Ofizialtasuna eta berdintasunaren aldarrikapena bihar Garmendipen

15:30 Ane Urkiri Ansola 0 Comments


Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren bidean bihar, larunbata, geltoki berri bat daukagu. Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian Euskal Selekzioa eta EIRE egongo dira aurrez aurre, eta betiko aldarrikapenaz gain emakumearen futbolaren (baita kirola orokorrean ere) aldarri ere izan daiteke. Arratsaldeko seietan emango zaio hasiera errebindikazio honi.

Argazkia: Jon Urbe/Argazki Press
Nazioarteko neurketetan ibilbide motza eduki dute euskaldunek, eta motza izateaz gain orain dela sei urte jokatu zen Federazioak antolatu zuen azkena, 20 urte azpiko Txileren aurka, hain zuzen ere. Beste bi partidak argentinarren aurka izan ziren, bata Irunen 2006an eta bestea Buenos Airesen 2007an. Federaziotik at, ordea, orain dela bi urte Anoeta futbol zelaian emakumezkoen futbola ikusgai izan zen; Euskal Herriko Selekzioa eta Eslovakiaren arteko lehia ikusteko aukera izan genuen Euskal Herria Kirola erakundearen eskutik. 10.000 zale inguru gerturatu ziren egun horretan (2012ko ekainaren 23an) emakumeen futbolaz gozatzera, eta era berean ofizialtasuna aldarrikatzera. Bihar eszenatokia eta aurkaria aldatzen badira ere Garmendipe futbol zelaia jendez betetzea espero da.

Aurkariak ere erakarpen puntu bat badauka. Nazioartean, nola ez, ibilbide luzeagoa egin baitu. Hori dela eta FIFA ranking-ean 30. postuan dira irlandarrak. Orain bertan 2015ean Kanadan ospatuko den Munduko Kopan egoteko lehiatzen ari dira; sailkapen fasea ari dira jokatzen eta bere multzoan Alemania, Errusia, Eslovakia, Eslovenia eta Kroazia aurkitzen dira eta EIRE hirugarren postuan dago. Alemaniarrak daude lidertzan, eta irlandarrak bigarren postua lortzeko borroka horretan daude; izan ere, lehena zuzenean sailkatzen da Munduko Koparako eta bigarren sailkatuek beste fase bat jokatzeko aukera izango lukete (play-offak), beste guztiek ez. Bigarren postu hori, ordea, zertxobait aldendu da asteazkenean errusiarren aurka (bigarren sailkatua) galdutako partidaren ondorioz (1-3). Oraingoz, bost partidutik EIREk 7 puntu batu ditu fase honetan; bi garaipen, berdinketa bat eta bi porrot. Eta garaipenak baino, Alemaniaren aurka pairatutako porrota da nabarmendu behar dena. Irlandan bertan azken minutuan eskuratu baitzuen garaipena Neid-ek zuzendutako talde indartsuak (2-3), eta etxekoek itxura ona eskaini zuten. Sue Ronan-ek nahikoa aldaketa egin ditu deialdian, ez dira egongo Garmendipen Emma Byrne (Arsenal), Megan Campbell (Florida State) edo Fiona O’Sullivan (SC Freiburg), esaterako; bai ordea, Niamh Fahey (Arsenal). Bestalde, 19 urte azpiko selekzioan aritzen diren jokalari batzuk ere deitu ditu biharko partidarako.

Atzo heldu zen Euskal Herrira Sue Ronan-ek entrenaturiko taldea, eta badirudi gogotsu heldu zirela. Gaur eta bihar artean hiru lan-saio egingo dituzte; gaur (ostirala) goizean egin dute lehenengoa Lezaman, arratsaldean Zamudion eta bihar (larunbata) goizean Lezaman. Euskal Selekzioa ere jada batu da eta gaur arratsaldean Lezaman egingo du lehenengo entrenamendua eta bihar goizean azkenekoa. Beraz, puntu-puntuan helduko dira bi taldeak. Jokalari guztiek erakutsi dute ilusioa, baina Eguzkiñe Peñaren ilusioa ezberdina eta are handiagoa da. Euskal Selekzioaren deia lehen aldiz iritsi zaio eta jada nahiko ezaguna zaion eszenatokian jokatuko du. Azpeitiarra bera, 2010. urtean Lagun Onak-etik talde txuri urdinera salto egin zuen aurrelaria dugu Eguzkiñe. Gainera, aipatu behar da egun hauetan Sergio Ribera eta Jose Alvarez entrenatzaileen deialdian aldaketa bat egon dela. Joana Flaviano zerrendatik jauzi da lesio bat dela medio, eta bere ordez Arrate Orueta jokalari zurigorria sartu da.

Jokalariak puntu-puntuan eta zaleak ere halaxe heltzea espero da. Ofizialtasuna aldarri, eta emakumeen futbolarentzat mugarria izan daitekeen neurketaz disfrutatzeko. Partida hasi baino minutu batzuk lehenago Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio bertsolariek girotuko dute Garmendipe. Hitzordu garrantzitsu honetarako Garmendipe futbol zelaian eros daitezke sarrerak. Tribunakoak 7€ko balioa dute eta beste guztiek 5€-ren truke eros daitezke. Gaur 18:00etatik 20:00etara, eta bihar 11:00etatik 13:00era eta baita arratsaldeko lau t’erdietatik partida hasi bitartean ere. Bestalde, aipatzekoa da telebistaren presentzia ere izango dela eta ETB1ek zuzenean emango du ofizialtasunaren bidean Azpeitin jokatuko den neurketa hau. 

Euskal Selekzioaren deialdia:
Cristina Cornejo (Real Sociedad), Ane Bergara (Real Sociedad), Sandra Ramajo (Real Sociedad), Maite Lizaso (Real Sociedad), Aintzane Encinas (Real Sociedad), Naiara Beristain (Real Sociedad), Eguzkiñe Peña (Real Sociedad), Ainhoa Tirapu (Athletic Club), Leire Landa (Athletic Club), Irene Paredes (Athletic Club), Iraia Iturregi (Athletic Club), Vanessa Gimbert (Athletic Club), Arrate Orueta (Athletic Club), Eli Ibarra (Athletic Club), Nekane Diez (Athletic Club), Erika Vázquez (Athletic Club), Maria Diaz Cirauqui (Transportes Alcaine), Yulema Corres (Aurrera de Vitoria).

Irlandako Errepublikaren deialdia: 
Eve Badana (Drexel University), Grace Moloney (Reading), Yvonne Tracy (Unattached), Karen Duggan (Peamount United), Ciara McCormack (Unattached), Savannah McCarthy (Listowel Celtic), Lauren Dwyer (Wexford Youths), Keeva Keenan (Shelbourne), Niamh Fahey (Arsenal), Julie-Ann Russell (Peamount United), Aine O'Gorman (Peamount United), Emma Hansberry (Castlebar Celtic), Aileen Gilroy (Castlebar Celtic), Rachel Graham (Raheny United), Emma Beckett (Watford), Sarah Rowe (Castlebar Celtic), Stephanie Roche (Peamount United), Noelle Murray (Raheny United), Lillie Fenlon-Billson (Millwall), Megan Connolly (College Corinthians)




0 comentarios: