Larraitz Lucas: “Bigarren zatiko hamargarren minutuan partida bukatu zela iruditzen zait”

16:18 T 0 Comments

Irutxoloko Hitza-tik hartutako elkarrizketa - Estitxu Zabala

Madrilera joandako jarraitzaileekin argazkia atera zuten Realeko jokalariek. (Argazkia: Aupa Errealeko Neskak / Valerie Quiroga)

Kopako finalera iritsi gabe ere, Realeko emakumeek historia zatitxo bat idatzi dute dagoeneko. Orain arte, futbol talde txuri-urdina ez baitzen Kopako finalerdira iritsi. Ostiralean, Madrilgo Las Rozasen, Bartzelonari irabazi beharra zion, finalerako txartela lortzeko. Zoritxarrez, ordea, taldekideen eta jarraitzaileen ametsa ez zuten bete; 0-2 galdu baitzuen Realak gerora txapeldun izango zenaren aurka. Oraindik zapore txarra duen arren, irakurketa baikorra egiteko gai izan da Larraitz Lucas, Realeko kapitaina.

«Finalerdira iristea guretzako sari ikaragarria zen. Ilusioarekin zelairatu ginen arren, espero baino partida kaskarragoa atera zitzaigun. Azken finean, Bartzelonak oso oso partida ona jokatu zuen, oso talde ona da. Alde batetik, triste gaude, finalera ez iristeagatik, baina bestetik, harro esan dezakegu, noraino iristeko gai izan garen», azpimarratu du.

Ostiraleko partidan, Reala gutxi erakusteko gai izan zen. Kapitainaren ustez, presioa baino, beroa izan zen horren erruduna. «Bero gehiegi egiten zuen jokatzeko eta, gure jokoarentzako belarra luzeegia zegoen. Gero, lehen golarekin, behera egin genuen, bai jokoari dagokionean, bai psikologikoki ere. Bigarren zatiko hamargarren minutuan partida bukatu zela iruditzen zait». Gainera, gol jaurtiketa gutxi egiteko gai izan zen talde txuri urdina; «gure beherakadaren ondorioa izan zen».

Horrela bada, 2-0eko emaitzarekin bukatu zen norgehiagoka. «Hasieran gaizki ginen, eta, lehen beherakada izan genuen; Madrilera joandako jarraitzaile guztiei eskerrak emateko modua galdu baikenuen. Gero, dutxa hartu ostean, hobeto geratu ginen, behin zaleen animoak jasota. Gauean, berriz, hirugarren txanpa iritsi zen, eta, triste geratu ginen. Hala ere, azkenean, pozik egon behar gara, denboraldiari oso nota ona jartzeko moduan gaudelako». Jarraitzaileei ere sekulako nota jartzeko prest dago egiatarra. «Nota ona baino gehiago jarri behar diegu. Realeko jarraitzaileen ezaugarrien artean baikortasuna da nabarmenena. Beti animatzen dute; beraiek grabatutako bideoetan ikus daiteke. Pattal ibili ginen uneetan ere ohiuka ziren».

Edonola ere, Kopako oroitzapen polita gordeko du Jose Manuel Etxaberen esanetara dagoen taldeak. «Lehen kanporaketan ez ginen oso ongi aritu, baina azken minutuan final laurdenetara sartu ginen. Final laurdenetan, etxean oso partida polita jokatu genuen, baina kanpoan ez hainbeste. Finalerdietan, Bartzelona bezalako talde bati lehen zatian aurre egiteko gai izan ginen. Azkenean, dena ongi atera da; bidaia, antolakuntza, jokalarien jarrera, eta, zergatik ez, emaitza ere bai».

Atseden garaia
Laster, ongi baino hobeto merezitako oporrak hartuko dituzte jokalariek; abuztuaren 1ean entrenamenduetara itzuli bitartean. «Plangintza betikoa da, hemendik bi astera oporrak hartuko ditugu, lasai egoteko. Gero, korrika pixka bat egingo dut, baina beti ere, futbola ahaztuta. Hurrengo denboraldia oraindik ere luzeagoa egingo baitzaigu».

Behin denboraldi berriari ekiten diotenean, berriro ere aldaketekin topo egingo dute. Izan ere, duela bi urtera arte izandako sistemara itzuliko da Liga. Hau da, 18 taldek osatuko dute lehia eta, guztiek guztien aurka jokatuko dute, multzotan banatu gabe. «Gustura nago, hori delako benetako lehiaketa. Azken bi urteetan egin duguna txorakeri hutsa iruditu zait, atzerapauso handia». Hala ere, kapitainak alde txarra ere ikusten dio. «18 talde egoteak, irailetik maiatzera luzatuko du Liga, Aste Santua barne. Baina nahiago dut sistema hori».

Datorren Liga, ordea, oraindik urruti ikusten du Lucasek. «Nahiko urruti ikusten dugu, oso nekatuak baikaude, bai psikologikoki bai fisikoki ere. Ez dakit noraino iritsi gaitezkeen; baina aurtengoari etekina ateratzen jakitea espero dut, gure buruarengan konfiantza gehiago izateko. Hala ere, zaila izango da».

0 comentarios: