Quiñones, penaltietan erabakior eta garaikurra Euskal Herrira

20:33 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Argazkia: @fcf_cat
Katalunia eta Euskal Selekzioaren arteko berdintasuna penalti jaurtiketek hautsi zuten. Bi selekzioak berdinduta zeuden markagailuan, eta gauza bera zuten helburu: aldarrikapena. Baina azkenean euskaldunak garaile suertatu ziren hamaika metroetatik eginiko jaurtiketetan, Mariasun Quiñones atezainaren bi geldiketei esker –euskaldunek guztiak sartu zituzten-. Beraz, Beristain eta Correderaren bi golek adierazi zuten banakoa Quiñonesek hautsi zuen, garaikurra Euskal Herrira ekarriz. 

Ezohikotasunak markaturiko neurketak izan ohi dira euskal zein kataluniar selekzioak jokatzen dituztenak. Ezohikoa baita sortzen den giroa, eragiten duen grina eta ilusioa. Ezohikotasun horretatik irtenaz, ohikoa behar lukeena aldarrikatzeko balio duen partidak bilakatu dira. Bi selekzioen ofizialtasuna, alegia. Eta bidea eraikitzeko prozesuan, futbol ikuskizun aparta eskaintzen dute jokalariek beraiek ere. Zelaian islatzen dute beraien herria errepresentatzearen harrotasuna. 

Giro horretan murgildurik, euskaldunak eta kataluniarrak bigarren aldiz lehiatu ziren. Oraingoan, Katalunian; Miniestadin, zehazki. Barakaldon bana berdindu ostean, berdintasuna hausteko aukera aproposa zuten bi taldeek. Garaikurra ere bertan zen, bi aulkien artean, garailearen zain. Lehen minutuetan, urduritasuna medio-edo, euskaldunen hutsegiteak baliatzen saiatu ziren etxekoak, zelaian erosoago zeudela erakutsiz. Dena den, Irene Paredesek kapitainaren beharra ederki asko bete zuen; baloiarekin zein baloi gabe. Beharbada horregatik, hain justu, ez zuten atea zulatu kataluniarrek. 

Argazkia: @fcf_cat
Eta euskaldunak, aldiz, kostata heldu ziren Mariajo Pons atezainak defendatutako atera. Paredesen errematea eta amaiera kaskarra izan zuten pare bat jokaldiz aparte, erasoan ez zen oso fin ibili Euskal Selekzioa. Kataluniak, berriz, arriskua sortzeko errastasuna agerian utzi zuen eta jokaldi batean Nahikarik defentsa-lan gogorra egin behar izan zuen Debora oztopatzeko. Bestela ere, Andrea de la Nava atezainak ez zuen gehiegizko eginbeharrik izan. 

Lehen zatiaren ondarrean Nekane Diezen lesioak harmailak izoztu zituen. Barakaldarra 4.106 ikusleren txalo zaparraden artean joan zen aldageletara –gaur (astelehena) baieztatu dute ezker belauneko aurreko lotailua hautsita duela- eta Esty Bajok hartu zuen bere lekua. Aldageletatik bueltan kataluniarrek estu hartu zuten Euskal Selekzioa eta Mariasun Quiñones euskaldunen izar bilakatu zen Miriam Dieguezen jaurtiketa zorrotza desbideratzean. Torrejon eta Nicart defentsak eta Ferez aurrelaria ere saiatu ziren ate aurrean, baina azkenean asmatzen abilena Naiara Beristain izan zen. Euskal Selekzioak ordura arte ezer gutxi egin zuen baina, Itsaso Nabaskuesen grina tarteko, Beristain adi ibili zen Esty Bajoren erdiraketaren aldaratzea hartu eta Rafolsen atea zulatzeko. Merezita edo merezi gabe euskaldunak aurretik jarri ziren. 

Argazkia: @fcf_cat
Azken minutuetan kataluniarrek nahi beste aukera sortu zituzten, baina Mariasun ez bazen Paredes agertzen zen arriskua kanporatzeko. Bietako inork ezin izan zuen ezer egin partiduko azken jokaldian, Corredera ate aurrean bakarrik agertu zenean. Banakoarekin penalti jaurtiketak erabakior suertatu ziren eta horietan Mariasun Quiñones gailendu zen, bi penalti geldituz. Hala, Euskal Selekzioak garaipena ospatu zuen Irene Paredesek garaikurra jaso ostean. Jokalari onenaren saria Alexia Putellas kataluniarrak irabazi zuen. 

Garaikurrak alde batera utziz, benetako garaileak bi selekzioak zein zaleak izan ziren. Miniestadin festa giroa sortzearren eta ikuskizun aparta eratzearren. Zoragarria da larunbatean protagonista izan zirenen zein bertaratu zirenen ilusio aurpegiak erreparatzea. Abenduaren 26an futbolak irabazi zuen.



0 comentarios: