Motorrak berotzen hasteko, euskal derbia

12:21 Ane Urkiri Ansola 0 Comments

Liga Iberdrola hasteko astebete eskas falta dela, Reala eta Athleticen indarrak neurtzeko eszenatoki aproposa izango da Euskal Herriko Kopako finala. Aurredenboraldiko lagunartekoak jokatu ondoren, VI. edizioko garaikurra eramateko gogotsu agertzen dira gipuzkoarrak eta bizkaitarrak. Hitzordua, igandean (abuztuak 28) 11:30etan Gernikako Urbieta zelaian (sarrera dohainik) eta ETB4 bidez zuzenean ikusteko aukera egongo da. 
Argazkia: @Athletic_Fem
Lau aldiz eskuratu du garaikurra Athleticek; Realak, ordea, behin. Bigarren edizioa eta Beasainen jokatu zen txuri-urdinak gailendu zirenekoa (2-0). Iaz Zarautzen bizkaitarrek aldea handiagotu zuten beraien laugarrena lortuz. Inoizko lehiarik parekatuena izan zen baina Joana Flavianoren falta jaurtiketa batek erabaki zuen neurketa. 

Bi taldeak konparatuz, beharbada, aurtengoan inoiz baino berdintsuago egon daitezke kemenak. Realak taldearen bizkarrezurra mantentzeaz gain Nerea Eizagirre, Naiara Beristain eta Nuria Sanchez fitxatu ditu eta inoizko talderik indartsuena osatu duela ematen du.

Txapelketako talde onenen artean jarraitzen du Athleticek, nahiz eta Irene Paredesen hutsunea sumatuko duen. Legazpiarra talde bizkaitarraren ikur izan da azken denboraldietan. Dena den, horri aurre egiteko gogor prestatu dira zuri-gorriak. Lau fitxaketa egin dituzte, horietatik bi aurpegi ezagunak donostiarrentzat: Andere Leguina, Lucia Garcia, Esti Aizpurua eta Esty Bajo

Baten esperientzia eta bestaren gaztetasuna, aurrez aurre. Urteroko lehia izaten ari da, eta gaur arte esperientzia indartsuago izan da. Bi entrenatzaileak, ordea, aldi berean hasi ziren emakumezkoen gorengo mailan entrenatzen eta bien lehenengo aurrez-aurrekoa orain urte bete izan zen, Zarautzen. Aurreneko lehia horretan Agirrek irabazi zuen –eta monopolioarekin jarraitu zuen ligan ere-. Hori horrela, San Miguel eta konpainia mendekua prestatzen hasi dira jadanik. 

Aurredenboraldia

Sentsazioak berreskuratu eta liga hasiera prestatzea izan ohi da denboraldi aurreko xede nagusia. Garaipenekin eginez gero, ondo baino hobeto. Realak hiru lagunarteko jokatu ditu, bi garaipen eta porrot bateko balantzearekin. 

Girondins de Bordeaux izan zen txuri-urdinen makur bakarra (1-2), azkenengo lagunartekoan hain zuzen ere. ASPTT Albi, Frantziako gorengo mailako beste taldea, erosotasunez garaitu zuten (3-0) eta nagusitasuna agerian geratu zen Añorgaren aurkako partiduan (0-8). 

Athleticek garaipen bakarra eskuratu du jokatu dituen bost adiskidantzako neurketetan, Oiartzunen aurka izan zen (4-1). Bizkaitarrek Logroñoren aurkako porrotarekin hasi zuten aurredenboraldia (1-0), txuri-urdinen arerio izan zen ASPTT Albiren kontra ere galdu egin zuten (3-0), bai eta Montpellier (2-0) eta Soyaux Charente (3-2) talde frantsesen aurka ere.

0 comentarios: