. Esperientzia handiko jokalari askok jarraitzen dute, baina aurtengo sasoian gaztetxoenek (bigarren taldetik igotakoek) beraien protagonismoa izatea espero da. Aldaketa horietara moldatzen dabiltzala adierazi du Irene Paredesek, aurredenboraldia eta jokatutako txapelketak horretarako direla nabarmenduz.

Gaur arte, garaipenek apaindu dute zurigorrien denboraldi aurrean. Sei lagunarteko jokatu dituzte (bi txapelketetan banaturik) eta guztietan garaile izan dira bizkaitarrak. Logroño, Mulier, Levante, Nambiako selekzioa, Espanyol eta Valentzia hartu dituzte mendean. Lehen Mailako hiru arerioen aurka irabaztea bide onetik doazenaren seinaletzat hartu daiteke. «Momentuz taldea sentsazio oso onekin dago. Gauzak pixkanak irtetzen dabiltza eta beraz, pozik gaude», azaldu du Paredesek.

Larunbatean, beraz, aurreneko titulua eskuratzeko borrokan arituko dira Reala eta Athletic. Nor baino nor 11:30etan Zarauzko Asti zelaian. Bizkaitarrek aldea handituko dute edo gipuzkoarrek balantza berdindu? Kike Zurutuza zein Laura Gomezek ez dute inolako pronostikorik egin nahi izan. «Orain bertan oso berdinduta ikusten ditut bi taldeak, beraz partidu ikusgarria ikusi eta harmailetan giro ona egotearekin konformatuko naiz», esan du sendotasunez. Aintzane Encinas zein Irene Paredesek beraien taldeen aldeko apostua egin badute ere, ados daude Gomezek dioenarekin. «Ea ikusle asko gerturatzen diren eta, behintzat, ikuskizun polit bat eskaintzen dugun», helarazi du Encinasek. Harmailak jendez gainezka ikustea gustatuko litzaioke Paredesi, «kopak merezi duen esker ona litzatekeelako».

Afixa: @ZarautzKE




Hazteko ilusioa

Denboraldi berri bat hastear dagoela, Realean egon diren aldaketak tarteko, aurtengo proiektuaren helburu eta giltzarriez mintzo dira taldera batu diren sei fitxaketak, talde txuri-urdina gorenera eramateko grina helaraziz


Joan etorriak ohikoak dira edozein arlotan. Are gehiago futbolean. Mugimendu geldiezin bat da futbola. Zelaietatik harago. Udarako merkatua iristean saihestezina da baja eta altei buruz hitz egitea. Agurrak eta ongietorriak. Eta taldea, nola edo hala, egokitzera behartuta.

Realak azken bi denboralditan aldaketa mordoari aurre egin behar izan dio. Batzuk, erabaki propioagatik eta beste batzuk jokalarien nahiengatik. Hori horrela, klubak gogor lan egin behar izan du denboraldia bukatu bezain laster.

Fitxaketetan gaztetasuna izan da nagusi, betidanik. Horrekin, etorkizun hurbilerako proiektua aurrera eramateko nahia erakutsi dute. Baina zertxobait aldatzen doa. Izan ere, iazko sasoian lehenengo jokalari espainiarra fitxatu zuen: Cristina Pizarro “Chini”. Langa hori gaindituta, gipuzkoar harrobiarekin sendo jarraituz, aurtengoan bi kataluniar iritsi dira talde donostiarrera; nafar bat, arabar bat eta bi gipuzkoarrekin batera.

Argazkia: Imanol Urkiri
Kalitatezko sei fitxaketa; horietatik lau Lehen Maila ezagutzen duten jokalariak. Guzti hauen gogo eta ilusioa taldean geratu direnen esperientziarekin uztartu eta Realak motibazioz ekin du aurredenboraldia. Dena den, Igor San Miguelek prentsaurrekoan esan bezala, fitxaketa berriek ere ez dute helburuez mintzo nahi; ez behintzat taldeari dagokionean. “Oraindik ikusteko dago ea nola moldatzen garen eta Ligan nola gabiltzan, urtetik urtera txapelketa lehiakorragoa izaten baita”, dio Manuela Lareok, Valentziatik etorri den aurrelari gasteiztarrak.

Valentziarekin, hain zuzen, iazko sasoian Erreginaren Kopako finala galdu zuen Lareok. Eta Athleticekin 2014 eta 2012an. Irribarre txiki batekin txapelketa horretan arantza bat duela onartu du, baina gauza pertsonala dela. Ohartarazi du finalera iritsi den bakoitzean talde osoaren elkarlanaren poderioz izan dela, faboritoak izan gabe: “Hori izan behar da giltzarria, beraz ez dago jakiterik”.

Giro ona eta elkarlana, hain zuzen, taldearen muina behar dutela izan nabarmendu zuen entrenatzaileak prentsaurrekoan, “horrek, ostantzean, puntuak ekarriko baititu”. Hala, Ane Etxezarretak talde giroa gustatzen zaiola eta bere aldetik guztia jarriko duela azaldu du. Halaber, Paola Soldevila taldearekin oraindik batu ez bada ere dagoeneko euskarazko bromak egin dizkiotela onartu zuen Realeko webgunean. Tarragonakoa 19 urteko espainiar selekzioarekin Israelgo Europako Txapelketa jokatzen egon da uztailean zehar, Nahikari Garcia eta Leire Bañosekin batera. Txapeldunorde izendatu dira, hain zuzen ere. Gainerako taldekideekin elkartzeko gogotsu dagoela esan zuen txapelketa amaitu bezain laster, baina orain, oporraldiez disfrutatzea dagokio –abuztuaren 10era arte-.

Argazkia: Imanol Urkiri
Bestalde, eta oraingoz, ondo prestatzea eta partiduka joatea dira Ane Etxezarreta eta Iraia Iparragirren helburuak. Bi gipuzkoar hauek bigarren mailan jokatzetik datoz –Oiartzun eta Añorga, hurrenez hurren- eta ikasteko gogotsu daude. “Ikusi beharrekoak ikusiko dira”, adierazi du Iparragirrek. Jokatu ahala esperientzia hartuko dutela nabarmendu du, eta taldea gaztea izan arren “emateko gauza asko ditu”.

Lana. Horixe da Nuria Mendoza kataluniarraren giltzarria. Espanyoleko emakumezkoen taldeko zale, jakitun eta Podemos Jugar irratsaioko kolaboratzailea den Carlos Belmarrek esan bezala, “Mendoza jokalari profesional eta oso langilea da, une oro daukan guztia ematen du”. Monistrol de Montserrateko jokalaria 11 urte zituenetik zegoen Espanyol taldean, azken lau denboraldiak Lehen Mailan. Hainbeste denbora eta gero airez aldatzeko nahia, Espanyolen diru arazoak eta Realaren deia batu eta Donostian izango dugu hastear dagoen denboraldian. Izan ere, Realak berarengan zuen hainbesteko interesa ikusirik azkar batean erabaki zuela onartu du, “eta baita betidanik talde indartsua izan delako”.

Erronka
Argazkia: Imanol Urkiri
Izaskun Leoz Athletic utzi eta Realeko proiektu berrian murgiltzeko irrikaz dago. Zuri-gorri bezala partida politak egin zituen. Hasiera batean bigarren talderako fitxaketa izan zen arren, segituan eman zuen jauzia Lehen Mailara. Talde beterano batetik gaztetasuna nagusi den multzora dator. “Pixka bat laguntzen du zure adineko jokalariekin egoteak”, dio Leozek.

Gazteek esperientzia hartzearekin batera, Realaren erronketako bat, hainbeste aldaketa medio, zelai barnean elkar ulertzea izango da. “Guztiok ondo batzea eta etorri garenok jadanik zegoen multzoan ondo moldatzean azpimarratzen ari gara”, eman du aditzera Lareok, aurredenboraldia horretarako dagoela gaineratuz.

Mendozaren aburuz, ordea, ez da hainbesterako arazoa izango. Kataluniarra espainiar selekzioaren azpiko taldeetan aritu izan da eta jada ezagutzen ditu Maria Diaz Cirauqui, Leire Baños, Paola Soldevila eta Nahikari Garcia. “Selekzioko konexioak lagunduko duelakoan nago”, esan du.

Izaskun ere ondo ezagutzen duen lagun eta taldekide batekin elkartuko da: Cirauqui. Hamar urte zituztenetik talde berean izan dira, Osasunan –azken bi denboraldietan izan ezik-. Baina, kasualitatez, biek postu berean jokatzen dute, eskuin hegalean. Hori ez da arazo iruindarrarentzat: “Taldearen lehiakortasuna areagotuko da eta gure artean ere lehia zintzoa sortuko da; era berean, entrenatzaileari zail jarriko diogu”.

Argazkia: Imanol Urkiri
Iraia Iparragirrek bestelako erronka bat edukiko du. Ane Bergara eta Nerea Gabirondok utzitako hutsunea ahalik eta hobekien betetzea du helburu. Jende berriaren etorrerak motibatu egiten diola dio, postuarekin egiteko lehiakortasuna egongo delako. “Orain guztiok borrokatu egin behar dugu, nola edo hala”, azpimarratu du. Defentsa batek indarraz gain –Ane Etxezarretaren esanetan Iparragirreren ezaugarri nagusia- teknika eduki behar duela azaldu du, “ohikoena erasoan erabiltzea bada ere”.

Ane Etxezarretak, berriki, Lehen Mailara igotzea lortu zuen Oiartzun taldearekin. Aurten gorengo mailan jokatzeko aukera zuen, baina dena den, Realaren deiak izugarrizko poztasuna eragin zion. “Erabakia hartzea zaila izan zen”, onartu du. Talde berri batera joatea eta jende berria ezagutzea “erronka grinatsu bat bezala ikusi nuen”, arrazoitu du. Elastiko txuri-urdinarekin ekarpenak egiten saiatuko dela dio, umiltasunez, tekniko bikaina izan ez arren zer edo zer badaukala argitzera emanez.

Fitxaketa gehienen ezaugarri nagusienetarikoa postu bat baino gehiagotan jokatzeko gaitasuna da. Manuela Lareok erasoko edozein postutan jokatu dezake, Izaskun Leozen legez. Paola Soldevilak defentsa hegalean edo erdian. Ane Etxezarretak aurrelariaren atzean zein erdialdean partidu politak egin ditu Oiartzunekin –hala ikusi genuen igoera faseko partiduetan-.

Argazkia: Imanol Urkiri
Eta Nuria Mendozak edonon jokatu dezakeela esan dezakegu. Iazko sasoian aurrelariaren atzetik jokatzera ere heldu zen. “Zelai erdian nahiko eroso aurkitzen naiz, baita defentsa hegalean ere”, aitortu digu. Eta zentral? “Baita”.

Guztiak agertu dira urte hauetan zehar barneratutakoa taldekideei erakusteko gogotsu. Eta nola ez, gehiago ikasteko irrikaz. “Gaztetasuna, gogoak eta, batez ere, jendea oso motibatuta dator; talde ona egiten gabiltza beraz zer esana emango dugu”, ohartarazi du Manuela Lareok, ziurtasunez.



AUPA ERREALEKO NESKAK!!!



Nagusitasun osoz bidea eraikitzen (0-5)

Argazkia: Euskal Futbol Federakuntza
Euskal Selekzioak erraztasunez garaitu du Estonia. Ordu laurdenean markagailuak 0-3koa adierazten zuen, Eunate (bi gol) eta Nekaneren golei esker. Aintzane Encinasek markagailua borobildu du beste bi golekin (tanto bana zati bakoitzean). Emaitza aldetik ez ezik, berdegunean nagusi izan dira euskaldunak. Tarte batzuetan berdegunean bakarrik zebiltzala zirudien. 

Gozatu ederra hartu dute euskal herritarrek Tallinen jokaturiko neurketan. Jokaldiak egin eta egin eta, noizean behin, atea zulatuz. Lehen minuturako berdez jantzitako jokalariak arerioaren zelaian batu dira Eunateren gola ospatzeko. Yulemak bizkarrez baloia jaso –atzelariak lekuz kanpo zeudelarik- eta nafarraren etorrera ikusirik ezker bandara pasatu du. Eunate arean sartu eta inolako oztoporik gabe atezaina gainditu du. 

Aintzane eta Yulemaren aukerek Eunateren bigarren golari bidea eman diote. Donostiarrak eta arabarrak ate aurrean asmatu ez duten arren, nafarrak bere forma ona erakutsi du Iraiaren erdiraketa neurtua buruz sareratzean. 

Minutu gutxiren buruan markagailuan nagusi izanik, lasaitasunarekin bat eginez jokaldi ederrak ikusteko parada izan dugu. Esaterako, toke bakar batean eraikitakoa, azkenean Sandraren erdiraketarekin amaitu dena. Konbinazio ederrak egiteaz gain, zuzen erasotzen ere trebeak direla erakutsi dute euskaldunek. Eta gainera, saria eskuratuz. Unzueren pase luzea Nekanek bikaintasunez jaitsi du berdegunera; arean sartu eta ezkerkada indartsu batekin Imbi Hoop menderatu du. 

Zelai erdia ezin gainditurik zebiltzan estoniarrak. Maite Lizaso eta Vanesa Gimbert ‘jaun eta jabe’ izan dira. Marta Unzue eta Ane Bergarak ez dute lanik eduki, eta zer esanik ez Cris Cornejo atezainak; ukitu duen baloi bakarra iruindarrak atzera botatako pasea izan baita. Hala, hegaleko atzelariek erasoan trebatu dira. Iraia Iturregik inongo trabarik ipintzen ez ziotela ikusirik arearaino heldu da, ondorengo jaurtiketa –ezkerrez-, ordea, Hoop-ek harrapatu du. Zehaztasun falta nabaritu da baita Nekane eta Yulemaren jaurtiketetan. 

Irudia: @EiTBKirolak
Gozamena islatzeko-edo, Iraia eta Aintzanek jokaldi ederra osatu dute. Loiutarraren beheko pasea, ordea, aurrelariek –nahita- pasatzen utzi dute, bigarren jokaldian zegoenak amaitu zezan. Halako batean atzelariak esnatu eta baloia urrundu dute. Aintzane goletik gertu ibili da defentsen artetik pasea jaso eta atezaina goitik gainditu nahi izan duenean. Gertu ibiltzetik, eta betiko grina erakustearen ondorioz, atzetik zetorren pase luzea harrapatzeko gai izan da kapitaina, bere abiaduraren poderioz defentsa atzean utziz. Eskuinkada prestatu eta, atezainak ukitu duen arren, inork ezin izan du gola ekidin. 

Erritmoaren jaitsiera nabaritu da orduan. Dena den, ez dira hor amaitu euskaldunen jokaldi zein gol aukerak. Vanesa eta Nekanek bat-bikoa egin eta bergararrak aurrera egin ezin zuela ikusirik, ezker bandara ireki du jokoa. Bertan zegoen Sandra, erdiratzeko prest; baina inor ez da iritsi errematera. Sandra eta Eunatek behin eta berriz lekua aldatu dute, atzean zein aurrean jokatzeko bien trebezia nabarmenduz. Hala, Maitek irundarrarekin konektatu du –pixka bat erdi aldera etorri denean- eta honek bere hegaleko lagunari eman dio. Nafarraren erdiraketaren aldaratzea Vanesak jaso eta jaurtiketa neurtua egin du. Gutxigatik joan da kanpora. 

Lehen zatia amaitzear zegoela, Ane Bergarak erasorako prestutasuna agertu du, estoniarrek arriskua egiteko zeukaten gaitasun eza ikusirik-edo. Euskaldunen maila ederrarekin jarraiki, Nekanek edozein erremate egiteko abilezia azaleratu du. Aintzaneren erdiraketa jaso, kontrolatu eta boleaz atezaina harritu nahi izan du. Baloia, ostera, ez da hiru zutoinen artera joan. 

Lagunarteko guztietan legez, atsedenaldiaren ondoren aulkian zeudenak beraien minututxoak eduki dituzte. Hasiera batean Esti Aizpurua, Maialen Zelaia, Maria Diaz Cirauqui eta Nahikari Garcia zelairatu dira (azken honek selekzioa absolutuarekin debuta eginez); eta minutu batzuk geroago, Ainhoa Alvarez, Itxaso Uriarte eta Ane Otxoa (azken bi horiek ere beraien debuta zuten). 

Aldaketen joan etorrian neurketaren erritmoa nabarmen jaitsi da. Euskaldunek ez dituzte hainbeste aukera garbi eduki eta, halako batean, estoniarrak erasoan gehiago aritu dira. Baina ezin izan dute Cris beldurtu. Aukera argiago bat eduki dute jada Ane Otxoa atepean zegoela, baina arabakarrak bikain erantzun du Kallasekin edukitako bat-batekoa. Jada 0-5ekoa adierazten zuen markagailuak, izan ere, minutu batzuk lehenago Iraia Iturregiren jokaldi pertsonala Aintzaneren jaurtiketa gurutzatuarekin bukatu da. Donostiarraren bigarren gola eta arratsaldeko bosgarrena. Bi kapitainen konexio bikaina ikuskatu dugu, Encinasen bi goletan pasea Iturregirena izan baita. 

Beste hiru jokalari txuri-urdinek ere eduki dute gol bana egiteko abagunea. Zelaiak ederki driblatu du aurrean zuen atzelaria, baina atezaina adi ibili da jaurtiketa desbideratzeko. Era berean, driblatzeko maisutasuna Cirauquik ere erakutsi du. Arean barruan –zelaia amaitzear zegoela, zehazki- eta ausardia osoz, jaurtiketarako hutsunerik ez zeukala, efektu ederra eman dio baloiari eta langatik doi-doi kanpora joan da. Baina gehien saiatu dena Nahikari Garcia izan da. Aurrelari gazteak baloia oinetan duenean gordetzen duen kalitatea eta bizitasuna agerian utzi du. Bere kideek ere gura zuten urnietarraren gola. Edo hala eman dute aditzera pare bat jokaldik. Izan ere, Cirauquiri eman dio baloia Nahikarik eta honek ezkerrez jaurtitzeko aukera zuenean berriro urnietarrari eskaini dio. Intentzio guztiarekin eginiko jaurtitzea kanpoan amaitu da. Berdina, edo antzerakoa gertatuta da Aintzanek eginiko atzera pasearekin. Kapitaina hizpide dugularik, hat-tricka egiteko zorian egon dela ezin ahaztu. Atzelarien hutsegite larria Aintzaneren oinetan geratu eta bi bider pentsatu gabe ederki gurutzatu du. Zutoinak gertutik jarraitu dio jaurtitzeari.

Argazkia: Euskal Futbol Federakuntza
Euskal Herritik milaka kilometroetara jokatzen zuten bigarren aldi honetan garaipen bat poltsikoratu dute euskaldunek. Lastima arerioak erakutsitako maila kaskarra. Hala ere, Euskal Selekzioak nagusitasun osoz bidea eraikitzen jarraitu nahi duela erakutsi du gaurkoan.