Ohorea baino gehiago jokoan
Igandean 12:00etan denboraldiko partidu bereziena —edo berezienetariko bat- jasoko du Zubietak. Euskal derbia jokatuko da z7 zelaian. Ohoreaz gain asko dago jokoan: Athleticek lidertzan jarraitzeko irabazi egin beharko du, baita Realak ere laugarren postuari eutsi nahi badio. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da (bazkideak doan) eta ETB1ek zuzeneko emankizuna egingo du.
Argazkia: @Athletic_Fem |
Tentsioa pil-pilean izango da Zubietan. Berdegunean zein harmailetan. Realean min asko egin zuen azken derbiko emaitzak. 5-0ekoa islatu zuen Lezamako markagailuak, nahiz eta Reala inoiz baino maila onenean iritsi zen hitzordura. Ate aurrean fin aritu ziren bizkaitarrak eta txuri-urdinek urduritasuna jokora eraman zuten.
Gauzak horrela, mendekua hartu nahiko du Igor San Miguelek gidatutako taldeak. Horrez gain, laugarren postuari eusteko helburua finkatu dute donostiarrek eta garaipena garrantzitsua izango da horretarako.
Batek, laugarren postua eta besteak, lidergoa objektibo. Porrot batek garaikurra irabaztea zaildu diezaioke Athleticeri. Lidertzan dago talde zuri-gorria baina Bartzelonak hurbiletik jarraitzen dio. Puntu bateko aldea dago bien artean eta denboraldiko garai honetan edonolako irristaldi bat erabakiorra izan daiteke.
Argazkia: @Athletic_Fem |
Gaur arte neurketa bakarra galdu du Athleticek. Rayo Vallecanoren aurka izan zen, orain bi hilabete. Kolpe gogorra suposatu zuen, Bartzelonaren etxean berdindu ostean pausu handi bat eman baitzuen garaikurra irabazteko bidean. Ordutik, bizkaitarren beste akats bat aprobetxatzeko so daude kataluniarrak.
Estatistikak Athleticen alde
Realaren sasoi onaren puntu garrantzitsuetako bat Zubieta da. Bi partidu galdu ditu, eta beste horrenbeste aldiz berdinketa adierazi du markagailuak. Gainontzeko lehia guztietan txuri-urdinak gailendu dira, beti ere joko erakargarri bat eginez. Horregatik, hain zuzen, inoizko derbi interesgarriena izan daiteke igande honetakoa.
Zubietak ez du inoiz Athleticen porrotik ikusi eta lau alditan berdinketa batekin konformatu behar izan zuten bi taldeek. Beste norgehiagoka guztietan Athletic izan da garaile eta dinamika hori apurtzeko une egokia izan daiteke jardunaldi hau. Hala, sasoi historiko honen kapitulu historikoa idatziko luke Realak.
Aurpegi ezagunen itzulera
Argazkia: @Athletic_Fem |
Estatistikak estatistika —Ligan jokatu diren 24 partidutik 17 irabazi ditu Athleticek- faktore askok leku hartzen dute zelaian. Neurketaren hasierak gidoiaren ibilbidea marraztu dezake, beraz biak ala biak kontu handiarekin zelairatuko dira. Urduritasuna leku guztietan egongo bada ere, jokalari batzuk tximeleta gehiago izango dituzte sabelean. Manuela Lareo eta Izaskun Leoz txuri-urdinak kasu, edo Maite Lizaso eta Ainhoa Moraza zuri-gorriak (Irene Paredesek ezin izango du jokatu belauneko lesioa medio).
Morazak aurreneko aldiz jokatuko du Athleticeko elastikoarekin Zubietan eta zarauztarraren bigarren bisitaldia izango da. Lareo eta Leozek, aldiz, zelai gipuzkoarrean lehen aldiz beraien talde ohia izango dute arerio.
0 comentarios: